Berreginen Museoak Bilboko zubi historikoei buruzko erakusketea inaugurau dau

Bizkaie! 2012-11-22 13:02   Kulturea

Bilboko zubi historikoen 19 maketa jasoten dituan Bilbao Zubiz zubi erakusketan Jaime Gustavo Laítak gure uribilduan 1300 eta 1902 urteen artean eregitako zubiak maché papelean irudikatu ditu. Urtarrilaren 31ra arte zabalik egongo dan erakusketea, Pedro Telesforo de Errazquinek XIX. mendearen bigarren erdialdean Bilboko zubiei ataratako argazkiek osotzen dabe.

Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren esku dagoan Bilboko Arte Berreginen Museoak, Bilboko zubi historikoen 19 maketa jasoten dituan Bilbao Zubiz zubi erakusketea aurkeztu dau. Piezen egilea Jaime Gustavo Laíta da. Gure uribilduan 1300 eta 1902 urteen artean eregitako zubiak maché papelean irudikatu ditu. Urtarrilaren 31ra arte zabalik egongo dan erakusketea, Pedro Telesforo de Errazquinek XIX. mendearen bigarren erdialdean Bilboko zubiei ataratako argazkiek osotzen dabe.

Bilboren historia bertako zubien historiagaz lotuta egon da beti, eta erakusketeak historia horretatik ibilbidea eskainiko deusku. Maketek zehaztasun handiz erakusten ditue Bilboko zubiak, San Antongo zubi zaharretik hasi –ez dakigu noiz eregi zan, baina 1300. urtean baegoan– eta XIX. mendearen amaieran proiektau zan eta 1902an martxan jarri zan Kañuko tranbiaren zubiraino.

Pedro Telesforo de Errazquinen argazkiek uriko zubi enblematikoak erakusten deuskuez –San Antongoa, Mesedeetakoa, San Frantziskokoa, Areatzakoa eta San Agustingoa, besteak beste– XIX. mendearen amaieran ziran modukoak. Irudietan, honezkero desagertuta dagozan batzuk ikus daitekez, Foruetako Zubia, adibidez.


Bilbao Zubiz Zubi erakusketan maketen bitartez ikus daitekezan zubiak honako honeek dira:

- San Antongo zubi zaharra (XV. mendea–1882). Uste danez, San Antongo zubia, Bilbo sortu aurretik existiduten zan, 1300. urtean. Badakigu 1334. urtean berreregi ebela egurrez, uriola baten ondorioz kalte larriak jaso eta gero. 1463an harriz berregin zan, traza gotikoagaz, eta 1593an uriola batek suntsitu eban.

- Atxuriko zubia edo San Antongo Zubi Barria (1877). Arkitektoa: Ernesto Hoffmeyer. 1871n hasi ziran eregiten, baina, gerra karlisten ondorioz, ez zan 1877ra arte amaitu. Zubi zaharragaz batera egon zan, zubi zaharra 1882an eraitsi eben arte. Gerra Zibilean suntsitu eben, baina gerrea amaitu eta gero berreraikuntza lanak egin zituen.

- Frantziskotarren zubia (1735–1737). Fraile frantziskotarrek eregi eben, itsasadarraren ezkerraldean egoan monasterio zaharragaz lotzeko. Itsasadarraren bi aldeak bi urtez lotu zituan. Uriola batek suntsitu eban.

- San Frantziskoko zurezko zubia (1794-1814). Arkitektoa: Alejo Miranda. Estilo neoklasikoko zubia haritzez eta harriz eregi eben. 1794ko urtarrilean inaugurau zan. Handik hogei urtera, armada frantsesak Bilbo hartu eta zubia erre eban.

- San Frantziskoko katedun zubi eskegia (1828-1852). Arkitektoa: Antonio Goicoechea. Garai haretako arkitekturearen joerei jarraituz eta iraunkortasuna eta segurtasuna bilatuz eregi zan. Zubiaren inaugurazino ekitaldira Fernando VII erregea etorri zan.

- San Frantziskoko alanbrezko igarobidea (1855-1880). Arkitektoa: Félix Uhagón. Aurreko zubiaren lekua hartu eban, eta kateen ordez kableak erabili zituen. Zazpi kaleetatik eta inguruetatik itsasadarraren beste aldeko tailerretara, meategietara eta lantegietara joateko erabilten eben langileek. 1880. urtera arte egon zan zabalik.

- San Frantziskoko Burdinezko igarobidea (1881-1937). Injinerua: Pablo Alzola. Alanbrezko zubi eskegiaren lekua hartu eban. Arku bakarrekoa eregi eben. 1937an gerra zibileko bonbek zubia suntsitu eben, eta ez zan berreregi.

- Ontzien gaineko behin behineko zubia (1813-1814). Bilboko Arotzen Batzarraren ekimenez egin zan, San Frantziskoko zurezko zubia desagertu ondoren. Andre Maria kaletik Sortzez Garbiaren komentuan egoan ospitale zaharrera joateko bidea errazten eban. Urtebete baino ez eban iraun.

- Ontzien gaineko zubia (1817-1818). Itsas armadako injineru militarrek proiektau eben.

- Ontzien gaineko zubi barria (1818-1820). Injinerua: Carlos María Abajo. Andre Maria kalearen aurrean egoan. 1818an amaitu zituen eraikuntza lanak, eta 1820ko abuztuaren 20an uriola ikaragarriak suntsitu eban.

- Mesedeetako zurezko igarobidea (1874-1887). Foruetako zubia desegin eta gero, San Antongo zubia zan itsasadarraren bi aldeak lotzen zituan bakarra. Udalak preminaz onartu eban 1887ra arte iraun eban zurezko igarobide estuaren eraikuntzea.

- Mesedeetako zubia (1887-1937). Arkitektoa: Ernesto Hoffmeyer. Mesedeetako komentuaren parean itsasadarraren bi aldeen artean egoan maila aldaketea gainditzeko egin zan. Oso zubi ederra zan eta, beste batzuk bezela, Gerra Zibilean hondatu zan. Berreraikuntzak ez eutson jatorrizko ereduari jarraitu.

- Foruetako zubia (1869-1874). Arkitektoa: Sabino Goicoechea. Foruan zin egin ziran etxetik gertu egoalako hartu eban izen hori, Naxa parean, Andre Maria kalearen aurrealdean. Zutik egon zan 1874ko martian, hirugarren gerra karlistan, bonba batek suntsitu eban arte.

- Isabel II.aren zubia (1848-1874). Arkitektoa: Antonio Goicoechea. Areatza eta Erripa auzoa lotzeko eregi eben. 1848an inaugurau eta bost urtera arazoak izan zituan ez egoalako personen, zaldien eta trenbiderako material astunaren gehiegizko garraioari eusteko eregia.

- Areatzako zubia (1879-1937). Arkitektoa: Adolfo de Ibarreta. Isabel II.aren zubia ordezkatu eban. Urian gehien erabilten zana zan, ezinbestekoa tren geltokietara, Uribitarteko kaietara eta Alondegira joateko. 1903an zabaldu behar izan zan.

- San Agustingo edo Udaletxeko zubia (1892-1937). Injinerua: Antonio Ruiz y de Velasco. Bilboko Udaletxe barria –gaur egungoa– eregi eben, eta ezinbestekoa zen itsasadarraren beste aldeagaz lotzea. Zubia birakaria zan, itsasontziak bertatik pasau ahal izateko. Arku bakarra, zutabedun sareta eta balaustrada arina zituan. Kasu honetan be, Gerra Zibilak hondatu eban eta ez eben berreregi.

Abusuko igarobidea

- Kañuko Tranbiaren Zubia (1902-1983). Injinerua: Gabriel Rebollo. XIX. mendearen amaieran proiektatzen hasi eta 1902an amaitu eben. Bilbo eta Durango lotzen zituan tranbia zaharrari zerbitzua emoten eutson. 1983ko uriola ikaragarriek suntsitu eben eta ez zan berreregi.

Bilbao Zubiz zubi erakusketea Akropolis. Mito biziak erakusketeagaz batera egongo da. Akropolis. Mito biziak erakusketeak ibilbidea egiten dau Akropolitik, sinbolo erlijioso eta mitiko legez, Museoaren fondoetan dagozan eskulturen bitartez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu