Itziar Zeberio: 'Gazteak Fas zineklubera erakartea da gure erronkea'
2013-01-14 11:24 BarriketanBilboko Fas zineklubak 60 urte beteko ditu aurton. 1953. urtetik, martitzenero-martitzenero, pelikula bat eskaintzen da, eta ostean barriketaldia. Bilbon estreinaldirik ez daben pelikulak proiektetan ditue, aspaldiko lan aitzindariak ahaztu barik. Euskal Herriko zineklubik zaharrena da, Estadu espainiarrekoa bere bai, eta Europan be ez dago asko gehiagorik.
Gaur egun 150 bazkide ditu alkarteak, eta astero 300 bat lagun batzen ditue El Carmen aretoan zinemearen inguruan. 60. urteurrena zinema gehiago eskainiz ospatuko dabe, saio bereziak eta konbidadu ezagunekaz. Itziar Zeberio bazkide beteranoak beste makina bat gauza kontau deuskuz.
1.- Fas zinekluba Euskal Herriko zaharrena da, eta Europan martxan dagoan zaharrenetakoa. Zein ete da sekretua?
Zinemea maite dauen jente asko dago Fas zineklubean. Lan handia egin dabe zineklubari eusteko. Gauzak gogoz egiten diranean aurrera egiten dabela uste dot. 60 urtean behin be ezta eten programazinoa, martitzenero pelikulea proiektau da. 1981eko zezeilaren 23a martitzena zan, Tejerok Estadu kolpea emon ebanean; ba, orduan be proiekzinoa egon zan, New York, New York musikala, hain zuzen be. Ez zan pelikularen osteko barriketaldirik egin, baina saioa, bai.
2.- Aretoetan estreinau bako pelikulak, zinema independentea, lan ez komerzialak proiektetan dozuez. Ez ete dira pelikula gatxegiak?
Gauza bat da ez izatea Hollywooden egindako pelikulea, eta beste bat pelikula gatxa izatea. Beste ikuspuntu batzuk jorratzen ditue, beste estetika batzuk... baina izan daitekez komediak, dramak, danetarik egoten da. Herrialde gitxi batzuetakoetako beharrak baino, hainbat lekutako lanak ekarten ahalegintzen gara. Film asko ez dira aretoetara ailegetan banaketa arazoakaitik, horreek aukera gitxi daukiez ezagun egiteko. Eta areto komerzialetara heldu arren, askok oso denpora gitxi egiten dabe karteldegian. Zinemea gustetan jakon jenteak asko eskertzen dau holako eskaintzea izatea, eta aukerea aprobetxau egiten dau.
Fas zineklubeko saioak benetan be aukera ona dira gauza desbardinak ikusteko, buruari eragiteko. Edonor etorri daiteke, danentzako da interesgarria. Ganera, pelikula osteko eztaibaidak oso interesgarriak izaten dira.
3.- Izan be, pelikulen osteko barriketaldiak Fasen bereizgarri dira. Zinemeri buruz ikasteko aukera ederra, ezta?
Pelikulea, egilea eta beste hainbat konturen ganean berba egiteko aukera polita izaten da. Alde teknikoa lantzen da, esangurea, eta bitxikeriak bere bai. Gauza asko ikasten dira. Jenteak bere eretxia emoten dau, eztabaidatu egiten dogu. Eta batzuetan saltsa apur bat be egoten da, danok be ez daukagu eretxi bera eta! Saio batzuetan konbidaduak egoten dira, lana bera edo zuzendarieren ganean aditua dana. Zinemearen ganeko holako barriketaldi gitxi egiten dira, berbaldiak bai, baina ez guk egiten doguzan modukoak.
4.- Daborduko hasi zarie 60. urteurrena ospatzen, ezta?
Programazino berezia prestau dogu, mimo handiz. Joan dan astean hasi ginan; urtarrilaren 8an egin genduan inaugurazino ekitaldia. Harold Llloyden Safety last! 1923ko pelikulea ikusi genduan eta Ander Mendiaren Beerburg film laburra, aurten estreinautakoa. Safety last!, esaterako, nik pantaila handian ikusi barik neukan, eta asko gustau jatan. Aukera polita izan zan. Michael Hanekeren Amour jatorrizko bersinoan estreinau genduan Alondigako Golem aretoetan, eguenean.
1953an sortu zan Fas, urte horretan estreinautako pelikulak proiektauko doguz. Martiaren 5ean, esaterako, Yasujiro Ozu japoniarraren Tokyo monogatari lana egongo da ikusgai. Euskal Herriko egile gazteen film laburrak be erakutsiko doguz, euskal film laburren hedapenean lagundu gura dogu eta. Horreetako bat da lehen aitatutako Beerburg, Ander Mendiarena.
