Guggenheim Bilbao Museoak 'Historiaren istorioak' erakusketea inaugurauko dau urtarrilaren 22an
2013-01-18 10:22 KultureaLan nagusi bi aurrez aurre jarri dira: bata Cy Twombly-rena eta bestea Georg Baselitz-ena. Bi lanotan egileek bizitako istorioak txertatu ditue, eta, era berean, personaia historiko jakin batzuen nondik norakoak barriro aztertu ditue keinuz betetako arte-lengoaia erabiliz; halan da be, ez jakez espresionismoei lotzen.
Guggenheim Bilbao Museoak Historiaren istorioak erakusketea inaugurauko dau urtarrilaren 22an, eta maiatzaren 19ra bitartean izango dau ikusgai. Guggenheim Bilbao Bildumako lanek osotzen dabe erakusketa barri hau, museoko iturriek jakinarazo dabenez.
Aurkezpen honetan, lan nagusi bi aurrez aurre jarri dira: bata Cy Twombly-rena eta bestea Georg Baselitz-ena. Bi lanotan egileek bizitako istorioak txertatu ditue, eta, era berean, personaia historiko jakin batzuen nondik norakoak barriro aztertu ditue keinuz betetako arte-lengoaia erabiliz; halan da be, ez jakez espresionismoei lotzen. Gainera, aztertutako historiaren aldiak bata bestetik oso urrun dagoz.
Twombly-ren zein Baselitz-en lan egiteko modua artista garaikide jakin batzuek gertakizun historikoetatik abiatuta erabilitakotik aldentzen da, irudi bihurtzen dabelako azken aldiko gauzen mundua. Era berean, Ernst van Alphen-ek historiografia barria kontzeptua erabili dau artista horreen joera bat izentetako, hain zuzen be, honakoa: historiaren eta iraganaren gaineko lanak egiteko orduan, oinordetzan jasotako errealidadea postprodukzio ariketa baten bidez eraldatzen dabe, eta beraz, historialariak dira, Walter Benjamin-ek emondako adieran, bederen.
Halan da be, Twobly-k eta Baselitz-ek ez dabe holakorik egiten, ez dabe historia bereganatzen errealidadea beste ikuspegi batetik edota beste modu batean agertzeko, eta ez ditue gertakizun historikoak berrinterpretetan. Jazoera historikoetan oinarritutako istorioak egiten ditue, eta horreek artistearen ikuspuntutik kontetan. Alabaina, zirikatzaileak dira artearen alorrean, ez politikarenean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!