Kirmen Uribe: 'Aitatasunak eragin handia dauka liburuan'
2013-01-04 14:57 BarriketanKirmen Uribe (Ondarroa, 1970) Euskal Filologian lizentziaduna da eta aspalditik dabil sortzen, idazten zein musikea eta literaturea buztartzen. Lehenengo literatur sari handia insumiso izateagaitik kartzelan egoala jaso eban 1995an, Becerro de Bengoa Saria, hain zuzen, Jon Elordigaz batera moldatutako Lizardi eta erotismoa lanagaitik.
2001ean, Bitartean heldu eskutik poema liburua idatzi eban eta 2009an, barriz, urtebete lehenago idatzitako Bilbao-New York-Bilbao nobeleagaz Kritika Saria eta Espainiako Narratiba Sari Nazionala irabazi zituan. Ordutik lau urte behar izan ditu bigarren nobelea dauen Mussche argitaratzeko. Bizitzan izandako gorabeherek suspertuta, Californiako Sausaliton egindako pare bat hilebeteko egonaldian idatzitako nobelea.
Horrezaz gan, idazle bizkaitarrak argitaratuak ditu, besteak beste, Portukoplak zein haur eta gazte-literaturako sei bat erreferentzia eta Bar Puerto eta Zaharregia, txikiegia agian lako egitasmoak.
1.- Oraintsu jakin dogu Bilbao-New York-Bilbao eleberria igaz japonierara itzulitako hiru liburu onenen artean hautatu dauela Mainichi egunkariak. Nami Kanekok egin dau itzulpena euskeratik zuzenean eta Hakusui Sha argitaletxean ikusi eban argia liburuak pasa dan urrian. Itsasoari lotutako kultureak batzen gaitu baina deigarria da arrakasta hori munduaren beste muturrean...
Bai, deigarria eta pozgarria da. Batez be lanaren originaltasuna azpimarratu dabe eta nik uste dot eskertzen dabela munduari zabalik dagoan herri txiki batetik idatzitako lana dala eta oso modu barritzaileen idatzitako nobelea dala; horixe da azpimarratu gura izan dabena, herri txiki bat, hizkuntza txiki bat, munduari begira dagoana. Ganerakoan, itsasoagazko lotura horren harian, itzultzaileak askotan esaten eustan itsasoari buruzko orrialdeak irakurrita bere herria ekarten eutsiela gogora, arrantzaleak, ezbehar naturalen ondorioz kili-kolo geratu zan arrantza sektorea... Liburu honetan euren burua ikusi dabe.
2.- Joandako zemendiaren 30ean argitaratu eban Susak Mussche eta Durangon salduenetakoa izan zan. 4.000ko tiradeari gitxi falta jakoz amaitzeko, izan be, honezkero 3.792 saldu dira. Ze gogoeta eragiten deutsue datuok?
(Barre-algarea) Benetan zehatza da Gorka (Arrese) editorea... Liburua argitaratu eta hilebetegarrenean 4.000ko tiradea ia-ia agortuta egotea sano pozgarria da. Liburu landua da, lan handia egin dogu Gorkak eta biok; idazketa prozesuaren ganean egon da Gorka, orriz orri irakurten joan da eta bion artean liburu txukuna argitaratu dogula pentsetan dot. Ez da liburu luzea baina indartsua da, gai asko jorratu dodaz eta oso pozik geratu naz.
Bilbao-New York-Bilbao nire lehenengo nobelearen ostean, jentea zain egon da, nire hurrengo lanaren zain eta horrek be zeresana izango dau salmentatan. Gero, jakina, ia lau mila liburu ez dira saltzen izenagaitik bakarrik, horrek esan gura dau jentea hasi dala liburua irakurten eta ahoz aho zabaltzen eta alkarri oparitzen hasi dirala.
3.- Robert Mussche idazle flandiarraren bizitza kontau dozu nobelan eta Euskal Herriko historiagaz loturea eginaz, 1937ko maiatzean Santurtziko portutik erbestera abiatu ziran milaka umeetako bat, Karmentxu Cundin, hartzen dau bere Ganteko etxean. Benetako jazoeretan oinarrituta, sekulako dokumentazino lana egingo zenduan idazten hasi aurretik... Prozesu horretan zeozerk harritu zintuan?
Gauza askok harritu nabe. Sormen prozesuaren aurretik edo prozesuan zagozala be bai idazlea beti dago bila eta niri gerrako umeen gauzak etorten jatazan, hainbat ezagutu nituan eta 36ko gerrako ume Paulino izeneko batek esan eustan, idatzi egin behar dozu guri buruzko nobela bat. Baina niri bildurra emoten eustan, liburu paternalistegia ez ete zan geratuko eta halako batean Carmen Mussche ezagutu neban eta berak lagundu eustan ikuspegi desbardin bat emoten, bestearen ikuspegia, jasoten dauenaren ikuspegia, zelako bizimodua izan eben euskal umeak jaso zituen familia horreek, hain zuzen. Horixe da kontau dodana.
4.- Bigarren Mundu Gerran Belgikan, Flandrian, erresistentzian ibilitako eta nazien esku hildako Robert Musscheren historia dakarzu. Baina oinarrian adiskidetasuna, maitasuna, aitatasuna eta heriotzea lako gaiak jorratzen dozuz, Robert Mussche eta Vic Opdebeeck senar-emazteak eta euren alaba Carmen eta Herman Thiery, Roberten lagunmina bitarteko dirala...
Bai. Nobelea nouvelle deitzen dan horreetakoa da, nobela laburra edo, laburregia ez bada be; eta holakoetan personaia gitxi eta personaia horreen arteko hartu-emonak garatzen dira testuinguru historiko jakin batean. Hori da nik landu dodana, Bigarren Mundu Gerrak ze eragin izan dauen personaia jakin batzuetan; batez be, hiru personaia nagusi agiri dira, Karmentxu umeagaz batera Robert idazlea, bere lagun Herman, idazlea hau be eta Roberten emazte Vic. Hiru horreen arteko hartu-emon gorabeheratsuek osotzen dabe nobela osoa. Personaiak alde askotakoak dira, ez dira bape planoak, alde onak zein ilunak ditue eta hori guztia aztertzen saiatzen naz.
5.- Liburuaren amaieran dakarzu: Elkarrekin egon ginen azken aldietako batean hauxe esan zidan Aitzol Aramaiok: Heroi baten istorioa kontatu behar duk. Robert Mussche da heroi hori, ala Aitzol bera…
Biak dira heroiak niretzat. Aitzoli berari kontau deutsat eskatu eustan zeozer. Ez dot berari buruzko liburu bat egin, egin neikean hori be baina hori baino gurago izan dot omenaldi modura berak bizian eskatutako zeozer egin, heriotzea baino harantzago joan; zeozer hori heroi baten istorioa kontetea da baina ez pelikuletako heroi batena, eguneroko heroiarena, jente arruntarena, egunero ikusten doguzalako holakoak, berbarako, baztertuak laguntzen dabilzenak, ezer eskatu barik emoten dabenak. Robert Musschek be horixe egin eban.
6.- Personaiokaz jarraituz, Hermanen atzean zeu al zagoz?
Askok galdetu izan deustie hori eta bai, badaukadaz Hermanen zati asko, ni naz bizirik geratu dana, literaturearen munduan ibilbidea egiten dabilena eta abar. Baina Robertetik be asko daukat eta lagun batek esan eustan, Herman ez zu Robert zara. Ez dakit personaiak idazleak sortzen ditu eta bakotxak sortzailearen alde bat ataraten dau. Gehiago esango deutsut, Vic-ek be badauka zeozer nirea, guztiek daukie zeozer.
7.- Zerenbesteko garrantzia daukie liburuan eta zeure bizitzan Carmen, Roberten alabeak eta liburuan aitatzen dozun Arane zeure alabeak?
Handia. Carmen bi urtegaz aitarik barik geratu zan eta nire alabeak edade hori dauka. Horregaitik, Carmenek berak aitaren istorioa kontau eustanean, erabat zapuztuta geratu nintzan ze imajinetan neban nire alabea aitarik barik geratzen zala. Alabea Carmenen personaian ikusten neban. Aitatasunak eragin handia dauka liburuan, pentsetea karmentxu umea be zelan joan zan 8 urtegaz bera bakarrik erbestera, horrek hutsune handia sortzen deust barruan. Nire buruari galdetu izan deutsat sarri ia neuk bardin jokatuko ete neban nire seme-alabakaz holako egoera batean.
8.- Aitzol Aramaio galdu eta alabatxo bat etxean dinozu liburuan ...alde batetik pozik eta bestetik triste, bi munduen arteko muga... Barrenak hutsitu eta lasaitzeko, terapia moduan balio izan deutsu nobela honek?
Bai, bai. Bizitzako bi aldeak azaltzen ditu nobeleak, bizipoza, alde zoriontsuak, argitsuak eta miseria, bakardadea, heriotzea be agertzen dira. Bizitzako alde bi horreek jorratu gura nituan nobelan eta oso gustora geratu naz, hain gustora ze beste nobela bati ekiteko gogoz nagoala.
9.- Zelako nobelea izango dan aurreratu zeinke? Ze agenda edo ze konpromiso daukazu datozen aste eta hileotarako?
Hurrengo nobelearen ganean gauza handirik ezin deutsut aurreratu, 2-3 urte inguru beharko dodazala, besterik ez. Euskereagaz eta euskal literatureagaz daukat konpromisoa eta ahalik eta ondoen idaztea da nire ardura nagusia. Horrezaz gan, nire liburuak itzultzen saiatzea be, kanpoan ezagunak izan daitezen saiatzea be nire konpromisoa da.
Egia esan, agendea nahikoa beteta daukat, Musscheren promozinoa amaituta, proiektu barriak aztertzen hasiko naz eta AEBetara be joan behar dot. Edozelan be, orain Musscheren gaztelaniazko itzulpenagaz nabil, izan be, datorren martian Seix Barral argitaletxeak atarako dau eta katalunieraz, barriz, Ediciones 62 argitaletxeak; horrezaz gan, galiezieraz be ataratea espero dot.
10.- Poesiarik gabe hankamotz geratzen da zientzia dinozu liburuan. Noizko poesia?
Ez dakit. Tartetxuren bat atarako dot, bai. Badaukadaz poemak idatzita eta gurako neuke tartetxu bat atara poemak ordenatu eta zeozer egiteko baina gorputzari edo egin gura deutsat kasu eta orain momentuan narratibeagaz nabil.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!