Fasek Bilboko zinemaldi eta zinemearen inguruko bestelako ekimenetan parte hartzen dau urtero. Aurten, urteurrena dala eta, kolaborazino bereziak egingo doguz Zinebi eta Fant jaialdiekaz, berbarako.
5.- David Trueba, Enrique Urbizu, Peter Greenaway... eta beste konbidaduren bat be ekarriko dozue aurten.
Zinemagile ezagunak etorriko dira Bilbora, bai. Urtarrilaren 22an, David Truebak Madrid 1987 aurkeztuko dau. Ostean, Pablo Berger etorriko da Blancanieves lana erakustera; Enrique Urbizuk eta Michel Gaztanbidek No habrá paz para los malvados ekarri deuskue; Asier Altunak, Bertsolari eta abar. Urte amaieran, urteurreneko ekitaldiak ixteko, Peter Greenaway egile britainiarra izango da gurean.
6.- Horreetako batzuk, gaur egun oso ezagunak diran zinemagileak, Faseko kide izan dira, Pablo Berger, Enrique Urbizu, Alex de la Iglesia... Eskola baten antzekoa izan da da Fas eurentzat?
Pedro Olea, Javier Rebollo... badira batzuk, bai. Horrek guztiorrek Fasen hasi ziran, eta Fasegaz emon zituen lehenengo pausuak. Zaletasuna eta ofizioa, zeozelan esatearren, hemen topau zituen. Motibazinoa izatea oso garrantzitsua da.
7.- Gaur egun, Fas pelikulak jatorrizko bersinoan ikusteko aukera bakarra da Bilbon, ezta?
Bakarra ez, baina aukera askorik ez dago. Multi eta Alondiga Golem zinema-aretoetan lantzean behin ipinten dabe pelikularen bat jatorrizko bersinoan, baina gitxi-gitxitan. Alondigan, uda partean, urtean estreinautako lanak jatorrizko bersinoan ikusteko aukerea be izaten da. Nik ez dot besterik ezagutzen, Bilbon behintzat.
8.- Zelan aukeratzen dozuez martitzenetako pelikulak, zer erispide daukazue?
Bazkide guztiek daukie pelikulak aukeratzen diran batzarretara joateko eskubidea. Normalean egitarau orekatua atontzen ahalegintzen dira; herrialde desbardinetako lanak, klasikoren bat, urteurrenak be kontuan hartzen dira, dokumentalak... Europar zinemeari garrantzi handia emoten jako.
9.- Jaialdien eta areto komerzialen artean hutsune handia dago, zinema ez komerziala ikusteko aukera askorik ez dago gure inguruan. Fasek hutsune hori beteten dau?
Fasek Bilbon hutsune bat beteten dauela uste dot. Zinemaldiek lan interesgarriak, barritzaileak eta ausartak ikusteko aukerea emoten deuskue, baina edonork ezin leike astebete Donostiako Zinemaldian emon pelikulak ikusten. Fasek astero ipinten dau film bat ikusgai. Eta prezio aldetik be oso ondo dago, 5 euro balio dau sarrereak. Prezioa ez da atxakia, hori bada arazoa, jakina.
10.- Fas zineklubean prezioa ez da atxakia, beraz.
Merkeago be egin daiteke: 10 saio bonuak 41 euro balio ditu. Eta bazkide egin ezkero (urtean, 80 euro) saio guztiak doban daukazuz. Egunero ez daukagu emonaldirik, baina astean behin bada aukerea. Hile honetan 13 film ikusi daitekez, berbarako. Zinemea ze garestia dan entzuten dan sasoi honeetan prezio ona dauka Fasek, ezta?
Dana dala, bazkideek ez dabe beste barik sarrerak doban jasoten, Fas proiektua babesten dabe, azpiegitureari eusten laguntzen deutse. Badira bazkide batzuk kanpoan bizi diranak, baina kuotea ordaintzen dabenak. Bada oraindino jente erromantiko eta militantea kulturegaz. Hori be nabarmentzekoa da.
11.- Aurrera begira, zein da Fasen erronka handiena?
Jente gaztea erakartea oso garrantzitsua da, hori da gure erronkea. Egile barrien lanak erakutsiko doguz film laburren zikloan, hori sano garrantzitsua da. Jente gaztearentzako abiapuntua izan daiteke Fas, norbere lanak erakusteko eta beste batzuenak ikusteko gunea. Film laburrak jaialdietan besterik ezin dira ikusi, Fasek beste aukera bat eskaintzen dau. Jente gaztea engantxau behar dogu. Ikus-entzunezko eta Arte Eder ikasketak egiten dagozan gazte asko daukaguz, horreek geurera ekartea izango litzateke Fasen erronkea. Zineklubak aukera benetan ona eskaintzen dau alde batetik filmak ikusteko, eta bestetik persona batzuekaz berba egiteko.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!