Domeka goizaldean hasiko dira 2012ko Gernika-Lumoko Marijesiak

Bizkaie! 2012-12-14 10:24

2008an egindako azken berrikusketearen arabera, eskuizkribu desbardinetan topautako kopla zaharrak berreskuratu dira eta oraingo zenbaketan euren arteko 7.a aukeratu da aurten zabaltzeko (Eztator gizonetatik, ez gizonaren obratik elejidurik egoan eternidadetik).

Gernika-Lumon betiko moduan gure Marijesiak Gabonen aurreko bederatziurrena beteko dabe beste urte batez. Gaueko errondak domekan bertan hasiko dira kalez kale danon poztasunerako gure bazterrak koplakaz betetan. Aurten koplak Iñaki Gonzalez, Denis Azkarate, Fernando Astoreka eta Jose Antonio Uriarte Itxaso bakarlarien ahotsetik helduko jakuz, albotik talde osoa daukiela erantzule eta holan bederatzi gauotan Gernika-Lumotik zehar ibiliko dira punta batetik bestera, ahalik leku gehienetara ailegetako.


2012rako Marijesien errondak:

A.- Lurgorri: 16 – 19 – 21 – 23.
B.- ERrrenteria: 17 - 20 – 24.
C.- Tiloak: 18 – 22.


Diru batuketea:

2012ko dirua Astra koordinadorarentzat izango da. Diru-batuketa hori azken egunean (abenduak 24) egingo da, goizeko errondetan.


Kopla barria:

2008an egindako azken berrikusketearen arabera, eskuizkribu desbardinetan topautako kopla zaharrak berreskuratu dira eta oraingo zenbaketan euren arteko 7.a aukeratu da aurten zabaltzeko (Eztator gizonetatik, ez gizonaren obratik elejidurik egoan eternidadetik).

Kopla hau Pedro Bidaguren Garratza lumotarrak Goitia moldiztegian 1919. urtean argitaratutako Marijesien bildumako lehenengo lau egunetarako kantetako 11. zenbakiduna da, inprentako akats eta guzti (eternidatic azken bertsolerroan) dagoana. Garratzak berak kaleratutako beste bilduma batean (argitaratze urterik ez dakarrena) be agertzen da zenbaki horregaz. Inprimidutako beste bilduma zaharretan (Gaubeka 1951, 1955) be badago Ez dator… 11. zenbakiduna.

Eskuz eginda jaso doguzan beste bilduma zaharretan (1891, Sagastietxebarri,…) ez dago honen hasierakorik, ezta antzekorik be. Marijesiak edo abenduan kantetan diran herrietako bildumetan (Arteaga, Ea, Ibarrangelu, Muxika…) ez da holakorik kantetan. Munitibar herrian makinaz eginiko bilduma batean (data barik), barriz, 13. zenbakiduna ez dator, kopla berbera dago: bitxia da baina kopla bilduma honetan hasierako kopla biak –guztiz bertakoak- eta azkena –Garratzaren jaubetasunarena parafraseatzen dauena- izan ezik, beste guztiak Garratzak 1919ko edizinoan argitaratu zituanak aldaketaren bategaz-edo berbaz berba kopiauta dagoz, halanda ze edo bertatik kopiau zituan bateren batek edo tarteko beste bildumaren bat (Gaubeka?) erabili eban makinaz egindako bildumearen egileak. Edozein kasutan, Garratza dago horren guztiaren oinarrian.

Esangureari jagokonez, kopla narratiboa da honako hau eta 'nor etorriko dan zerutik lurrera argitu gura dau. Marijesien helburuetako bat, garrantzitsuena ez bada, helburu didaktikoa da, eta horren barruan kokatu behar da. Garratzaren lerrokadan, nabegadua izan zan/bederatzi hillabetian horren ostekoa da eta argi dago, kopla honen esanetan, etortekoa dana, edo bialdu beharrekoa (bederatzi hilabetean nabegadua izandakoa, jakina) ez datorrela gizonetatik, ez gizonen obratik, ezpabe eternidadetik elejidurik egoala. Kopla honen esangurea Marijesien kopletan kontetan dan historia biblikoaren barruan kokatu behar da eta inguruko kopletan agerten da kopla honetan esandakoaren osogarria (esaterako, zerutik lurrera etorri, erabagia, zelan bete agindua, nor bialdu…).

Formearen aldetik ez dauka beste kopla batzuetan ikusitako arkaismorik-edo (barrienetakoa akaso?). Bizkaieraz (adib. egoan, eternidade, elejidu) sortutakoa da, gipuzkerearen eragin barik (beste batzuetan badagoana). Hiztegiaren aldetik Marijesietan ohikoak eta garai batean gustukoak diran maileguak (elejidu, eternidade…) erabilten dira. 2008an egindako berridazketan, eztator fonetismoa idatzi zan, kanteterakoan ahozkoan dan berezko aldaketa fonetikoa hobeto gorde guran.

Baliabide estilistikoen aldetik, ez dauka apartekorik: hiztegiaren aldetik, gizon berbearen errepikapena, eta deklinabidearen erabilerea hoskidetasunaren seinale, baina errima eskasa sortzeko. Poetikotasun askorik be ez dogu ikusten eta beharbada eternidadetik elejidurik egoala esaterakoan, orduantxe badogu denporearen aldetik halako elementu misteriotsua, errealidadetik urrunago eroaten gaituana.

Ordenaren aldetik, 2008an Jose Antonio Aranak proponidutako bilduma barriztuan jatorrizko 11. zenbakitik zazpigarrenera ekarri eban kopla hau, zentzuaren aldetik hobeto ikusten ebalako era honetan.

Aurten Eztator 7. kopla hau ikasiko dabe Marijesiak eta, eurekaz batera danok ikasita, aurrerantzean danon ondare bihurtuko da. Marijesien ahozko tradizinoa guztiz errotuta dago geure artean eta koplen azken berrikusketea egin zanetik helburua beti izan da Gabonen inguruko bederatziurreneko koplak jagon, aberastu eta ondo gordetea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu