Koktel tropikalaren modukoa da Itziarren Semeak taldearen disko barria
2012-11-22 14:44 MusikeaDale Candela izen latinoa ipini deutso talde bizkaitarrak bere lanari. Izan be, alde batetik, erritmo barrien bila Latinoamerikako musikeari begiratu deutsie eta, estetikan be, hango iraultza herrikoiak gogoan izan ditue.
Dale Candela izen latinoa ipini deutso talde bizkaitarrak bere lanari. Izan be, alde batetik, erritmo barrien bila Latinoamerikako musikeari begiratu deutsie eta, estetikan be, hango iraultza herrikoiak gogoan izan ditue. Beste alde batetik, aitatzekoa da emakumeek diskoan daukien presentzia, taldekide guztiak gizonezkoak izan arren, diseinuan eta argazkietan emakumeei lekua egin deutsie. Euren ohiko bidetik, gizarteko bidebakokerien aurka kantetan dabe Dale Candela lanean Itziarren Semeak taldekoek eta, oraingo honetan, emakumeek gizartean jagoken lekua topetako aldarria be gehitu deutsie horri. Mauka zigiluagaz argitaratu dau lan barria Itziarren Semeak taldeak eta, grabazinoa, Andoaingo Garate estudioan egin dabe, Kaki Arkarazogaz.
Dale Candela izenburua harrigarria izan leiteke zale askorentzat, euskeraz abesten dauen talde bateko diskoa izanda. Dale Candela Latinoamerikan sarri erabilten dan esamoldea da eta, oraingoan, hara asko begiratu dogunez, egokia begitandu jaku, ganera emon egurra esatearen parekoa da, azaldu dau Ibon Itziarren Semeak taldeko abeslariak. Candela berbeagaz esanahi asko batzen dituela be aitatu dau: Candela izan leiteke emakume izena, ez emakume jakin batena, edozeinena baino eta, guk, diskoan, emakumeak oso gogoan euki doguzanez, izenburu hori egokia da; bestetik, kandelak, argia emoteko erabilten dira eta gure ibilbidearen etorkizuna argituko dauen diskoa dalakoan gagoz. Dale Candela diskoagaz, pausu bat aurrera egin dabela autortu dabe taldekideek, koktel tropikala da, estilo ugari nahasten dira 15 kantetan, esan dau Ibonek. Funky edo teknoa lako estilo desbardinak entzungo doguz, euren ohiko doinuekaz batera. Gure estiloa mantendu dogu berba eta jarreretan, baina doinu aniztasunari lekua eginaz.
Abestiren baten, adibidez Askapeña konpartsearentzat egindakoan, doinu latinoak nagusi dira, saltsa eta antzekoak. Musikan eta Dale Candela izenburuan ez eze, estetikan be keinua egin gura izan deutsagu kultura hari eta, adibidez, diskoagaz batera datozan argazkietan, iraultza latinoamerikarrak gogoan izan doguz, azaldu dau Ibonek. Argazkiak Igotz Ziarreta argazkilari meñakarrak egin ditu. Irudiotan, emakumeak agiri dira, bestalde. Emakumeen presentzia nabarmenago egin gura izan dogu, adierazo dabe. Itziarren Semeak taldeagaz batera eszenatoki ganean sarri ikusi ahal izan dogun Mirenen Alabak jantzari taldea protagonista bihurtu dabe argazkietan. Letretan be, emakumeen burrukea islatu gura izan dabe, gizartean euren lekua topetako injustizia asko gainditu beharko ditue oraindino emakumezkoek eta aldarri horregaz bat egin dogu.
Era berean, beste kezka sozial batzuk be kontuan hartu ditue. Aitagarrienetako bat da Amodiozko Kanta-ren moldaketea, Negu Gorriak taldeak orain dala hamarkada bi egin ebanaren bersinoa. Euskal preso politikoen gaia aitatzen dau eta, horregaitik, Herrira plataformeari laga deutsie abestia, urtarrilean egingo dauen manifestazinoan erabili daian. Beste abesti aitagarri bat Un palo contra el paro da, banketxeen kritika zorrotza. Itziarren Semeak taldearen ibilbidean lehenengo gaztelaniazko abestia da eta Artur musikariaren kolaborazinoari esker egin dabe. Beste kolaboratzaile asko be euki ditu diskoak: Norte Apache, Gose, Iheskide, Esne Beltza,... taldeetakoek lagundu dabe Dale Candela-n. Beti gustau jaku inguruko musikariakaz hartu-emonak izatea, azaldu dau Ibonek.
Behin Dale Candela argitaratuta, aurkezpen bireari ekingo deutsie. Lehenik eta behin, Londreseko alkartasun jaialdi baten joko dabe hilaren 23an eta, gero, Legution, abenduaren 1ean, entzun ahal izango doguz Itziarren Semeak. Durangoko Liburu eta Disko Azokako Ahotsenean jo eta gero, Bilboko Kafe Antzokian kontzertu berezia iragarri dabe, dobakoa eta sorpresa ugarigaz, abenduaren 13an. Abenduaren amaieran, Kubatik birea egingo dabela be iragarri dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!