Alex Txikon: 'Base-saltuak eta mendia ondo buztartzen dira'

Koldo Isusi Zuazo 2013-01-21 10:46   Barriketan
Mendizalea

Alex Txikon lemoarra perejila da, pasinoa, indarra eta ilusinoa dira Alexen ezaugarri, geldi egoten ez dakian horreetakoa da, bardin dabil goi mendietan, munduko 14 zortzimilakoetatik 9 zapaldu ditu, zein aizkoran eta base-saltuak egiten, oraintsu Espainiako errekorra ezarri dau base-saltuan, Sierra Nevadan 3.200 metroko altueratik saltu egin ostean.

Letrok irakurten dozuezenerako Laila Peak (6.096 m.) mendira bidean izango dogu Jose Fernandez, Ramon Portilla, Juanjo San Sebastian eta Sebastian Alvarogaz batera eta ezustekorik ezean, hilaren 25ean egingo dabe tontorrerako ahalegina, historian lehenengoa neguan.


1.- Gasherbrumen ostean, barriro neguan zoaz Karakorumera, oraingoan Laila Peakera (6.096 m.). Zergaitik?

Orain dala hiru bat hilebete Ramon Portillagaz bat egin neban Riglosen eskaletan genbilzala eta berak komentau eustan lau aldiz egon dala Laila Peaken eta gustauko litxakiola neguan ahalegintxua egitea. Hori zapatu batean izan zan afaltzen gengozan bitartean, eta domekan baieztatu neutsan prest nengoala joateko. Orduantxe hasi ginan dana preparetan eta azkenean talde polita osotu dogula pentsetan dot eta esperantza eta ilusino guztiagaz noa Jose Manuel Fernandez, Ramon Portilla, Juanjo San Sebastian eta Sebastian Alvarogaz.

Espedizinoa sano da interesgarria niretzako batetik, neguan dalako eta, bestetik, kriston mendi ederra, ikusgarria dalako, zailtasun tekniko handiak dituana; Pakistango urdu hizkuntzan ederra da Laila. Azken aldion horixe da nire estiloa, alpinismo komertziala baztertzea, espedizinoa osotzen dogun lagunok mendia ulertzeko antzeko jarrerea daukagu eta danon begiradapean dagozan izen handiko mendiei baino gehiago zailtasun teknikoei zein mendiaren beste ezaugarri batzuei erreparetan deutsegu. Dana dala, handiak be ez dodaz baztertzen, geroago erronken ganean galdetzen deustazunean kontauko deutsut.


2.- Laila Peaken zailtasun teknikoen erakusgarri tontorra bi aldiz baino ez da izan zapaldua eta Ramon Portillak berak lau saiakera egin eta ez dau lortu tontorra zapaltzea...

Bai. Holan da, birritan baino ez dabe zapaldu mendi horren tontorra eta Ramon Portillak be lau aldiz saiakerea egin arren, ez dau lortu; horrek adierazoten deusku ze mendi gogorra dan. Sei mila metroko mendia izan arren, zailtasun teknikoak baditu eta neguan joakeran gatxagoa izango da tontorrera heltzea. Orain momentuan tontorrean zero azpitik 40 bat gradu egongo dira eta hori ez da bromea. Han parajean neguan ez da egoten prezipitazinorik baina haize bolada gogorrak egoten dira sarri eta topauko dogun izotza oso gogorra izango da. Mendiaren azkenengo zatian desnibela oso handia da eta holako izotzagaz badakigu kosta egingo jakula.


3.- Mendizale beteranoak eta gazteak zoazie Laila Peakera. Zeintzuk zarie espedizinokideak? Danak zoazie tontorra zapaltzeko amesagaz?

Bai, Jose Manuel Fernandez, Ramon Portilla, Juanjo San Sebastian, Sebastian Alvaro eta neu gara. Beteranoak dira Juanjo, Sebastian eta Ramon baina esperientzia handikoak, Al filo de lo imposiblen hasi nintzan eurekaz; Jose M. Fernandez eta neu gazteagoak bai baina mendietan ibilitakoak gara... talde polita osotu dogula pentsetan dot, orekatua.

Tontorra danok zapalduko ete dogun ezin esan hemendik. Sebastianek esan deust 5.400 metro inguruko lepo batera heldu gura dauela baina norberaren asmoen ganean ez dago ezer zehaztuta eta mendiak berak egiten dau selekzinoa. Han bertan ikusiko dogu zelan dagozan mendia eta baldintza klimatikoak eta orduantxe hartuko doguz erabagiak.


4.- Igoerea zelan planteauko dozue? Tontorrerako ahalegina noiz egitea aurreikusten dozue?

Ez da espedizino luze horreetakoa izango. Mendiaren behe aldera nahikoa erraz heltzeko modua dago eta, beraz, gauzak ondo badoaz, ezustekorik ez badago, hilaren 24 edo 25erako Kanpamentu Nagusia montau gura neuke 4.000 metro inguruan; lehenengo kanpamentua 4.660 metroko altueran eta bigarrena, barriz, 5.400 metro inguruan. Gero gerokoak. Mendiak bakotxa bere lekuan jarten dau eta han ikusiko dogu indarrez eta animo aldetik zelan gagozan. Bigarren kanpamentu horretatik estilo alpinoan igoteko amesa daukagu, ezelako soka finkorik barik eta, beraz, oso lan nekosoa eta gogorra izango da. Baina ez dago ezer aurreratzerik, negua oso gogorra da eta baldintzak klimatikoek hankaz gora jarri leikie dana. Hori bai, ilusino handiagaz gagoz, animoso eta jarrera hori ezinbestekoa da holako abenturatan.

Gauzak ondo badoaz, tontorrerako ahalegina zezeilaren 10etik aurrera egitea da asmoa, 12, 13, 14 edo 15ean. Etxerako bueltea, barriz, zezeilaren 22 edo 23rako aurreikusi dogu.


5.- Igaz Gasherbrumen, neguko espedizinoan hiru lagun galdu ostean, zelan zagoz animo aldetik?

Momentu txarrak pasau dodaz joan dan urtean, orain dala lau bat hilebete nahiko baju nengoan, buruari buelta asko emon deutsadaz eta hausnarketa sakonak egin dodaz eta badakit beti gogoan izango dodazala galdutako lagunak baina 2012aren amaieratik nire betiko txispa hori berreskuratu dodala uste dot, gogotsu nago, animo aldetik ondo, ilusino handiagaz, talde polita osotu dogulako eta helburu interesgarria daukagulako. Mendira neguan buelteteak ondo egingo deustala pentsetan dot.


6.- Estadu espainiarrean altuera handienetik egindako base-saltuan errekorra ezarri zenduan oraintsu Dario Barrio eta Patrick Gisasolagaz batera 3.200 metroko altueratik Sierra Nevadako Veleta mendiaren inguruetan saltuan egin ostean. Zelan buztartzen dira mendia eta base-saltua? Zergaitik egiten jatzu hain erakargarria base-saltua?

Nik uste dot ondo buztartzen dirala eta niretzako sano positiboa izan da base-saltoak egitea gero mendian hartu behar izaten diran erabagiak hartzeko; norberaren bizia jokoan dagoanean hartu behar diran erabagi horreek noiz eta zelan hartzeko asko balio izan deust base-saltuak. Amiltegi baten ertzean tente zagozanean gauza asko aztertu behar dira eta saltuan egiteko kapaz izatea ez da zorakeria, ez da antinaturala, momentu horretako sensazinoa asko gustetan jat, bihotz taupadak topera jarten jatzuz, txistua be ezin dozu iruntsi. Saltu bakotxa desbardina da. Baina engantxau egiten dau eta saltu bat egin ostean beste bat egiteko gogoa daukazu. Saltuak egiten hasi nazenetik inoiz baino biziago sentiduten naz.


7.- Laila Peaken tontorretik saltu egitea plan polita izan daiteke...

Bueno, ez dot aukera hori baztertzen, ekipo berezia badaroat eta tontorretik ez baina egia esan badago aukeraren bat edo beste. Hori bai, Espainiako errekorra ezarri dogu oraintsu 3.200 metroko altueratik saltu egin ostean eta orain urte batzuk Himalaian, Shivling mendian, 6.400 bat metroko altueratik salto egin eban Valery Rozov errusiarrak. Kontuak kontu, 5.000 metrotik edo hortik gorako altueratik egindako saltu gitxi dago eta dokumentazinoa be eskasa da.

Laila Peaketik saltu egitea ez da helburua baina aukerea badago egingo dot. Baina ez da erraza izango ze atzemon dogun lekutik saltu egin eta lur hartzeko ingurua nahikoa basatia eta isolatua da, ikusiko dogu.


8.- www.alextxikon.com webgunea aurkeztu zenduan prentsaurrean Laila Peak espedizinoagaz batera. Zer eskainiko dozu webgunean?

Euskerea eta teknologia barriak buztartuz, euskereagazko konpromisoa adierazoz, nire abentura, espedizino eta gorabeherak jarraitzeko tresna izango da. Ataletako bat bloga da eta hor saiatuko gara kanpoan gagozanean gure ibilerak azaltzen. Argi eta zehatz diseinauta dago, informazinoa erraz eskuratzen da eta gaztelaniaz, euskeraz eta inglesez irakurteko aukerea dago.


9.- Mendiaren alde erromantikoa aurretik jarrita, base-saltuak egiten hasi zara, webgunea aurkeztu dozu... Zure bizitzako fase barri baten aurrean zagoz?

Bai. Aldaketa garaian gagoz, krisi ekonomiko gogorraren aurrean ez dago argi nondik nora joko dogun, ze baliabide eukiko doguzan proiektuetarako baina 31 urte daukadaz, esperientzia asko eta sano aberasgarriak bizi izan dodaz, oso indartsu sentiduten naz altueran eta erronka gogorrak planteau eta aurrera eroateko prest nago. Apurka-apurka joango gara baina aurrerantzean zer egin nahi dodan nahikoa argi daukat.


10.- Laila Peakera neguko espedizinoa hasi barri, buruan ze espedizino daukazu bueltaka?

Lehen be esan deutsut Laila Peakena espedizino laburra izango dala, izan be, zezeilaren amaierarako etxean eegon gura geunke. Hortik aurrera, gauza asko dagoz, udabarrian, oraindino tontorra zehaztu barik daukagun arren, Jose Carlos Tamayo eta Juanra Madariaga ta hirurok Nepalera joateko esperantzea daukagu. Gero, udan edo Pakistanen gogoa daukat K2ra saiakerea egiteko baina ikusi egin beharko da datorren urtea be zelan datorren. Pausuz pausu joango gara eta ia ezustekorik ez dagoan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu