San Nikolas ikastoleak Argia Ereiten Saria jasoko dau bere 50. urteurrenagaitik

Bizkaie! 2012-11-23 10:31   Euskerea berbagai

Algortako San Nikolas Ikastoleak jasoko dau aurten Getxoko Udalak urtero antolatzen dauen Argia Ereiten Euskara Saria, aste batzuk barru 50 urte beteko ditualako. Sariak, bere hirugarren edizinoan, herrian euskerearen irakaskuntzan, normalkuntzan eta zabalkundean ikastoleak hainbeste urtetan egindako ekarpena nabarmendu nahi dau.

Algortako San Nikolas Ikastoleak jasoko dau aurten Getxoko Udalak urtero antolatzen dauen Argia Ereiten Euskara Saria, aste batzuk barru 50 urte beteko ditualako. Sariak, bere hirugarren edizinoan, herrian euskerearen irakaskuntzan, normalkuntzan eta zabalkundean ikastoleak hainbeste urtetan egindako ekarpena nabarmendu nahi dau. Saria, Luis Artolak landutako egurrezko ikurra, zemendiaren 28an, eguaztenean, 20:00etan, Faduran izango dan ekitaldian hartuko dau ikastoleak.


Kokapen desbardinak

San Nikolas ikastolea Algortako Areneazpi kalean bi eraikinetan lekutu arte toki askotatik igaro da. 1963an abiatu zan bederatzi familien etxeetan eta Begoña Abaitua andereñoagaz (egun Alemanian bizi dana). Nahiz eta orduko giroak ez eban bape lagundu, familia horreen ahaleginari eta ilusinoari esker, baliabide faltea eta zailtasunak gainditzen joan ziran eta proiektuak aurrera egin eban, hurrengo ikasturtean 45 ikasle izan baitziran eta, 1968an 202 izatera heldu ziran. Irakaskuntza Libreko Zentroa zan eta ikasketak euskeraz egin arren azterketak gaztelaniaz egiten zituen ikasleek. Gurasoen eta irakasleen kontzientziazinoak hazkunde etenbakoa ekarri eban, lehenengoz Alangoko txalet batera eta gero Bidebarri kalera aldatuz.


Momentu esanguratsuak eta hezkuntza-proiektua

Zentroaren bizitzan momentu esanguratsu asko egon dira, tartean, 1970-1971ko ikasturtean Irakaskuntza Zentro Kooperatiba modu ofizialean erregistrau zan; 1976-1977koan, BBPko gelak sortu ziran eta hurrengo urteetan haurtzaindegia; 2002ko Ibilaldia eta abar.

Gaur egun Haur eta Lehen Hezkuntzak, eta DBH eskaintzen ditu ikastoleak, baina heziketa akademiko horrezaz gan, erronkea ikasleen heziketa intregrala lortzea izan da beti. Horregaitik, helburuen artean euskerea eta euskal kulturea zabaltzea, eta inguruko ohiturei begirunea erakusten deutsen gizaki sortzaile, arduratsu eta profesionalak heztea be badago, aurrerapen teknologikoakaz eta kirola garatzeagaz bat egiteaz gan.

San Nikolas ikastolako geletatik getxotarren belaunaldi asko pasau dira eta hurrengo hileotan bai zentro barruan bai kanpoan antolatuko diran jardueretan (50 urte-50 mendi, Algortako euskal jaia, argazki erakusketak, lehiaketak, bideoak...) parte hartu nahi izango dabe, Argia Ereiten sariaren parte be sentiduten diralako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu