Bizkaiko personaia famauen galeria berezia osotu dau Euskal Museoak

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-12-13 13:57   Kulturea

Bizkaiko, eta batez be Bilboko, persona eta personaien sorta ederra osotu dau Euskal Museoak Bizkaiko entzutetsuen galeria: personaia herrikoiak erakusketan. José Antonio eta Luis Lerchundi anaiek XIX. mende amaieran eta XX. hasieran sortutako 45 erretratu batu ditue, tartean, La Sañuda, Pachote, Felix Unamuno eta Jaime Selvyren irudiak.

Bizkaiko, eta batez be Bilboko, persona eta personaien sorta ederra osotu dau Euskal Museoak Bizkaiko entzutetsuen galeria: personaia herrikoiak erakusketan. José Antonio eta Luis Lerchundi anaiek XIX. mende amaieran eta XX. hasieran sortutako 45 erretratu batu ditue, tartean, La Sañuda, Pachote, Felix Unamuno eta Jaime Selvyren irudiak. Josune Ariztondo Bizkaiko Kultura diputaduak eta Euskal Museoko zuzendari Amaia Basterretxeak aurkeztu dabe erakusketea.

Bilboko Zazpi Kaleetako eguneroko bizitza presentzia publikoa izan eben gizon eta emakumeak dira erakusketako protagonistak. Ez dira persona aitzindariak, uriko persona ezagunak dira, askotan burla egin jakienak, azaldu dau Ariztondok.

Jose Antonio eta Luis Lerchundi y Sirotich anaien proiektu personala da galeria bitxi hau. 1950. urte inguruan abiatu eben egitasmoa, XIX. mende amaierako eta XX. mende hasierako personaien barri emoteko asmoz. Bildumeak 239 olio zituan jatorriz.

Erretratu asko diranez, Euskal Museoak zati bitan eskaintzea erabagi dau. Lehenengo honetan, uriko personaia ezagunak, kalekumeak, batu dira. 2013. urte amaieran aurkeztuko da bigarren atala, kultura munduko personaiei eskainitakoa.

Gaur egun ahaztutako gizon-emakumeak topauko doguz Euskal Museoko hormetan, besteak beste, La Sañuda, Jose Luis Pitarque, Jaime Selvy, Pachote eta Felix Unamuno. La Sañuda, esaterako, emakume garai eta sendoa zan, makailao-ontziak deskargetan zituan. Jose Luis Pitarque maisua zan lanik egin barik bizitearen artean, Ariztondoren esanetan. Felix Unamuno Miguel de Unamuno idazlearen anaia zan, botikaria, medikuek bialdutako errezetak zuzendu egiten zituan, eurek baino gehiagoa ekiealakoan.

Pachote gizon handi-handia zan, sano ezaguna Bilboko Koral Alkartearen banderea eroaten ebalako orfeoiko kideek urian egiten zituen desfileetan. Eta Jaime Selvy bilbotartutako injineru ingelesa izan zan, Astilleros del Nervión enpresan behar egiten eban.

Personaia entzutetsuen galeriak berez 50 irudi ditu, baina Euskal Museoak 45 besterik ez ditu, ganerakoak galduta dagoz. Bateren batek falta diran bosten barri izan ezkero, edozein argibide eskertuko leukiela adierazo dabe Ariztondok eta Basterretxeak. Akaso, baten batek zeozer jakingo dau falta diranen inguruan, pistaren bat izango dau. Asko eskertuko geunke informazino hori jasotea, ganeratu dau Kultura diputaduak. Lorito, Jodra, Begoñako Santua, Ochandiano Chimbo eta Santiaguito dira desagertuta dagozan bost personaiak.

Bilduma osoa 1957an aurkeztu zan lehenengoz jentaurrean, Bidebarrietako Liburutegian egindako erakusketan. Fatimako Amaren Kristau Karidadeko Lanak antolatutako erakusketa harek ongintza-asmoa eukan, hain zuzen be, uribidluan tuberkulosiak jota egozan gaixoentzako dirua lortzea.

Erakusketea 2013ko zezeilaren 24ra arte egongo da zabalik. Euskal Museoak 30 minutuko bisita gidatuak antolatu ditu. Informazino zabalagoa, hemen.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu