Jon Mikel Euba da XXIV. Ikus-Entzunezko Erakusketearen artista konbidatua
2012-12-14 15:36 KultureaIbilbidea lau ataletan egituratzen da: hamalau instalazino multimedia; 57 bideo —bideo-sorkuntzak, animazinoak eta fikzinozko bideoak; artista gazteen bederatzi argazki—; eta Jon Mikel Eubaren (Bilbo,1967) lana.
Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV/EHU) Arte Ederren Fakultadeak, BBVA Fundazinoaren laguntzinoagaz antolatutako XXIV. Ikus-Entzunezko Erakusketea bihar, abenduak 15 aurkeztuko da jentaurrean eta urtarrilaren 7ra arte bisitau ahalko da fundazinoaren Bilboko egoitzan (San Nikolas plaza, 4). Arte Ederren Fakultadeko katedratikoa dan Josu Rekaldek antolatutako erakusketa horrek UPV/EHUko Arte eta Teknologia Saileko irakasleek hautatutako 100 proposamen inguru izango ditu.
Aurkezpen ekitaldian honakoak egon dira: Carmelo Garitaonandia, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; Silvia Churruca, BBVA Fundazinoko Komunikazinoko zuzendaria; Josu Rekalde, Arte Ederren Fakultadeko Dekanoa eta erakusketearen antolatzailea eta Jon Mikel Euba, artista konbidatu moduan.
Ibilbidea lau ataletan egituratzen da: hamalau instalazino multimedia; 57 bideo –bideo-sorkuntzak, animazinoak eta fikzinozko bideoak; artista gazteen bederatzi argazki–; eta Jon Mikel Eubaren (Bilbo,1967) lana. Azken horrek, 2003tik, talde laneko dinamikak zehaztu ditu eta bertan, alderaketen bidez, talde desbardinen esperientzia errealak sortzen dira, azkenean talde-lanak eratzen dituenak. Jardute-prozesua zuzenean egindako entsegu legez planteautako bideo-filmazinoetan oinarritzen da eta bertan dagozan ikusleen interakzinoa lanaren parte bihurtzen da. Gaur egun, esperientzia horreek izaera pedagogiko esperimental nabarmena daben proiektuetarantz bideratu dira. Jarduteko modu horrek Busanen (Korea) 2003an jarri zan abian lehenengoz eta horren ondoren, jarduteko beste hainbat guneren artean Luxenburgo 2004, Istanbul 2005, Genk (Belgika 2006) eta Amsterdam 2006-2008 azpimarratu behar dira. Ordutik, Eubak Cartagena de Indiasen (Kolonbia), Valparaison (Txile) edo Van Abbe Museoan Eindhoven egin izan ditu proiektuak lan egiteko modu hori bere euskal testuinguruaren barruan estrapolatuz.
BBVA Fundazinoak hartzen dauen erakusketan lehen aldiz aurkeztuko dau bere osotasunean haren proiektu garrantzitsuenetako bat, A minute of Silence, Espainia, Korea eta Istanbulen artean egindakoa, 2003 eta 2005 bitartean sortutako emoitzen kanal bakarreko bersinoagaz.
Ikasleek egindako lanei jagokenez, aitatu beharra dago erakusketa guztietan zehar –hau 24.a da–, ikus-entzunezko formatua arte balio handiko adierazpide lez finkatuz joan dala. Aurten be, argi eta garbi ikusten da bi erakunde antolatzaileek –BBVA Fundazinoa eta Euskal Herriko Unibersidadea– irakaskuntza artistikoagaz daben interesa eta etorkizuneko artisten barrikuntza eta sormenaren alde egindako apustu sendoa.
Kontuak kontu, erakusketearen helburu nagusia ikasleei euren proposamenak jentaurrean aurkezteko aukerea eskaintzea da. Halan eta guztiz be, egindako ondoz ondoko erakusketetan jarduera-eskaintza handituz joan da. Alde batetik, hezkuntza prozesuaren beraren alderdiei buruzko artikuluak gaineratu dira, baita ikus-entzunezko esperimentazino alderdi orokorrenakaz loturiko beste batzuk be.
Azkenik, artista konbidatuaren irudia azpimarratu behar da, 1992an egindako erakusketatik aurrera proposatzen hasi zana. Ordutik, tokiko eta nazinoarteko artistek parte hartu dabe, erakusketeari balio erantsia eskaini deutsienak, erakusketa mota horreetara joan daitekezan ikusleak zabaltzeko aukerea eskainiz. Helburua bikotxa da: dagoeneko finkatuta dagozan artistak jasotea erakusketea ezagutzera emoteko, baina baita batzuetan oso balorauta dagoan artista baten lanak ikasleen artean izan leikien alde pedagogikoa bultzatzea be, segurutik euren produkzinoak kontu handiagoagaz egitea sustatuko dauelako.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!