Iñaki Odriozola eta Juan Aguirre, X. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Sarien irabazle
2013-01-21 13:00 KultureaIñaki Odriozolaren Azken ordua eta Juan Aguirreren Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!) dira X. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Saridunak. Sari banaketea astelehen arrastian egin eben, Bilboko Plaza Barriko Café Bar Bilbaon bertan. Mikel Martinez antzerkigile eta lehiaketearen sustatzaileak banatu zituan sariak.
Iñaki Odriozolaren Azken ordua eta Juan Aguirreren Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!) dira X. Café Bar Bilbao Teatro Laburreko Saridunak. Sari banaketea astelehen arrastian egin eben, Bilboko Plaza Barriko Café Bar Bilbaon bertan. Mikel Martinez antzerkigile eta lehiaketearen sustatzaileak banatu zituan sariak.
Euskerazko testu irabazlearen egile Iñaki Odriozola irakasleak 1.400 euro jaso ditu, eta gaztelaniazkoaren sortzaile Juan Aguirrek kazetariak, 1.200 euro. Bai Azken ordua bai Juan Aguirreren Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!) gidoiak irakurgai dagoz www.bilbaocafebar.com webgunean.
Odriozola eta Aguirreren lanen irakurketa dramatizaua egingo dabela aurreratu dabe sariketearen antolatzaileek. Hitzordua, hain zuzen be, urtarrilaren 31n izango da, Bilboko Bidebarrieta liburutegian, 19:30etan. Patxo Telleria, Jokin Oregi, Ana Pikaza eta Mikel Martinez aktoreek irakurriko ditue testiak, laurak dira Tartean teatroa antzerki konpainiako kideak. Egileek eurek be parte hartuko dabe saioan.
Iñaki Odriozola Sustaeta 1961ean jaio zan, Elgoibarren. Filosofiako irakaslea da jaioterrian bertan. Gaztetatik idatzi izan dau, eta antzerkiagaz aspalditik dauka lotura. Ekekei antzerki taldea sortu eban, beste antzerkizale batzuekaz. Talde horretan antzerkigintza herrikoia, kale gorriko antzerkia, egiten ibili zan, 2001. urtera arte. Azkenaldian, idazle eskolako graduondokoa egiten ibili da. Hainbat ipuin, alkarrizketa eta narrazino idatzi ditu, eta irakurgai dagoz idazten.com gunean.
Azken ordua bakarrizketa dramatikoa da, eta idazleak berak dinoenez, kutsu shakespearianoa dauka. Errege bat da protagonista bakarra. Erregea gazteluan dago zain, bera hiltera datorren semearen zain, hain zuzen be. Antzezlanak erregeak dituan hausnarketak eta gomutak azaltzen ditu. Bizitzearen oinarrizko kontraesanei buruzko gogoetea egiten dau protagonisteak: bizitzea/heriotzea, maitasuna/gorrotoa, poderea/menpekotasuna, aitaren irudi anbibalentea. Gaur egungo gizabanakoaren pentsaeratik urrunduz, giza taldearen ikuspuntu ez personalistea lantzen ahalegindu dala autortu dau egileak.
Juan Aguirre Sorondo donostiarra da, 1962. urtean jaioa. Euskal kultur gaietan espezializautako kazetaria. Makina bat komunikabidetan da kolaboratzaile: Diario Vasco, Radio Euskadi… Hainbat dibulgazino liburu kaleratu ditu eta gidoigile lanetan ibili da ikus-entzunezko produkzinoetan. Hamar antzezlan idatzi eta estreinau ditu. Herri antzerkia, batez be, Euskal Herriko bazter, personaia eta istorioetan oinarritutakoak. Honezaz gan, antzerkiaren historiari buruzko hainbat saio idatzi ditu, berbarako, El Teatro Independiente en Vasconia, 1969-1984.
Pienso, pero no existo (¡Y qué se le va a hacer!) komedia ilustraua da, personaia biren arteko topaketa alegiazko da, baina ez ezinezkoa dau ardatz. Alde batetik, Joseph-Ignace Guillotin, medikua, humanista eta politikoa, gillotinari izena emon eutsona dago, eta bestetik Charles-Henry Sanson, Frantziako Iraultzako borrerua, hiltera dedikautako funzionario leinu luze baten oinordekoa. Gaur egun nekez ulertzen badogu be, sasoi haretan gillotinea aurrerapen zientifiko lez hartu eben, Askatasuna, Bardintasuna eta Anaitasunean oinarritutako Estadu errepublikar barriaren ikurra, hain zuen be. Ganera, borreru lanari duintasuna emon eutson. Antzezlanaren egilearen arabera lan labur honek esan nahi dau Arrazoia lotara ez doanean eta gaupasa egiten dauenean munstroak sortzen dituala. Eta begira zer bildurgarria izan daitekeen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!