'Surfeatu ezazu euskararen olatua', euskerearen olatuek urrunera heldu gura dabe

Bizkaie! 2012-12-04 10:56   Euskerea berbagai

Surfeatu ezazu euskararen olatua iragarkia aurkeztu dau Etxepare Euskal Institutuak, Euskeraren Nazinoarteko Egunaren harira. Hurrengo hileetan erakundeak landuko dituan hainbat egitasmo irudikatuko ditu iragarkiak.

Surfeatu ezazu euskararen olatua iragarkia aurkeztu dau Etxepare Euskal Institutuak, Euskeraren Nazinoarteko Egunaren harira. Hurrengo hileetan erakundeak landuko dituan hainbat egitasmo irudikatuko ditu iragarkiak.

Aizpea Goenaga Etxepareko zuzendariak, Sancho Rodriguez Surfilm Jaialdiaren buruak eta Edurne Ormazabal eitb.com-eko arduradunak proiektu honen ideia nagusiak aurkeztu ditue Donostian.

Euskerea beste bide batzuetatik zabaltzeko asmoz, gauza bi bateratu dituela azaldu dau Aizpea Goenagak, alde batetik gure kostaldeko olatuak eta bestetik euskerea, beraz gure helburua euskerea beste eremu desbardinekaz erlazioneta da eta ez arlo akademikoagaz bakarrik. Sancho Rodriguezen ustez, iragarkiaren helburua bide barriak zabaldu eta munduko persona guztietara heltzea da, batez be gazteengana. Edurne Ormazabalen arabera, proiektua ideia barri eta parebakoa da euskerea zabaltzeko.

Daborduko, iragarkia ikusgai dago Etxepare Euskal Institutuaren sareko ohiko lekuetan. Eitb.com guneak eta ETB3 telebista kateak be zabalduko dabe.

Etxeparek bidez guztiz desbardinak edegi gura ditu bere hedapenari jagokonez. Surfilm Festibal zinemaldiagaz sinatutako hitzarmenari esker, berbarako, euskerea eta hizkuntzari buruzko azalpenak Korduroy.tv surfeko telebista independente ezagunean izango dira entzungai.

Cyrus Sutton estatubatuar zinemagile ospetsua euskal kostaldera etorriko da 2013. urteko urtarrilean, eta bertan hiru film labur grabauko ditu. Euskal surfa eta euskal surflariak erakusteaz gan, euskeraz eta euskerearen ganean hitz egingo dabe lanek.

Horrezaz gan, Etxeparek mundu osoko 37 unibersidadeetan euskerea eta euskal kultura irakurletza sarean ikasle diranen artean Facebook bidezko argazki lehiaketea sustatu dau, Etxepare Munduan izenpean, Institutuaren sarea zein uritara heltzen dan erakusteko asmoz. Irabazleek sari ederra jasoko dabe: udan euskal barnetegi batean euskera ikasteko aukerea eta Euskal Herrira bidaiatzeko laguntzinoa.

Holan, sareko uhinek urruneko kostaldetara erraz eta bizkor heltzeko aukerea eskaintzen dabe, eta bide horretatik landuko ditu Etxepare Institutuak beste hainbat ekimen, esaterako Badu, bada erakusketearen zabalkundea, bere webgune eleanitzaren sustapena nazinoartean, munduko hainbat eragileei Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzeko emondako babesa, berbarako Boiseko ekitaldietan edo Kirmen Uribe idazleak Frantzian egingo dauen biran.

Iragarkia, hemen, ikusgai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu