'Invasor'

Karolina Almagia 2012-12-07 10:20   Zinema kritikak

Daniel Calparsororen asmo bakarra ikusgarritasuna dala begitantzen jaku. Gidoiak porrot egiten dau hasieratik, eta sinisgarritasun guztia galtzen dau. Eta, ganera, Karra Elejalderen lana izan ezean, beste aktore guztiak nahiko eskas dabilz.

- Zuzendaria: Daniel Calparsoro
- Produktoreak: Morena Films, Vaca Films
- Gidoilariak: Javier Gullón, Jorge Arenillas, Fernando Mariasen eleberri baten oinarrituta.
- Aktoreak: Alberto Ammann, Antonio de la Torre, Inma Cuesta, Karra Elejalde
- Iraupena: 99 min.
- Generoa:thrillerra


Fernando Mariasek idatzitako eleberrian oinarritu du Daniel Calparsorok bere film barria. Iraken lan egiten dauen mediku militar baten istorioa kontaten da. Alberto Amannen personaia etxera bueltau da, atentadu bat jasan ostean. Etxean dala hasiko da orduan jazotakoa gogoratzen.

Gerrearen kontrako salaketea egiten dau filmeak, urruneko herrialde horreek defendatzera doazan atzerriko armadek jokatzen daben papela kolokan ipinten dau. Modu berean, Estaduaren isiltasun politikea eta gerra zikinaren erabilpena agirian ixten ditu.

Daniel Calparsororen asmo bakarra ikusgarritasuna dala begitantzen jaku. Ekintzea eta hunkitzea. Horretan erabilten dau indar guztia zuzendari donostiarrak. Bere helburua lortu dau; izan be, erritmo azkarra eta eszena gogorrak ditu Invasor-ek. Baina, horrrelakoetarako Hollywoodeko zinemea daukagu.

Pelikulearen egiturea ondo dago, ia gore eszena diranak be ondo dagoz, eta auto piloa txikituten ditue persekuzionoetan. Kontua da gehienetan ez dakigula zergaitik dabilzan personaien atzetik. Hau da, gidoiak porrot egiten dau hasieratik, eta sinisgarritasun guztia galtzen dau.

Eta, ganera, Karra Elejalderen lana izan ezean, beste aktore guztiak nahiko eskas dabilz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu