'Una pistola en cada mano'

Karolina Almagia 2012-12-19 16:52   Zinema kritikak

Una pistola en cada mano berrogei urte inguruko gizonezkoen erruki bako erretratatu garratz eta ironikoa da. Gaur egungo gizonezkoen ahuleziak ederto islatzen ditu zuzendari katalanak.

- Produktorea: Imposible Films
- Zuzendaria: Cesc Gay
- Gidoilariak: Cesc Gay eta Tomàs Aragay
- Aktoreak: Luis Tosar, Ricardo Darín, Eduardo Noriega, Candela Peña, Eduard Fernández, Leonardo Sbaraglia, Javier Cámara, Clara Segura, Cayetana Guillén Cuervo, Jordi Mollà, Ernest Villegas, Alberto San Juan, Leonor Watling
- Herrialdea: Espainia
- Iraupena: 95 minutu
- Generoa: komedia


Bizitzea ez da emoten dauena. Holan da, batez be, bikoteen bizitzeari jagokonez. Eta gehienbat, seme-alabak daukiezan, eta urte batzuk alkarregaz daroezan bikotekideen bizitzen kasuan. Cesc Gay zuzendariak ondo daki hori.Goi mailako film luze gomendagarri, dibertigarri eta hunkigarri a egin dau gai horregaz.

Una pistola en cada mano berrogei urte inguruko gizonezkoen erruki bako erretratatu garratz eta ironikoa da. Zortzi personaia hartu ditu Cesc Gayk argazkia egiteko, puntako aktoreak dan-danak.

Gaur egungo gizonezkoen ahuleziak ederto islatzen ditu zuzendari katalanak; galduta, nahastauta, euren bizitzekaz bape pozik, guzur eta itxurakerietan murgilduta dagoz. Gizonon ondoan, emakumezko batzuk agiri dira -Leonor Watling zoragarria-, askoz zentrauago, zentzudunago, eta mutilak behar dan lekuan ipinten.

Esan behar da, dana dala, zuzendariaren begiradea ez dala oso krudela; personaia guztiak maitetasunez landu ditu, hurreko begiradeagaz. Gizonak patetiko eta barregarri agiri diranean, dana da sentimenduak adierazoteko zailtasunaren ondorio.

Ricardo Darín eta Luis Tosarren arteko aurrez-aurrekoa bikaina da, baina ez da eszena zoragarri bakarra pelikula honetan. Isilmandatuz isilmandatu, sekuentzia guztiak alkarregaz lotzen dira primeran, eta amaierakoan danak batzen dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu