Aiert Goenaga: 'Auzolana berreskuratu eta indartu egin dogu'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-12-03 11:11   Barriketan
Durangoko Azokako zuzendaria

Hemen da Durangoko 47. Euskal Liburu eta Disko Azokea. Egun bat gitxiagoa izan arren, inoz baino egitarau zabalagoa dakar ganera, 300 ekitaldi, hain zuzen be. Aurkezpenak, antzerki saioak, umeentzako ikuskizunak, errezitaldiak, kontzertuak, mahai-inguruak, animazino emonaldiak... danetariko eskaintzea atondu dabe, Durangora doazen guzti-guztiek gustuko proposamenak topau deiezan.

Hauxe dau lehenengo urtea zuzendari lez Aiert Goenaga ondarroarrak, artega eta lasai, bietara nahastean, harrapau dogu urte osoko beharrari azkenengo ikutuak emoten.


1.- Hauxe dozu lehenengo urtea, zelan dago Durangoko Azokako zuzendari barria?

Urduritasun puntu bategaz, bai. Dana ondo urten daitela nahi dogu, eta horrek emoten dauen urduritasunagaz. Aste gogogorra daukagu aurrean, baina eutsiko deutsagu. Beste alde batetik lasai gagoz sekulako lanketea egin dogulako bai egitarauan bai azokearen ereduan bai Landakon bertan. Lan handia egin dogu. Horren danaren emoitzea ikusiko dogu egunotan.


2.- Jon Irazabal izan zan joan dan urtera arte zuzendaria, haren laguntzinorik edo aholkurik jasoko zenduan, ezta?

Jon beti dago inguruan, beti laguntzeko prest, edozein momentutan. Alde teknikotik asko-asko daki. Duda barik, Jon alboan euki dot momentu guztietan.


3.- Beterania eta barritasuna batu dozuez, orduan...

Bai, eskola desbardinak eta proiektu bakarra daukagu. Hori ardatz hartuta, biok daukaguzan ideiak garatu nahi izan doguz. Jonen beterania, egiten jakite hori, oinarrizkoa izan da niretzako hainbat arlotan.


4.- Aldaketa sasoia bizi dau Azokeak. Igaz ikusi genduzan lehenengo aldaketak, gune barriakaz, batez be. Aurton be igarriko dau aldaketarik bisitariak?

Igaz hasitako bidea egonkortu eta indartu egin dogu aurten. Alkartean egindako hausnarketa estrategiko baten ondorioz, erabagi genduan Azokeari zabalkundea emon behar geuntsola, eta besteak beste, diziplina barri batzuk plazaratzea. Zabalkunde proiektua argi daukagu, baina pausuz pausu, apurka-apurka egin nahi dogu.

Gerediaga alkarte txikia da, gure baliabideak oso mugatuak dira. Ez dogu itoko gaituan aposturik egin gura. Beraz, aurtengo helburua igaz zabaldutako gune barriak (Irudienea, Kabia eta Szenatokia) egonkortu eta indartzea izan da. Behin horreek sendo dagozanean, eukiko dogu astia beste diziplina batzuetara salto egiteko.


5.- Guneak indartzeari ekin deutsazue edizino honetan, beraz. Egitarau bete-betea daukazue, 300 bat ekitaldi, danetara.

Igazkoa lehenengo prototipoa-edo izan zan, ez genkian zelako harrerea eukiko eban. Ideia eta egitaraua interesgarriak ziran gure eretxiz, baina ezin jakin jenteak zelan erantzungo dauen. Aurreikuspenak bete eta gainditu egin ziran. Horrek beti animetan zaitu. Igaz funzionau eben elementuak hartu eta indartu egin doguz. Szenatokian bertan, arte eszenikoei eskainitako espazioan, esaterako, antzerki maratoia hiru egunean eskainiko dabe, eta joan dan urtean egun bakarra izan zan. Antzezlan luzeak be harrera ona euki eban, eta aurten be domeka arrastian saioa egongo da. Nobedadea bakarrizketak izango dira.

Kabia, teknologia barrien gunean, be erispide bera euki dogu: ondo funzionau dauena sendotu eta egitaraua zabaldu. Jakina, teknologia barrien arloko adituekaz alkarlanean jardun dogu, eta egitarau polita atondu dabe.

Irudienean be (ikus-entzunezko sorkuntzearen eremua) aldaketak egin doguz, igaz autobus bat izan eban aterpe, baina txiki geratu zanez, oraingoan Landakon bertan egongo da. Salto polita egin dogu Irudienean be.


6.- Eredu parte-hartzailearen alde egin dozue, auzolanaren garrantzia aitatu dozue behin baino gehiagotan.

Alkarteek egindako ekarpena sekulakoa izan da, izan be agente desbardinek gunez gune behar handia egin dogu. Lanketea derrigorrezkoa da kalidade maila honetarako, bai egitarau bai planteamendu aldetik. Zenbat eta kulturgintzea osotzen daben katenbegi gehiagogaz jardun, lortutako emoitzea danen preminetara hobeto egokituko da. Alkarteakaz alkarlanean jardutea beharrezkoa da.


7.- Krisi sasoian alkarlanak garrantzi handiagoa dauka?

Orain bost-hamar urteko egoerea ekonomikoa eta gaur egungoa guztiz desbardinak dira, salto handia emon dogu, txarrerako. Beste eredu bat planteetara eroan gaitu. Auzolan eta alkarlan kontzeptuak berreskuratu eta indartu egin doguz egoerea dala eta. Baina arrazoi ekonomikoakaitik bakarrik ez, benetan sinisten dogulako be egin dogu.


8.- Egoera ekonomikoak izan dau eraginik Azokan, aurten egun bat gitxiago izango dau, ezta?

Bai, hori da krisiak eragindako aldaketarik handiena, bost egun barik, lau izatea. Horrezaz gan, erakusmahai gitxiago dagoz aurten, igaz baino 20 gitxiago, hain zuzen be.


9.- Krisiak krisi, aurten inozko egitaraurik zabalena izango da Durangon. Zelan lortu dozue?

Bost egun, halan edo holan egin barik, gurago izan dogu lau egunetan dana sartzea. Durangora datorren jentea gustura egotea nahi dogu, bueltetako asmoz joan daitezela. Durangoko Azokea topalekua da, sortzen dan giroagaitik, eskaintzen dogun egitaraugaitik... gauza askoren emoitzea da. Egitarauan apostu handia egin dogu, ez dogu gitxiago izan nahi.


10.- Orduan, diru faltan izan arren, posible da eskaintza zabala atontzea?

Gauza batzuk beste modu batera egin daitekezela erakusten dau horrek, baina ezin geinke jentea engainau, ze diru barik gauza asko ezin dira egin. Aurrekontu bat daukagu, eta horregaz hainbat gauza egitea ezinezkoa da. Sortzaileekaz planteamendu desbardinak aztertu doguz, danon interesak zelan batu ikusten ibili gara. Ahotseneak zabaldu eban bide hori, publikoa eta sortzaileen arteko komunikazinoa ahalbidetzea. Sortzaileentzako eurentzako oso interesgarria eta erakargarria da proposamena, lana beste modu batera emon daitekelako, eta jenteak be, beste era batera ezagutzeko aukerea dauka.


11. Aurten, ganera, beste pausu bat emon dozue, izan be programatzaileak konbidau dozuez, ezta?

Bai, programatzaileei Durangora etorteko deialdia egin deutsegu, lau egunetan hemen egiten dana ikusteko. Datorren urtean euskerazko saioak programau gura dabenek hemen ikusiko ditue nobedaderik gehienak. Programatzaileak konbidau doguz, ia ze erantzun emoten daben. Sortzaileek saioren bat lotu ezkero, guretzat ederto, eta eurentzako, hobeto. Eta, jakina, programatzaileentzako be aukera polita da.


12.- Durangoko Azokea urteroko topalekua da jente askorentzat, salerosketa hutsa balitz, akaso ez leukez 47 urte beteko?


Azokea merkatuaren eta topalekuaren arteko orekea da, jenteak plan desbardinak egiteko aukerea dauka, bakotxak gauza bati emoten deutso garrantzia. Lagunekaz batu, zeozer erosi, herritik ibili, zeozer hartu... bizitasun handia egoten da egunotan. Salerosketa hutsa balitz, ba, igual ez leuke hainbeste urte izango. Ezin jakin. Ganera, konsumo joerak aldatzen doaz, segueruenik salmenta hutsa izan ezkero, Azokeak beste ibilbide bat euki beharko leuke. Merkatu handi bat da, baina beste hainbat gauza daukaz topaketea berezi egiten dabenak.


13.- Gogoetea egiteko astia izan dozue aurten, Askarako izeneko zikloan. Durangoko Azokearen eskutik jaio, eta Larrabetzuko Literaturiaren babesean abiatu zan Askarako zikloa. Zertan da gogoetea?

Askarako hausnarketa ziklo bat da. Orain urte bi alkartearen barruan sortutako hausnarketa estrategiko batetik urtendako emoitzetako bat da Askarako. Azokeak zer izan behar dauen, edo kulturgintzan ze funzino bete behar dauen, aztertu gura genduan. Hausnarketarako gune barri bat sortu nahi izan dogu, bizi propioduna. Ia etorkizunean ze itxura hartzen dauen. Abendutik harago, Azokeak bere presentzia eukitea nahi dogu.

Lehenengo pausua Larrabetzuko Literaturian emon genduan, han egin zan lehenengo mahai-ingurua. Zergaitik ez da ikusgarria euskal kulturgintzea komunikabideetan?, galdera horri erantzutea izan zan proposamena. Ostean, Azpeitian sortzaileen topaketak egin ziran, eta handik Ondarroako Marabilli jaialdira. Azokan amaituko dogu Askarako gogoeta-zikloa, bertan egingo dogu azkenengo mahai-ingurua. Hausnarketearen emoitzak kaleratuko doguz bertan.

Datorren urterako helburua Askarako sendotzea da, proiektu bizia da. Beste aukera batzuk dagozala ikusi dogu, aterik behintzat ez dogu itxiko. Ekarpenak egiteko gune aproposa da, indar metaketea egitea da gure asmoa, sare bat jostea, eta danon artean, ekarpenak egitea.


14.- Zeintzuk dira une honetan Durangoko Azokearen erronka garrantzitsuenak?

Teknologia barriek dakarren salto handi horretarako prest egotea da gure erronka garrantzitsuenetakoa. Teknologiek dinamika desbardinak ekarriko ditue kulturgintzara, hainbat prozesura dagoz zabalik, eta guk arreta handiz segiduten ahalegintzan gara. Ez dogu nahi atzean geratu, XXI. mendeko Azokea izaten segidu gura dogu, euskal sorkuntzearen benetako erakusleihoa.


15.- Guneak eta diziplinak zabaldu dozuez, artisauek antolatutako Euskal Denda be sasoi berean egiten da, pentsau dozue inoiz bat egitea?

Durango uri-azokea bihurtu beharko leukela ikusten dogu; gitxika-gitxika, beste espazio batzuk be Azokearen parte bilakatuko daitekez. Igaz, Szenatokia gunearen bidez, San Agustin kulturgunea gehitu genduan. Oso ondo funzionau eban, sekulako erantzuna izan eban, eta aurten be San Agustin egitarau barruan dago. Berez, Azokearen planteamendu naturala hori da, uriko beste eremu batzuetara zabaltzea, uri-azokea izatea. Eta hor sartu daiteke Euskal Dendea, bai, aterik ez deutsagu inori itxiko. Ikusi beharko geunke ia danon planteamenduak zelan gorpuzten diran, bakotxak ze helburu dakarzan. Edozein mobimentu kulturalek ateak zabalik daukaz, jakina.


16.- Azokea antolatzeaz nahikoa ez, eta Morritson eta Gartzia 3D formatuan egindako euskerazko lehenengo film luzeko zuzendari eta produktorea zarala ikusi dogu. Danetarako astia topau dozu gero!

Batzutan pentseten dot egunak 24 ordu barik gehiago euki ezkero (barreka)... Proiektuak ez deusku denpora asko eskatu, errekorren bat apurtu dogu, seguru: ordu eta laureneko pelikulea bost egunean egin dogu, planteamendua, lekuak topau eta grabau. Azokako guneak indartzea izan da gure asmoa, eta Irudienean euskerazko 3Dko lehenengo film luzea eskaintzea aukera polita zala ikusi genduan. Irudienean bertan estreinauko dogu, hilaren 7an.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu