Rock doinu gehiago dakar Seiurte taldeak 'Atlantida' disko barrian
2012-11-28 14:33 MusikeaSeiurteren aurrekoakaz alderatuta, disko rockeroagoa da Atlantida, pop doinuak ez dira horren garbi atzemoten, rockeranzko jokera handiagoa dago. Rockeroagoa ez eze, ilunagoa be bada lan barria.
Berrizko laukotea 1997an sortu zan eta, dagoeneko, seigarren diskoa dau honako hau. Betiko pop ikutua galdu barik, badirudi oraingoan lan rockzaleagoa egin dabela, izan be, Seiurtek norabide barria emon nahi izan deutso bere ibilbideari. Atlantida diskoa, serioagoa eta helduagoa dala adierazo dabe Seiurtekoek. Baga-Biga diskoetxeagaz argitaratu dabe.
Urteotan egin dogun bidea galdu barik, zeozer barria egiteko asmoz hasi ginan disko honetako abestiak pentsetan, azaldu dau Iokin Elortza Seiurte taldeko kideak, Bilbon egindako aurkezpenean. Aldaketa horretarako arrazoi sendorik ez daukie, beste barik, erronka moduan hartu dogu, geure dinamikea apurtzeko asmoz, disko bat beti aurrekoaren jarraipen hutsa ez daiten izan. Holan, 20 kanta inguru sortu zituen, hori ez da ohikoa gugan, normalean disko bakotxerako 13-14 kanta sortzen izan doguz orain arte, azaldu dau Elortzak. Aukeraketea eginda, Atlantida diskoan, hamaika abesti sartu ditue.
Diskoaren ideieagaz hasi ziranean, Iokin Elortzak esan dauenez, guk geuk be ez genkian norabide aldaketeak nora eroango gintuan, baina kantek urten ahala ikusi dogu. Atlantida, Seiurteren aurrekoakaz alderatuta, disko rockeroagoa da, pop doinuak ez dira horren garbi atzemoten, rockeranzko jokera handiagoa dago. Rockeroagoa ez eze, ilunagoa be bada lan barria, dino Elortzak, baina abesti batzuetan ohiko Seiurteren alaitasuna gorde dogu. Helduagoa edo serioagoa dala be esaten dabe adituek Atlantida lanari buruz, bai, izan leiteke serio itxurakoa, baina guk beti egin doguz diskoak seriotasunez, beraz itxura kontua da gehienbat, zehaztu dau Elortzak.
Seiurtek melodiari, doinuari, garrantzia handiagoa emoten deutso letreari baino, Iokin Elortzaren arabera. Dana dala, oraingo honetan, uste dot inozko letrarik onenak egin doguzala. Halandabe, melodiaren indarra ez dabe galdu: Atlantidan, Iokin Elortzaren ahotsa ez da horren gardena eta, gitarrak, protagonismo handiagoa hartuta agiri jakuz. Aurreko lanetan euren kabuz egin zituen musika nahasketak eta, oraingoan, Eñaut Gaztañagaren estudiora jo dabe, Zestoara. Elortzaren ustez, beste batek norbere kantak interpretetan dituanean, beste ikuspegi bat agertuten da, horregaitik jo dogu Eñautengana.
Atlantida, diskoaren izenburua, abesti baten izena be badala azaldu dabe Seiurtekoek, baina azken aukeraketea egiteko orduan, diskotik kanpora geratu zan. Atlantida kontzeptuagaz adierazo nahi dogu, helburu bat oso-osorik betetera ez garela sekula be helduko, baina hobekuntzearen bila jarraitzeko motibazinoa emoten dau, horixe transmitidu gura dogu diskoagaz, adierazo dau Iokin Elortzak.
Durangoko Liburu eta Disko Azokan, Ahotsenea gunean egongo da Seiurte, Atlantida aurkezten. Gero, kontzertu birea be hasiko dabe, urtarrilean. Durangon eta Ondarroan joko dabe, besteak beste, taldekideek aurreratu dabenez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!