'Astralango' bertso-afaria!

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2013-01-07 11:18   Bertsolaritzea

Antxina barik Julen Erezumagaz berbaldia egin genduan eta kontu batzuen artean Lilibertso ekimena aitatu be bai. Bada, Lilibertsok bertso-afaria, Lilibertso-afaria, organizau eban barikuan Astran. Bertako protagonistak: Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Astra bera.

Antxina barik Julen Erezumagaz berbaldia egin genduan eta kontu batzuen artean Lilibertso ekimena aitatu be bai. Bada, Lilibertsok bertso-afaria, Lilibertso-afaria, organizau eban barikuan Astran. Bertako protagonistak: Etxahun Lekue, Beñat Ugartetxea eta Astra bera.

Astra, eurak dinoen moduan eta izan be holantxe da, kulturarako fabrika soziala da. Gernikan aspalditik behar handia egin dabe kultureak danentzako lekua euki dagian eta emoitzea ikustea baino ez dago. Kanpotik urte luzeetako itxurea gorde dau, ikutu modernoagaz, baina ondoen gordetan dauena barruan topau leikena da: bardin gazteria edo edadeko jentea kultureari lekua egiten.

Txapelketearen ostean deskantsua hartzeko gogoa neukala esan neutsuen aurreko artikulan eta, halanda be, urtea hasi eta segiduan bertsoak entzuten nengoan: ondo gustura, ganera! Ahaztu barik, bertso-afariko menua: ensaladea, arroza, eta gaztaia eta intxaurrak. Afaria eta bertsoak bost euroan. Txarto ez dago, ezta?

21:30 inguruan hurreratu ginan bertara eta sei mahai luzanga ikusi nituan. 120 lagun batu ginan eta ederto afaldu ostean, Jose Angel Monasterio kozineruari bere laguntzea eskertu gura izan jakon, aurrezdik errepartidu jakuzan kopla bi kantauaz:

Pedro Bixente,
Bixente Pedro,
sastarra harrapatzen da
edan ezkero.

Ai gure Jose Angel
esan ta agertu,
lagun ona beti dau
laguntzeko gertu.

23:30erako edo Beñat eta Etxahun eszenatokian egozan. Bertan, jarleku more bitan ezarri ziran, eta tragua eta mahai txiki bat lagun, bertsotan librean hasi ziran. Eurakandik hur eta zuhur, Lilibertsoko jentea.

(Hurrengo bertsoen audio guztiak artikuluaren eskoialdean daukazuez)

Librean ibilieran, Xabier Enbeitak, berbarako, galantak entzun behar izan zituan. Xabier solteru dagoala eta, Etxahunek: Behintzat bakarrik ez da bizi ez / katu bategaz bizi da kantau eutsan. Beñaten erantzuna hurrengoa:

Zazpi bizidun katu batekin
konpartitzen du bizitza,
ta honezkero bost bat kenduta...
erretiratzen dut hitza.
Bizar da guzti dotorea du,
berak mutilen baldintza.
Furgoneta ta etxea ditu:
kauen zotz, neska banintza!

Xabier bera izan zan bertsolariak librekoa akabauta gai-jartzaile beharrak egin zituana. Imaginau bikote moduan lehenengo zitea dala: jesarleku moreak, fokoa, mahaitxua... gaiari ederto ekin eutsan Beñatek. Geldiro-geldiro eta lotsatu plantak eginaz josi eban bertsoa eta jenteak, normala, barreka errementau egin eban.

Kaixo, arratsalde on,
Etxahun laztana.
Ez dakit nola egin
lehenengo plana.
Gustatu egin zitzaidan
han gertatu zana,
baina egunez, noski,
aldatzen da dana...
ez dakit nola esan
esan nahi dudana.

Beñaten umorea eta Etxahunen bertsokera arteza nahaste ederra izan ziran. Bertso-afaria izanda, handienak botaten dira eta gaia bera be uxatu egiten da sarritan. Hurrengo bertsoan ikusiko dozue Etxahunek ze ondo dakarren gaia bere lekura: izan be, Beñatek, gura ez dala, tabernatik kotxe batera eroan eban bien arteko zitea. Txaloak eta barreak ugari hementxe be:

Ia, ia, laguna,
kokatu gaitezen,
eta jokatu daigun
ahal dala zuzen.
Nire ustetan taberna
batean gengozen,
ta zu kotxean zagoz,
dinozunez ozen...
eztait zita berean
gu ete gagozen!

Sano bertsozaleak zarienok jakingo dozue Beñatek bertsolari arloa imitetan dituana. Barikuan be, Etxahunek ederto lagunduta, Astra hankaz gora ipini eban: Patxi Etxeberria, Mañukorta, Lazkao Txiki eta, zelan ez, Jon Lopategiren imitazinoakaz.

Etxahunek: Hor datorrena ezagutzen dot, bai dinotsuet benetan / ume nintzela ikusten neban, marrazki bizidunetan. Beñat Lazkao Txikiren erantzuna, ederra: Hainbeste urte zeruan nengon, ta badut nahiko hutsune / nik gaur ikusten zaitut lelengoz, nola bizi zera ume?

Etxahun Jon Lopategik 1989ko finalean ibili eban doinuagaz hasi zan: Ez dakit doinua ondo, putada edarra / ta justo agertu da, neure maisu zaharra... Beñat Jon Lopategik boz fuerte eta sakonagaz hurrengoa: Nahiz oin neu nagoen, zaharra, ahula / ikasi dut zuk asko, ikasi duzula. Bigarren bertsoak osorik ipiniko deutsuedaz, kategorikoak:

Etxahun

Ohore handia da
hori entzutea.
Zuri kasu eiteko
dot borondatea,
baina azken aldian,
a ze desastrea!
Dana da bertso txarra,
dana hanka sartzea!
Gura nebanean zuk
txapela janztea.

Beñat

Neuk ere hartu nuen
bai pena itzela!
uste nuen txapeldun
izango zinela...
ta irten Galdakaoko
ganbelu mingela!
Hala ere, jarraitu
ezazu horrela:
hanka sartzerakoan
zuk janzten txapela.

Gustura egon nintzan Astran barikuan eta oindino gusturago eskribidu dot gaurko artikulua. Bertso-afarian grabagailuagaz egon zan azkonar bakarra neu izango nintzan, baina merezi izan dauelakoan... Urte barri on danori!

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu