Patatea Euskal Herrian aztertzen dauen lan batek jaso dau Euskal Elikadurearen Ikerketarako XIX. Felix Mocoroa Saria

Bizkaie! 2012-12-17 12:25   Jan edanak

EHUk jakinarazo dauenez, patateak EAEn igarotako lehen mendea aztertu dau David Palanca ikertzaileak, heldu zanetik haren hazkundea eta konsumoa erabat orokortuta egozan momentura arte. Ikertzaileak azaldu dau bilakaera horren giltzarria Independentzia Gerra izan zala, Araban batez be.

Patatea Euskal Herrian aztertu dauen lan bati emon deutsie Euskal Eikadurearen Ikerketarako XIX. Felix Mocoroa Saria. Donostian, Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) Gipuzkoako campusaren Errektoreordetzan egindako ekitaldian, Juan Velazquez campuseko Unibersidade Hedakuntzako zuzendariak, Luis Mocoroa Gastronomiaren Euskal Anaiarteko lehendakariak eta Jose Ramon Elizondo Aloña Berriko sukaldari ohiak diplomea emon deutsie Jose David Palanca Cañon, La patata en el País Vasco: primeros pasos en su cultivo e implantación culinaria lanagaitik.

Palanca Cañon (Villafale, Leon, 1952) Albaitaritzan lizentziaduna da eta gaur egun, Gernika-Lea Artibai eskualdeko osasun publikoaren koordinatzailea da, Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo Sailan. Saritutako lanak Jose Maria Urkia Etxaberen zuzendaritzapean idatzitako tesia dau oinarri; Euskalerriaren Adiskideen Alkarteko zuzendaria da Urkia gaur egun, bai eta EHUko Medikuntza eta Odontologia FakultaDeko Medikuntzaren eta Zientziaren Historiako irakasle titularra be.

EHUk jakinarazo dauenez, patateak EAEn igarotako lehen mendea aztertu dau David Palanca ikertzaileak, heldu zanetik haren hazkundea eta konsumoa erabat orokortuta egozan momentura arte. Ikertzaileak azaldu dau bilakaera horren giltzarria Independentzia Gerra izan zala, Araban batez be. Izan be, euskal herritarrek ikusi eben soldadu frantsesek bidean topetan zituen patata-soloak (orduan ez ziran hain ohikoak) arpilatzen zituela, gosea asetzeko.

Euskalerriaren Adiskideen Alkarteak argitaratutako Extractos idatziak dira lan honen abiapuntua; hain zuzen be, erakunde horrek sustatu eban gehien patatearen hazkundea. Garai haretan nekazaritzan izan ziran aurrerapenak batzen ditue testuok, eta bibliografia horretatik hasita ekin eutson Palancak lan honi.

Gero, EAEko hiru herrialdeetako askotariko dokumentazinoa aztertu dau: aldundietakoa, epaitegietakoa, eleizbarrutietakoa eta abar. 1760tik abiatzea erabagi dau ikertzaileak, zenbait idatzitan irakurritakoari jarraituz. Esaterako, Zuiako haranean auzi bat izan zan hamarrenen ordainketea zala eta ez zala (1816), eta, horri jagokon idatzietan agiri danez, laborantza hori egon baegoen hiru herrialdeetan (Bilbon, Zuiako haranean bertan eta Hondarribian), 1760ko hamarkadarako. Amaiera-data lez 1860. urtea aukeratu dau, ordurako egoan dokumentazinotik ondoriozta daitekeenez, patatearen hazkuntzea orokortuta egoalako hiru herrialdeetan.

Patatearen hazkundeak izandako bilakaerea aztertzeko, besteak beste, hamarrenaren ordainketan oinarritu da Palanca; bitarteko hori sano baliogarria izan jako Araban. 'Konsumiduteko eta jateko aina patata landatzen zan momentutik aurrera pagau behar zan hamarrena, hazkuntzeagaz hasi eta lauzpabost urteren burutik aurrera', azaldu dau. Holan, oso azkar zabaldu zan herrialde guztian, 1760tik hasita. Horren erakusle, eleizeak Arabar Errioxan ez beste edonon batzen eban hamarrena XVIII. mendearen amaieran.

Beste dokumentu batzuei esker jakin ahal izan dauenez, Gipuzkoako kasuan, patatearen presentzia ezaguna da 1764 aldera, Irun eta Hondarribia udalerrietan. Gero, 1770 aldera, Gabirian, Bergaran eta Legazpin identifiketan dabe bigarren gune bat. 1840 inguruan, herrialde osoan egoan zabalduta, Tolosaldean izan ezik.

Bizkaiari jagokonez, 1774-77 urteen bueltan, patata-soloak egozan Bilboaldean; 1830erako herrialde osoan egoan zabalduta; eta, 1859ko datuen arabera, produkzinoa nabarmen handia zan Balmaseda inguruan, eta txikia, barriz, Durangaldean. Palancak berretsi dauenez, EAEn Independentzia Gerrearen ondoren dator patatearen loraldia; Araban nabarmentzen da batez be gerra osteko hurrengo 50 urteetan.

Independentzia Gerran, Gipuzkoan, adibidez, Frantziako tropek soloetatik hartzen ditue patatak, jateko, goseak baitziran. Orduan, euskal herritarrek ikusten dabe jan egiten dituela eta ez jakela ezer gertatzen, ez dirala gaixotzen eta loditu egiten dirala, azaldu dau Palancak.

Antza danez, horrek zer pentsaua emon eutsen, arabarrei, batez be: Bizkaian eta Gipuzkoan baeuken itsasoa, baina Araba nekazaritzeari emona egoan erabat, zeruaren menpean egozan. Patatea lur azpian sartzen danez eta, euria edo kazkabarra eginda be, kalterik izaten ez dauenez, loraldia izan eban herrialde horretan. Era berean, ikusi eben laborantza horrek jentea elikatzeko balio ebala, eta, lur azpian egonik, ondo jasaten zituela denporale eta ekatxak.

Dana dala, ondoriozta daitekeenez, garai haretan batez be Araban konsumidu eben gizakiek patatea. Antza, Bizkaian eta Gipuzkoan, animaliak elikatzeko erabili eben. Tuberkulu hau sendagai edo osagai lez be erabilten zala azaldu dau Palancak. Erreduretarako eta hanturetarako kataplasma moduan eta eskorbutoari aurre egiteko zein osatzeko gomendatzen zan haren erabilerea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu