Alex Sardui: 'Euskal Herriak kolorea behar dau'

Koldo Isusi Zuazo 2012-12-05 12:09   Barriketan
Gatibuko abeslaria

Gatibu talde gernikarrak Zazpi kantoietan diskoa argitaratu dau egunotan Baga-Biga diskoetxearen eskutik. Talde beteranoa da Gatibu, lehenago be beste talde batzuetan ibilitakoak dira taldekideak, 10 urteko ibilbidean 5 disko atara ditue eta 40 bat kantu osotu. Zuzenean emondako kontzertuak be makinatxu bat dira eta taldearen berezko energia, gorputz atal danak jantzan jarteko gaitasuna agirikoa izaten da. Hona hemen, Durangoko Plateruenan, abenduaren 5ean, sarrera guztiak aspaldi agortuta, eskainiko daben disko barriaren lehenengo emonaldiaren eta diskoaren beraren ganean Alex Sarduigaz egin dogun barriketalditxua:


1.- Zazpi kantoietan izenburua jarri deutsazue diskoari. Zergaitik?

Zazpi abesti dagoz diskoan eta Euskal Herrian be zazpi kantoi dagoz. Beste barik buztarketa polita otu jakun. Ganera, disko laburra izan arren, zazpi abesti horreetan danetariko estiloak atzemon leikez entzuleak, oinarrian gure betiko rock&roll zuzena dago baina badagoz hor tartean funky erritmoak, country-folka, batukadea, zeozelako rock dance be bai, tenpo bajuak, akustikoak... Ezelako konpleju barik sartu gara estilo horreetan guztietan baina geure betiko esentziari eutsiz.


2.- Diskoaren azala be deigarria da, arrosa kolorekoa eta artifizio larregi bakoa...

Bai. Egoereak kutsatuta, kopeta ilun gagoz danok be eta gure musikeagaz be bizipoza, entzuleen gorputz atal danak jantzan jarteko gogo horrezaz gan, diskoaren azal koloretsu horregaz be mezu hori zabaldu gura dogu, hau da, Euskal Herriak kolorea behar dauela, bizitasuna, esperantzea ez dala sekula galdu behar.


3.- 10 urteko ibilbidean 5 disko plazaratu dozuez eta Gatibu markea edo soinua erraz atzemoten da lehenengo akordeetan... Zeure ahots indartsuak be zeresana izango dau horretan, ezta?

Bai. Talde bakotxak bere nortasuna dauka eta urteen porasuz geuk be lortu dogu geurea eta ez da gitxi; freskurea, oinarrizko rock&rolla dago Gatiburen esentzian baina beste estilo batzuk baztertu barik. Eta ahotsarena be bai, jakina, soinuaren indarra ez eze, ahotsa be nabarmentzen dalako talde guztietan legez.


4.- Kolaborazinoen atalean zer azpimarratuko zeunke?

Bueno, Iñigo etxebarrieta teknikariak grabazino, nahasketa eta masteringa egin ditu Muxik-on estudioan. Musika produkzinoa Haimar Arejitaren ardurea izan da. Eta koruetan, berbarako, Asier Gusmano eta Arkaitz Ortuzar nabarmenduko neukez.

Gabak zerueri begire kantuko batukadea, barriz, Jorge Pacheco perkusionista hernaniarraren, Euskadiko Orkestra Sinfonikoan be joten dauenaren, Ander Hurtado de Saratxoren, Juanma Urrizaren, Asier Garciaren eta Gaizka Salazarren ardurea izan da.


5.- Oraintsu Gernikan, kalean jo zenduen bideoklip baterako irudiak eta hartzeko. Noiz ikusiko dogu bideoklip hori?

Bixotza sutan lehenengo singelaren bideorako irudiak izan ziran Gernikan, kalean grabau genduzanak eta batzuk pentsau eben horixe zala bideoaren grabazinoa. Eszena gehienak prest dagoz eta laster izango da bideoa ikusgai baina oraingoz ezin deutsut zehaztu noiz izango dan.


6.- Zazpi kantoietan diskoaren zuzeneko aurkezpen bireari eguaztenean, abenduaren 5ean, ekingo deutsazue Durangon baina hortik aurrera be makinatxu bat hitzordu izango dira Gatibu zuzenean ikusteko... Zale sutsuenak Bizkaian izango dozuez baina beste lurraldeetan zelako erantzuna dozue?

Bai. Durangoko Azokearen inaugurazinoaren bezperan, Plateruenan joko dogu. Gogo handia daukagu zuzenekoakaz hasteko eta Durangon giro polita egongo dala uste dot. Atara kontuak astebete lehenagotik sarrera guztiak agortuta dagoz. Hortik aurrera, abenduaren 29an, Bilboko Santana 27 aretoan joko dogu eta hori da gure apostua, areto berezia da, jente asko sartzen da eta akustika bikaina dauka; 2013ko urtarrilaren 5ean, barriz, Elizondoko Lur aretoan izango gara; urtarrilaren 11n, Bermeon; 12an, Gasteizen; zezeilaren 2an, Ondarroan; eta 22an, oraingoz azkena, Donostian.

Bigarren galdereari erantzunez, leku danatan hartzen gaitue ondo. Lehendik be kontzertu asko emonda geunkazalako, 2012an Bizkaian ez joteko erabagia hartuta geunkan arren, Amoroton izan ginan zuzenean eta, beraz, Bizkaiko zaleak gure kantuak zuzenean entzuteko gogo handiz egongo dirala pentsetan dot. Ganerakoan, Iparraldean, Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin be ibili gara joten eta Zuberoan, berbarako euskal giro peto-petoa dago eta giro ona sortzen da.


7.- Kontzertuetan zer entzungo dan gitxi gorabehera badakigu baina zer ikusiko dan... Zeozer aurreratu zeinke?

Dakizun moduan, kopla larregi barik antolatzen dogu eszenografia ze musikeari berari emoten deutsagu garrantzia. Rock&rolla da jarrerea, jotea eta eszenatokia beteteak arduratzen gaitu alde bisualak baino. Beraz, proiekzinorik eta holakorik ez dozue ikusiko. Eszenatokiaren atzealdean baltza izango da nagusi eta aurrean, barriz, diskoaren azalean agiri dan fuksia kolorea, iluntasunetik argitasunera, lehen esan deutsudan legez. Taldearen presentzia, barriz, aurre-aurrean nabarmenduta egongo da.


8.- Salbuespenak salbuespen, disko salmentatik bizimodua ataratea ez da bape erraza eta zuzenekoetan egurra emotea, besterik ez dago...

Bai. Diskoak saltzea sano gatxa da gaur egun, lehendik be jentea ez egoan prest dirua horretan gastetako eta orain zorioneko krisiagaz gauzak gatxago dagoz. Edozelan be, guk apustu berezia egin dogu prezio nahiko merkea jarrita, Zazpi kantoietan 12 euroan dago eskuragarri eta Durangon eta polito salduko dala esango neuke. Datu legez baino ez bada be, diskoa prentsaurrekoan aurkeztu genduan egunean, diskoak sinatzen ibili ginan eta di-da 30 bat saldu genduzan.


9.- Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokan disko salduenetakoa izan daiteke Zazpi kantoietan. Ze gogoeta eragiten deutsu horrek?

Taldeak 10 urteko ibilbidean 40 bat kantu eta makinatxu bat kontzertu emon ditu Euskal Herri osoan, baita kanpoan be, berbarako, Irlandan izan gara aurten eta esperientzia oso polita izna zan. Gatibuko taldekideak oso ondo konpontzen gara gure artean, Gatibu soinua edo markea lortu dogu, jentea jantzan jarten dogu eta ez da gitxi. Durangon salduenetakoa izatearena bizi izan dogu inoiz eta gauza ederra da, urteetan egindako lanaren autortzea da, jenteak emoten deutsun babesa. Beraz, presinorik eta nerbiorik ez dogu igarten, ahalik eta ondoen egin dogu diskoa, aurrekoak baino landuagoa dala esango neuke eta, beraz, erantzuna ikusteko itxarotea, besterik ez jaku geratzen.


10.- Sortuko dira besteak kontzertu zikloan be bazabiz eta oso gustora ikusten zaitugu...

Bai, aurretik Xabier Leteren kantuak ardatz hartuta ibili ginan eta orain, barriz, Euskal Herriko kantari klasikoen abestiei beste arnas bat emoten eta, bestetik, nazinoarteko ahots handi batzuen doinuak euskerara ekarten gabiz eta ikus-entzuleek Jacques Brel, Leonard Cohen, Pablo Milanés, Loreena McKennitt eta Rolling Stonesen abestiak entzun ahal izango ditue. Oso gustora nabil bai, norberaren estilotik apur bat aparte kantetan dogu eta sano erakargarria da hori; egia esan, danok gabiz gustora, Eñaut, Mikel Pier Paul, Arantza Irazusta, Petti, Amets, Bernardo Atxaga... Bakotxak bere estiloan ekarpentxua egiten dau eta pare bat ordu pasatxoko ikuskizuna polito geratzen da. Hurrengo kontzretua abenduaren 15ean daukagu, Gasteizko Principal antzokian, eta 22an, barriz, Donostiako Kursaalen.


11.- Bakarkako ibilbide horretan, taldearen babesik barik, zelan ikusten dozu zeure burua? Bakarlari moduan beste bide bat zabaltzeko aukerea ikusten dozu?

Ez, ez. Momentuz ez dago holako pentsamenturik nire buruan. Gozamenerako aukerea da, Joxan Goikoetxeak zuzentzen dau taldea, musikari danak goi mailakoak dira, Txema Garcés Xanet Arozena, Miren Zeberio, Luis Fernandez, Oriol Flores eta horreekaz lan egitea plazerra da.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu