Finalisten jasa (I)

Gorka Intxaurbe Etxebarria 2012-12-19 11:48   Bertsolaritzea

Udabarriko eguzki txangoriagaz hasi jakun Txapelketea neguko leiakaz akabau da. Ia astegoienero eta paramen barik ibili osteko formulazinoa atera dot: (8 eskualdeetako final + 5 kanporaketa + 3 finalerdi + final 1) x 6 bertsolari bakotxeko = 1000 bertso baino gehiago.

Udabarriko eguzki txangoriagaz hasi jakun Txapelketea neguko leiakaz akabau da. Ia astegoienero eta paramen barik ibili osteko formulazinoa atera dot: (8 eskualdeetako final + 5 kanporaketa + 3 finalerdi + final 1) x 6 bertsolari bakotxeko = 1000 bertso baino gehiago. Puntuazino arloa egin ostean, badaukat deskantsu txiki bat hartzeko lehia eta beharrizana.

Halanda be, bertso-abstinentzia bajatortzu, drogea non topau badaukazu: herrietako bertso-saio, bazkari edo afarietan. Bizkaiko Bertsolari Txapelketea akabau eta segiduan, esate baterako, Gasteizen Bertso-Hopa egin eben Iñaki Viñaspre, Jagoba Apaolaza, Ander Solozabal eta Iker Pastorregaz… kontu egizu.

Txapelketetan zortzi finalista eta txapeldun bakarra −zorionak, Arkaitz− egon arren, finalisten jasa daukan bertsolari asko paretan da finalera orduko bidezidorretan. Gaurko eta hurrengo artikuluan Joseba Artza, Beñat Ugartetxea, Arrate Illaro, Peio Ormazabal, Gorka Ostolaza, Iñaki Iturriotz, Eneko Abasolo, Oihana Bartra, Ibon Ajuria eta Gorka Lazkano aitatu gurako neukez. Danek be finalerdietan kantau dabe, eta pentsetan dot finalisten jasa daukien bertsoak dirala segiduan eskribiduko deutsuedazanak.

Gaia: Joseba eta Beñat, bikotea zarie. Hilebete barru guraso izango zarie lehenengoz. Ohean zagoziela, auzoko umearen negarrek itzartu zaitue.

Joseba Artza

Bikote legez eman beharra
dagoenez hainbat pausu:
guraso izan gaitezen, benga!
Animau ginen ni ta zu.
Etorri hona tripa haundi hori,
arren, emaidazu musu.
Hain zuzen, gure etorkizuna,
maitea, entzuten al duzu?

Gaia: Danbatekoaz atea itxi eta bazoaz. Ez dakizu bueltauko zaren. (Bigarren bertsoa).

Hor noa kalean zehar
paseatuz odol txarra.
Jaun-andreok, nun daukagu
injustiziaren marra?
Ikasle onena nintzen
ta langile lez hamarra,
baina sueldoa jaistera…
nire jefe kabroi zaharra!
Beti izan naiz pijoa,
inoiz ere ez makarra;
inoz ez berba bat altu;
ez naiz pertsona gangarra.
Familia ta umeak,
ta jaten eman beharra…
Apurka desinflatu da
nire arrazoien indarra.

Gaia: Urteetan aurrera zoaziela, bizitzaren ikuspegi desbardina daukazue. Beñat, zu iraganari begira bizi zara eta hori goraipatzen dozu beti. Miren, ostera, beti dabil etorkizuneko planak egiten.

Beñat Ugartetxea

Zahartzaroak ezin digu
gauza onik eskaini,
nik zure umorea
ezin dut konpreni.
Entzuidazu, laguna,
adi jarri honi:
medikuek muletekin
bainaute ipini…
mulatekin hobeto
ibiltzen nintzen ni!

Gaia: Aitita eta iloba zarie. Etxahun aitita eta Arrate iloba. Paseoan zoaze herritik. Bat-batean, Arrate ilobak etxe zahar baten horman dagozan bala-zuloak eskuagaz seinalatuz, zer diran galdetu deutsu, Etxahun. (Bigarren bertsoa).

Arrate Illaro

Kontatu dizkidazu
hiruzpalau datu:
dena ez dut ulertzen,
aitite, barkatu…
Antza hilerri(a) hartu
zutela ostatu,
baina kontatu idazu;
kontatu, kontatu:
zergatik ez dituzten
berriro tapatu?

Gaia: Danbatekoaz atea itxi eta bazoaz. Ez dakizu bueltauko zaren.

Peio Ormazabal

Errepublikak lortu ei ditu
horrenbeste marabilla…
Lurraldeotan argi daukagu:
zutik mantendu dadila.
Amari muxu eman diot ta
ixuri du malko pila.
Esku batean motxila daukat,
eta bestean fusila.
Etxetik irten eta eman dut
danbateko bat isila…
Beldurrez bezain gustora noa
askatasunaren bila.

Gaia: Andra-gizonak zarie. Gorka andrea; Fredi gizona. Etxean zagozala, Fredi agertu jatzu bankutik datorrela esanez, diruz betetako boltsa bat eskuan. (Bigarren bertsoa).

Gorka Ostolaza

Beraz, berotu eta
esan dozu “goazen!”.
Argi dau etikoki
egin dozu zuzen.
Baina igual hasi zara
problemak bilatzen:
Laster hasiko dira
hona begiratzen…
Ez zara bape gatxa
identifikatzen.

Azkenengo lerroak Joxe Agirre bertsolaria aitatzeko hartuko dodaz. Bere berbak ibiliko dodaz horretarako: Gazteekin gustura jarduten dut bertsotan, ikaragarri jatorrak dira.

Mila esker, Joxe.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu