Durangoko Azokako guneak indartuta eta barriztauta datoz aurten

Bizkaie! 2012-11-21 14:37   Kulturea

Durangoko Azokearen 47. edizinoko zazpi guneen egitaraua aurkeztu dabe Bilbon, EITBko egoitzako Multiboxen. Areto Nagusia, Ahotsenea, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia, K@bia eta Plateruenako arduradunek gune bakotxaren barri emon dabe. Aurten, Azokeak lau egun izango ditu, abenduaren 6tik 9ra bitartean.

Durangoko Azokearen 47. edizinoko zazpi guneen egitaraua aurkeztu dabe Bilbon, EITBko egoitzako Multiboxen. Areto Nagusia, Ahotsenea, Saguganbara, Irudienea, Szenatokia, K@bia eta Plateruenako arduradunek gune bakotxaren barri emon dabe. Aurten, Azokeak lau egun izango ditu, abenduaren 6tik 9ra bitartean.

Nerea Mujika Gerediaga alkarteko zuzendaria eta Aiert Goenega Azokako zuzendariaz aparte, Gotzon Barandiaran (Ahotsenea), Arrate Illaro (Irudienea), Josu Camara (Szenatokia), Oihane Barrutia (Saguganbara), Oihane Agirre (Azoka TV), Beñat Gaztelurrutia (Plateruena) eta Manuel Vizarrondo (Kale Dor Kayiko alkarteko burua) izan dira prentsaurrekoan.

Aurtengo azokea eregiteko Gerediaga eta alkarte parte-hartzaileen arteko alkarlana ezinbestekoa izan dala azpimarratu dau Nerea Mujikak aurkezpenaren hasieran, eta egun bat gitxiago izan arren, inozko egitaraurik ugariena atondu dabela, danetara, 300 ekitaldi antolatu doguz, ganeratu dau.

Guneen indartzeari garrantzi berezia emon deutso Aiert Goenagak, urte osoko uztea jasoten dabilz, bere esanetan. Guneak indartzeko erabagia hartu genduan, eta behin hasitako bidea sendotzen gabilz, azaldu dau. Gune askok jauzi kualitatiboa egin dabe, berbarako, Irudieneak, Szenatokiak, Kabiak eta Saguganbarak. Eta, aurton, ganera Plateruena kafe antzokia bera be azokako gune izango da.

Herri ijitoa izango da Azokako kultur konbidadua. Ijitoen izenean, Kale Dor Kayiko kultur alkarteko buru Manuel Vizarrondo egon da aurkezpenean. Azokako arduradunei eskerrak emon deutsez gonbidapenagaitik. Hamendik aurrera, alkar ezagutzen hasi geinke, alkarri errespetetan, adierazo dau Vizarrondok. Erromintxela gogoa izan dau, ijitoek Euskal Herrian berba egiten daben hizkuntzea.


Ahotsenea

Egitarau bete-betea prestau dau euskal musikagintzeari eskainitako guneak. Lau egunetan, hamaika orduz eten barik, 10:30etik 22:00etara, makinatxu bat aurkezpen eta kontzertu egingo ditue, 88 guztira. Sorkuntzea ez dago krisian Euskal Herrian -adierazo dau Gotzon Barandiaranek- egoerea latza izan arren, zenbat talde barri dagozan! Musikariek behar dabena plazak dira euren lanak erakutsi ahal izateko.


Irudienea

Euskal ikus-entzunezko sorkuntzearen erakustokia izango da Irudienea. Lanak zabaltzeko beharra handia da, Arrate Illaroren eretxiz: Lanak sortu bai, baina bide laburra egiten dabe, ez daukielako non erakutsi. Azokea euskal kulturearen plazea danez, ikus-entzunezko sorkuntzen barri emoteko leku aproposa da. Film laburrak, dokumentalak, bideoklipak, 3Dn egindako lanak, mahai-inguruak... eta beste hamaika osogai ditu ikus-entzunezkoei zuzendutako guneak.


Szenatokia

Aurten lau egun izango ditu Szenatokiak San Agustin aretoan. Igazko antzerki maratoien arrakastea kontuan izanda, oraingoan hiru egunetan antolatu ditue, goiz eta arrasti. Hamabi taldek eurek lanak hamabost bat minutuko laginak antzeztuko ditue, azaldu dau EHAZEko Josu Camara antzerkigileak. Jaialdietan lekurik topetan ez daben euskal sortzaileei eskainitako espazioa da Szenatokia.


K@bia

Teknologiak, sorkuntzeak, kulturak eta edukien konsumoan joera barriek erakustokia eta gogoeta egiteko lekua daukie K@bian, euskerea ardatz. Igaz lez, Wikipedia maratoia egingo dabe azoka egunetan, baina aurten elikatze masiboa gauzatuko da. Lau egunetan artikulu piloa igongo doguz, Ikastolen Alkartea eta beste sare batzuei esker, argitu dau Aiert Goenagak. Horrezaz gan, transmedia proiektu zabal bat aurkeztuko dabe.


Saguganbara

Izena aldatu deutse Haur Literatura Aretoari, aurrerantzean Saguganbara esango jako. Betiko lez, aurkezpenak, ikuskizunak, antzezlanak eta ipuin-kontalariak izango dira, baina aurten transmisinoak leku handiagoa eukiko dau. Ume eta gurasoek parte hartzeko tailerrak prestau doguz, transmisinoaren bidean sakontzeko, azaldu dau Oihane Barrutiak. Komikiak, jolasak eta filmak landuko ditue.


Plateruena

Azokaren ondo-ondoan egon arren, aurten izango da lehenengoz Azokako gune. Geure ekarpena egin gura deutsagu Azokeari, esan dau Beñat Gaztelurrutiak. Gauetan kontzertu bereziak egingo dituela aurreratu dau. Besteak beste, Willis Drummond, Joseba Irazoki, Bizardunak, Vendetta, Betagarri eta Kherau ikusiko doguz Plateruenako taula ganean.


Areto Nagusia

46 aurkezpen egingo dira, gehienak liburuak. Barriketaldi eta berbaldi nagusiak be bertan egingo dira. Areto Nagusia erakustazoka barruan egongo da, sarrera aldean, Irudienea eta K@biagaz batera.


Azoka TV

Azoka Telebistea abenduaren 6an edegiko dabe, azokeagaz batera. Guneen erakusleiho izan gura dabe, Oihane Agirrek nabarmendu dauenez. Zer jazoten dan erakutsiko dabe, eta azokan bertan ipinitako pantaila erraldoian ikusteko aukerea eukiko dogu. Durangokoazoka.com webgunean be, streaming bidez, ikusiko da, eta tokiko telebistetan bere bai.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu