Bizkaiko Aldundiak argitaratutako txakolinari buruzko gideak Gourmand saria jaso dau
2012-12-28 11:45 Jan edanakArgitakpenaren helburua da lurraldeko mahastizaintzearen eta ardaogintzearen aberastasunari lotutako turismoa sustatzea eta, bide batez, gastronomia, kulturea eta aisialdi eskaintza zabaltzea.
Bizkaiko Foru Aldundiak argitaratu dauen Bizkaiko txakolina. Bidaia izeneko gideak Gourmand saria jaso dau, Espainiako Estaduan ardaoari buruz eginiko argitalpen onena izateagaitik. Urtero, Gourmand Awards sariek munduko hainbat herrialdetako sukaldaritzeari eta ardaoari buruzko liburu onenak aintzatesten ditue, eta ospe handia dabe gastronomia eta enologiaren arloan. Horrezaz gan, plataforma bikaina dira saritutako liburuak nazinoartean merkaturatzeko.
Mikel Garaizabal sommelier eta enologoak idatzi dau Bizkaiko txakolina. Bidaia. Lan horren bidez, ardaora eta ardaoaren mundura hurreratzeko beste modu bat erakusten dau egileak, hainbat alderdi aurkeztuz: ardaoa egiteko prozesuak, ardaoa egiten dan sotoak eta eskualdeak, ardaoa eskaintzen daben jatetxeak eta hotelak, eta, horrezaz gan, Bizkaiko toki nabarmenenak.
Bizkaiko Aldundiak gida honegaz lortu nahi dauen helburua da lurraldeko mahastizaintzearen eta ardaogintzearen aberastasunari lotutako turismoa sustatzea eta, bide batez, gastronomia, kulturea eta aisialdi eskaintza zabaltzea. Holan adierazo dau Imanol Pradales Ekonomia Sustatzeko diputatuak liburuaren aurkezpenean.
Argitalpena Bizkaia bisitetan daben turistentzat da eta lurraldeko jatetxe nagusietan eta hoteletan banatzen da, cultural traveller turistearentzat pentsauta baitago. Bidaiari mota horrek ez dau aisialdi pasiborik bilatzen; jokatzeko modu aktiboa dauka, ikasi eta esperimentetako jakin-mina eta gogoa dauka, bai eta Bizkaiko aukera enoturistikoak ezagutzeko be.
Kontuak kontu, gidea sei hizkuntzatan egin da eta, orain arte, 5.000 ale argitaratu dira: 500 euskeraz, 3.000 gaztelaniaz eta beste 1.500 ingelesez. Urtarriletik aurrera, beste 2.000 ale argitaratuko dira: 500 katalanez, 1.000 frantsesez eta 500 alemanez.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!