Euskadiko 300 ikasleren eta 2 Nobel eta Asturiasko Printze Sari baten arteko barriketaldia egingo da Bilbon

Bizkaie! 2012-12-12 10:56

IV. top@DIPC Zientziarekin Solasean! jardunaldiaren helburua Euskadiko ikasleakan bokazino zientifiko eta teknologiko barriak sustatzea da eta horretarako aukeratutako formatuak izen handiko zientzialarien eta ikasleen arteko komunikazino informala sustatu nahi dau.

Donostia International Physics Centerrek (DIPC) IV. top@DIPC Zientziarekin Solasean! jardunaldia aurkeztu dau bart Bilbon. Euskampus, Nazinoarteko Bikaintasun Kanpusaren testuinguruan egingo da datorren abenduaren 18an, UPV/EHU Euskal Herriko Unibersidadearen, Naturgas Energiaren eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibersidadea eta Ikerketa sailaren laguntzinoagaz eta Euskadiko hainbat ikasle zein Nobel Sari eta Asturiasko Printzea Sari diran zientzialariak izango dira bertan, Bilboko Bizkaia Aretoan. Helburua Euskadin bokazino zientifiko eta teknologiko barriak sustatzea da.

Prentsaurrekoan, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaia, DIPC-ko presidente Pedro Miguel Etxenike eta Euskampus eta Nazinoarteko Bikaintasun Kanpuseko zuzendari Igor Campillo izan dira, baita Begoñazpi Ikastolako Batxilergoko bigarren mailako Ismael Labiano ikaslea eta Barakaldoko IES Gurutzetako Batxilergoko lehen mailako Andrea Vivanco; azken bi horreek ikasle taldearen ordezkaritzan izango dira.

IV. top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekimenaren aurkezpenean, UPV/EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eta Donostia International Physics Centerreko presidente Pedro Miguel Etxenikek maila zientifikoan informautako gizarte bati eusteko ekintza bereziak sustatzeko beharra azpimarratu dabe, gaur egunari begira, baita geroari begira be. Era berean, ikasle gazteei atentzino berezia eskaini behar jakela nabarmendu dabe, euren etorkizun akademikoa aukeratzeko edadean dagozan horreei batez be.

Kontuak kontu, jardunaldi honek Euskal Herriko Unibersidadeko bide estrategikoei ezin hobeto erantzuten deutsela dino Iñaki Gorizelaiak eta horreen inguruan baieztatu dau ikerketea eta komunikazinoa izango dirala unibersidade arloan bikaintasuna bermatzera eroango gaituen gaitasunak. Horregaitik, zientzia-bokazino barriak sustatzeak Euskadi produkzino zientifikoaren lider izatera eroango dau gehitu dau Gorizelaiak, are gehiago, ikerketa bokazino horreek sustatzen erabilitako denporea eta baliabideek gizartearen bizi kalidadea hobetze aldera eragingo dabe etorkizunean.

DIPC-ko presidente Pedro Miguel Etxenikek azpimarratu dau, bokazino horreek pizteko eta jarrera ikertzaileari bizirik eusteko beharrezkoa dala desio eta behar horreek bultzatzen dituen ingurunea eta giroa sortzea.

Ekimen honen helburua Euskadiko ikasleakan bokazino zientifiko eta teknologiko barriak sustatzea da eta horretarako aukeratutako formatuak izen handiko zientzialarien eta ikasleen arteko komunikazino informala sustatu nahi dau. Holan, bi taldeen arteko hurrekotasuna bultzatu nahi da, zientzialariak euren zientziagaitiko pasinoa azaldu eta gazteak espiritu horretaz busti daitezen.

IV. Top@DIPC Zientziarekin Solasean! ekimenak biomedikuntzan nazinoarte mailan errekonozimendu handiko hiru ikertzaile izango ditu, Aaron Ciechanover (Kimikako Nobel Saria 2004), Sir TimHunt (Fisiologia edo Medikuntzako Nobel Saria 2001) eta GinésMorata (Ikerketa Zientifikoko eta Teknikoko Asturiasko Printzea Saria 2007).

Euskal Autonomia Erkidegoko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko 62 ikastetxetako 300 ikasle inguru alkartuko dira jardunaldian. Ikastetxe bakotxa lau ikaslek eta irakasle batek ordezkatuko dabe, eta ekimenak gazteak eta euren ardurak protagonistatzat izango dituen lan metodologia bat izango dau.

Pedro Miguel Etxenike izango da moderatzaile lanetan eta konbidatuek ikasleek egingo deutsiezan galdera eta zalantzei erantzuten saiatuko dira, bai ikerkuntza lanen inguruan, baita euren bizipen edota zientziaren etorkizunaren inguruan be.

Euskampus, UPV/EHUko Nazioarteko Bikaintasun Kanpuseko zuzendari exekutibo Igor Campillok esan dauenez, top@DIPC Zientziarekin solasean! ekimeneko dinamikeak jakin-minaren garrantzia azpimarratu nahi dau zientzia eta teknologia alorretako aurrerapenetan.

Topaketea bi zatitan banatuta egongo da. Lehenengoan, protagonistak zientzialari konbidatuak izango dira eta izandako ibilbideaz gainera, euren ikerketearen punturik garrantzitsuenak azalduko ditue. Bigarren zatian, ikasleak izango dira protagonista eta zozketa baten bitartez, aukerea izango dabe zientziari lotutako galdera bat zuzenean egiteko. Galderak konbidatuen bokazinoaren ingurukoak izan daitekez, ikerketa lanen zehetasunen ingurukoak, gizartean ikertzaileen zereginaren ingurukoak edota gaur egungo ekonomiak ikerketa zientifikoan izango dauen eraginaren ingurukoak, besteak beste.

Datorren abenduaren 18ko ekimenean fotocall bat egongo da Bizkaia Aretoan eta ikasleek bertan azaldu ahal izango ditue euren galdera zientifikoak. Galderaz beteriko mosaikoa osotuko da danakaz, Euskadiko ikasleen jakin-min zientifikoaren erakusle izango dana. Begoñazpi Ikastolako Batxilergoko bigarren mailako Ismael Labiano eta Barakaldoko Gurutzeta BHIko Batxilergoko lehen mailako Andrea Vivanco ikasleak izan dira abenduaren 18ko fotocall hori estreinau dabenak prentsaurrekoan.

Jardunaldia osorik eta zuzenean emongo dabe streaming bidez, www.dipc.tv webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu