Korrika 18k euskera ikasleak omenduko ditu urtarrilaren 26an Usurbilen

Bizkaie! 2012-12-27 13:42   Euskerea berbagai

Korrikak omenaldirik beroena eskaini nahi deutse euskera ikasle guztiei, beren ahaleginagaz euskeraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, alkarbizitzarako aukerak sortzen dabilzalako.

Korrika 18k euskalduntzen eta alfabetatzen dabilzan lagunak omendu nahi ditu, eta horretarako, ekitaldiz beteriko egitaraua atondu dau urtarrilaren 26an, Usurbilen, Korrikaren arduradunek jakinarazo dabenez.

Egun osoko egitaraua izango da. Goiz osoan zehar kale animazinoa izango da trikitilari eta txarangakaz. Arratsaldeko 13:00etan, bertsolariak eta kupelen edegierea egingo da, eta 14:30etik aurrera pintxoak dastatzeko aukerea izango da. Arratsaldeko 16:30ean ekitaldi nagusia egingo da, eta 18:00etan, erromerian jantzan egin ahal izango da. Amaitzeko, gaueko 21:00etan, Esne Beltza taldeak kontzertua emongo dau. Izen-emoteak AEKren euskaltegietan egin daitekez; sarrerak hamar euroan dagoz salgai, eta jana, sagardaoa, kontzertua eta autobusa barne hartzen ditu.

Edizino honetan euskerearen aldeko lasterketak zabaldu nahi dauen mezuak euskerea euskal herritarren alkarbizitzarako gakoa dala dino, alkarregaz biziteko, alkarri berba egiteko, alkarri entzuteko eta alkar ulertzeko tresna. Baina, horretarako, euskal herritarrok euskal kulturea ezagutzea eta euskerea jakitea ezinbestekoa dala dinoe arduradunek.

Horregatik guztiagaitik, Korrikak omenaldirik beroena eskaini nahi deutse euskera ikasle guztiei, beren ahaleginagaz euskeraz bizi ahal izatea ahalbidetzen eta, beraz, alkarbizitzarako aukerak sortzen dabilzalako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu