Asiako leku-izen nagusiak, Euskaltzaindiaren 171. arauan
2012-12-19 10:25 Euskerea berbagaiAsiako leku-izen nagusiak argitaratu barri ditu Euskaltzaindiak, 171. arauan. Mueta bitako berbak jaso ditue, leku-izen ezagunak, grafia arazorik ez daukienak, eta gure inguruko erdara nagusietan bardin idazten ez diranak.
Asiako leku-izen nagusiak argitaratu barri ditu Euskaltzaindiak, 171. arauan. Mueta bitako berbak jaso ditue, leku-izen ezagunak, grafia arazorik ez daukienak, eta gure inguruko erdara nagusietan bardin idazten ez diranak.
331 leku-izen batu dira Asiako toponimia honetan, kontinenteko izen nagusiak. Leku-izen garrantzitsu edo oso ezagunen artean dagoz, esaterako, Gobi(ko) basamortua, Hiroshima, Mandalay eta Aral itsasoa. Gaztelania, frantsesa eta ingelesa, inguruko erdara nagusietan, bardin idazten ez diran edo hizkuntza bakotxera itzultzen diranak eta, ondorioz, grafia-zalantza eragiten dabenak asko dira. Berbarako, Samarkanda (es Samarcanda/Samarkanda, fr Samarcande, en Samarkand), Jammu eta Kaxmir (es Jammu y Cachemira, fr Jammu-et-Cachemire, en Jammu and Kashmir), Ekialdeko Ghat mendiak (es Ghats orientales, fr Ghâts orientaux, en Eastern Ghats), Malakako itsasartea (es estrecho de Malaca, fr détroit de Malacca, en Strait of Malacca), Barne Mongoliako Eskualde Autonomoa (es Región Autónoma de Mongolia Interior, fr Région autonome de Mongolie-Intérieure, en Inner Mongolia Autonomous Region) eta abar.
Izen-zerrendeaz aparte, eranskin zabal bat prestau dau Akademiak, Asiako hizkuntza eta alfabeto ofizialen eta transkripzinoen gaia konplexua da eta. Eranskinean, Asiako estadu-hizkuntza nagusiei buruzko jakingarri batzuk emoten dira, eta estaduon leku-izenak euskeraz adierazoteko kontuan hartu beharreko erispide nagusiak bere bai. Txostenak ondoko atalak ditu: Afganistango hizkuntzak, Bengalera, Birmaniera, Filipinera, Indiako hizkuntzak, Indonesiera, Japoniera, Kazakhera, Khmerera, Kirgizera, Koreera, Laosera, Malaysiera, Mongoliera, Nepalera, Pakistango hizkuntzak, Persiera, Sri Lankako hizkuntzak, Tajikera, Thaiera, Turkmenera, Txinera, Uzbekera eta Vietnamera.
Munduko leku-izen nagusien euskerazko grafia finkatzen dabil Euskaltzaindia. Lehenengo, Europako leku-izen nagusiak arautu zituan (154. araua, 157. araua eta 159. araua); ostean, Europatik hur dagozan lurralde batzuetakoak (Anatolia eta Hego Kaukaso, 162. arauan; Ekialde Hurbila eta Ipar Afrika, 164. arauan). Munduko ganerako lurraldeen txandea ailegau da orain: Afrikako leku-izenak lehenengo (167. araua eta 168. araua), Ozeania (169. araua) eta Amerika gero (170. araua), eta Asia orain (171. araua).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!