www.bertso-eskolak.com Bertso-eskola Digitalaren webgunea abian
2013-01-11 15:40 BertsolaritzeaBertsolaritzearen transmisinoan eragiteko helburuagaz Bertsozale Alkarteak, Euskal Herriko Unibersidadeko IXA Taldeagaz batera, www.bertso-eskolak.com webgune barria garatu dau.
Bertsolaritzearen transmisinoan eragiteko helburuagaz Bertsozale Alkarteak, Euskal Herriko Unibersidadeko IXA Taldeagaz batera, www.bertso-eskolak.com webgune barria garatu dau.
Batetik, Bertsotarako Arbel Digitala garatu da IXA Taldeagaz batera, Manex Agirrezabal ikerlariaren lanari esker. Bertsoak idazten laguntzen dauen programea da.
Bestetik, Bertsozale alkarteak garatu eta elikatutako datu-baseei esker, Euskal Herri osoan zehar dagozan bertso-eskolen barri emon eta bertsolaritzearen egoerearen argazkia erakusten daben mapak sortu dira.
Proiektu honen garapenerako Bertsozale Alkartearen Xenpelar Dokumentazino Zentroaren jarduna eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Barrikuntzako, Landa Garapeneko eta Turismoko Departamentuak emondako diru-laguntzinoa ezinbestekoak izan dira.
Webgunean eskaintzen diran mapok bertsolaritzearen transmisinoan, geroratzean, lagundu nahi dabe, Euskal Herri osoan zehar dagozan eragileen esku datu interesgarriak jarriz. Bertsolaritzearen Datu-Basea, bdb.bertsozale.com, dabe oinarri mapok. Erreminta hau bertsolaritzaz gan beste kultur jarduera batzuen argazkiak jaso eta erakusteko be oinarri teknologiko egokia izan daiteke. Bertsozale Alkarteak urte luzez garatutako teknologia kulturgintza mailan interesa izan leikien eragile guztiei eskaini nahi deutse.
www.bertso-eskolak.com-en edukia
- Bertsotarako Arbel Digitala: Bertsoak idazterakoan laguntzinoa eskaintzen dauen programea da, errima bilatzailea eta zuzentzailea, doinutegia, neurri zuzentzailea eta sinonimo bilatzailea eskura jarriz. Bertsoak idatzi, landu edo bertsotan egiten ikasi nahi dauenari zuzendutako tresnea da hau, Euskal Herriko Unibersidadeko IXA ikerkuntza taldeak Bertsozale Alkarteagaz
alkarlanean sortutakoa. Manex Agirrezabal ikerlaria izan da proiektu honen garatzaile nagusia, IXA Taldearen laguntzinoagaz.
- Bertso-eskolen Mapea: Bertso-eskola bat bilatu eta harremanetan jarri nahi dauenarentzat egin da, Euskal Herri osoan zehar dagozan bertso-eskolen barri jasoten dau eta urteroko datuak eguneratzen ditu, bertso-eskola bakotxak azken ikasturtean dituan taldeen ezaugarrien barri emoteko.
- Bertsolaritzearen Mapea: Bertsolaritzea sustatzen dabilzan bertso-eskoletako kideek eta herrietako eragileek erabilteko garatu da, euren herriko edo bailarako egoerearen irakurketak egin ahal izateko, eta non eragin jakiteko. Herriz herri, bertsolaritzearen egoerea zein dan aztertzeko datuak eskaintzen ditu mapa honek: ikastetxeetan bertsolaritzea lantzen dan, bertso-eskolarik badagoan, eta plazako saiorik antolatzen dan. Eta herri bakotxaren fitxan sartuta, Xenpelar Dokumentazino Zentroan batutako datu gehiagogaz osotzen da: herri horretako bertsolari eta eragileen biografiak, azken urteko saio kopurua eta 10 urteotako bilakaerea, antolatutako sariketak eta lehiaketak, jasotako grabazinoak… Etenbarik eguneratzen diran datuak
dira. Horrezaz gan, herriko eragileek bere inguruko datu zehatzagoak eskatzeko aukerea dabe Bertsozale Alkartean bertan.
- Tresnak: Bertsotan dabilzanentzat edo bertsolaritzaz jakin nahi dabenentzat interneten dagozan hainbat baliabide eskura jarri dira: agendea, biografiak, doinutegia, bertso historikoak, bideoak, grabazinoak eskuratzeko aukerak, eta bertsolaritzeari buruzko hainbat azalpen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!