Xabier Azkue zumaiarrak irabazi dau Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketea

Bizkaie! 2012-11-26 11:28   Euskerea berbagai

Xabier Azkue nagusitu zan finalean, akatsik bako lana egin eta gero. Haren ondoren sailkatu ziran Oier Zulaika gazteiztarra, Javier Altuna getxotarra eta Beñat Muguruza irundarra, lehiaketa ederra egin ondoren. Zumaiako Udaleko euskara teknikaria da Xabier Azkue.

Giro ezin ederragoan eta Luma denborapasa eta berba joko aldizkariak antolatuta, Irunen jokatu da astegoienean Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen VI. Txapelketea. Euskal Herriko txoko guztietatik etorritako hogeita hamasei lehiakide batu ziran Irungo Ola Sagardotegira, berba gurutzatu zale euskaldunen txapela eroan guran, eta ezuste handirik izan ez bada be, finaletik kanpo gelditu dira lehenengo postuetarako faborito batzuk, Ainhoa Arregi, igazko txapelduna tarteko. Xabier Azkue nagusitu zan finalean, akatsik bako lana egin eta gero. Haren ondoren sailkatu ziran Oier Zulaika gazteiztarra, Javier Altuna getxotarra eta Beñat Muguruza irundarra, lehiaketa ederra egin ondoren. Zumaiako Udaleko euskara teknikaria da Xabier Azkue.

2007an antolatu eban Luma denborapasa eta berba joko aldizkariak Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen lehenengo txapelketea, orain arte beti Irunen jokatu dana, uri horretan argitaratzen baita aitaturiko agerkaria. Goiz partean garatzen da txapelketea eta, finalerako txartela lortu ahal izateko, antolakuntzeak proposaturiko hiru berba gurutzatu taula bete behar ditue, zuzen eta bizkor, lehiakideek. Berrogei eta bost minutu ditue lehiakideek lehenengo bi probak amaitzeko, eta horreek amaitu ondoan egiten da lehenengo selekzinoa, hamasei lehiakidek baino ez dabelako izaten finalaurreko proba jokatzeko aukerea. Lau lehiakideren artean jokatzen da finala, jentaurrean, panelean egokitu jaken lana ahalik eta egoki eta azkarren amaitzeko asmoz.

Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketea ez da sinonimo txapelketa hutsa, euskerearen alderdi jostalarienen eta, oro har, euskal kulturearen eta ezagutza zabala eskatzen dauen ibilaldi bizi, burutsu eta irudimentsua baino, lehiakideak unean uneko oztopotxoak gainditzeko behar dan ernetasun horren jaube izatera behartzen dituana.

Luma denborapasa eta berba joko aldizkariak Irungo Udalaren, Eusko Label Kalidadea Fundazinoaren eta Irungo Ola Sagardotegiaren laguntzinoa jaso dau Euskal Herriko Hitz Gurutzatuen Txapelketa honen seigarren edizinoaren antolakuntzan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu