Kontseiluak Nazino Batuen Erakundera eroan dau 'euskeraz biziteko nahia'
2012-11-28 11:54 Euskerea berbagaiGiza Eskubideen Batzordeko Gitxiengoen Gaietarako aditu independenteak bosgarrenez antolatu dau gitxiengoen auziei buruzko foroa, eta aurten NBEk orain 20 urte onartutako Gitxiengo Nazional edo Etniko, Erlijioso eta Linguistikoetako Kide diran Personen Deklarazinoa izan dabe berbagai.
Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao Nazino Batuen Erakundearen (NBE) Giza Eskubideen Batzordearen Gitxiengoen Gaietarako adituak antolatutako forumean egon da bart, Genevan, eta Euskeraz bizi nahi dut aldarrikatu dau bertan.
Giza Eskubideen Batzordeko Gitxiengoen Gaietarako aditu independenteak bosgarrenez antolatu dau gitxiengoen auziei buruzko foroa, eta aurten NBEk orain 20 urte onartutako Gitxiengo Nazional edo Etniko, Erlijioso eta Linguistikoetako Kide diran Personen Deklarazinoa izan dabe berbagai.
Kontseiluko idazkari nagusiak hirugarrenez hartu dau parte foro honetan eta Deklarazinoaren balioa zalantzazkoa dala adierazo dau Genevan: Holako tresnak bezain garrantzitsuak dira bertan jasoten diran printzipioak beteko dirala bermatuko dituen mekanismoak, adierazo dau Bilbaok. Euskereagaz lotutako bi adibide mahaigaineratu ditu Kontseiluko idazkari nagusiak bertan batu diran nazinoarteko instituzino eta eragileen aurrean.
Batetik, Deklarazinoak Ipar Euskal Herriari jagokonez ez dauela ezelako baliorik adierazo dau. Are gehiago, aditu independente honek orain bost urte gomendio zehatzak egin eutsozan Frantziako Estaduari eskubide kolektiboak autortzeko eskatuz, eta Estaduak ez deutse jaramonik egin aitatu eskaerei, gaineratu dau Bilbaok.
Gauzak holan dirala, Deklarazinoa onartu zanetik 20 urte pasau diranez, barrikusketarako garaia dala adierazo deutse Kontseiluko idazkari nagusiak bertaratutako kideei, besteak beste, Nazino Batuen Erakundeko Giza Eskubideen goi mandatariari.
Horregaz batera, Hego Euskal Herriko egoereari buruzko pare bat argibide be emon ditu Bilbaok. Batetik, gogora ekarri dau Europako Kontseiluak Espainiako Estaduari eskatu deutsola beste jarrera bat izan daiala gitxiengo nazional deitutako kolektiboakaz eta horreei izaera autortu behar deutsela. Era berean, Kontseiluko ordezkariak Nafarroako hainbat ikaslek bizi daben egoerearen barri emon deutse bertaratutakoei: XXI. mendeko Europan 1.400 neska-mutikok urtero bost miloe kilometro egin behar izaten ditue gure hizkuntzan eskolatzeko.
Azkenik, Bilbaok euskerearen herriak eta euskal hizkuntza-komunidadeak euskerearen herrian euskeraz biziteko eskubidea dauela aldarrikatu dau bileran.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!