Bizkaiko Udalek eta Foru Aldundiak dozenaka jarduera antolatu ditue Euskerearen Nazinoarteko Egunaren inguruan

Dabi Piedra 2012-11-21 13:55   Euskerea berbagai

Abenduaren 3an izango da, urtero legez, gure hizkuntzearen eguna, baina ekitaldiak egun gehiagotara be zabalduko dira. Eudel euskal udalerrien alkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren alkarlanari esker, aurten agenda bateratua aurkeztu dabe Bizkaiko 23 udalek, edade guztientzako ekitaldiak euskerearen normalizazinoaren alde.

Abenduaren 3an izango da, urtero legez, gure hizkuntzearen eguna, baina ekitaldiak egun gehiagotara be zabalduko dira. Eudel euskal udalerrien alkartearen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren alkarlanari esker, aurten agenda bateratua aurkeztu dabe Bizkaiko 23 udalek, edade guztientzako ekitaldiak euskerearen normalizazinoaren alde. Ganera, Bizkaiko Foru Aldundiak emoten dituan Lauaxeta Sariak barrituta datoz oraingoan, saritu bat barik, hiru egongo diralako.

1949an hasi ziran Euskerearen Nazinoarteko Eguna ospatzen, San Frantzisko Xabierkoaren egunean. Harrezkero, hazten joan dan ospakizuna izan da eta, gaur egun, euskerea bizi dan herrietan ekitaldi ugari izaten dira. Bizkaian, batez be, udalak arduratu dira aurten jarduerak antolatzeaz, euren euskera teknikari eta zerbitzuen bidez. Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eudelen arteko alkarlanari esker, modu bateratuan aurkeztu dabe eskaintzea. Erakundeen arteko alkarlana ezinbestekoa da, batez be euskereak gaur egun daukan erronka nagusiari aurre egiteko, erabilerearen arazoari hain zuzen, azaldu dau Imanol Landa Eudeleko presidenteak. Getxoko alkatea be bada Landa, agenda bateratuan jarduera gehien eskaintzen dituan udalerrikoa. Hori dala eta, harro agertu da Landa, baina udal guztien ahalegina azpimarratu dau. Izan be, Bizkaiko 23 herritan antolatu dira Euskerearen Egunaren inguruko ekintzak eta, Eudelekoen arabera, gehiago be batu leitekez laster, egitaraua zehazten dabenean.

Kontuak kontu, jarduera ugari, edade guztietako jenteari zuzenduta, hilaren 3an eta ingurukoetan egingo diranak. Jolasak, magia, ipuin kontalaritzea, zinema, berbaldiak, antzerkia eta abar dagoz tartean, danak euskeraz disfrutetako pentsautakoak. Hori bai, Imanol Landak azpimarratu dauenez, Berbalaguna eta Berbodromoa moduko ekintzei garrantzia berezia emongo deutsie, euskerearen erabilera aktiboa bultzatzeko, ganera, jarduera gehienak plaza eta parkeetan izango dira, kalera atara nahi dogu euskerea. Herriz herriko agendea konsultetako, atal berezi bat sortu dau Bizkaiko Foru Aldundiak hemen.

Josune Ariztondo Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputaduak adierazo dauenez, ahalik eta jente gehien hurreratu nahi dogu euskerara, gure hizkuntzearen aberastasuna ikusi arazo gura dogu, eta gozamenaren bidez egin nahi dogu hori. Foru Aldundiak, beraz, udalen ekintzak zabaltzen lagunduko dau, webguneko agendearen eta Euskerearen Egunerako diseinautako kartelaren bidez. Dana dala, Foru Aldundiak berak be, urtero legez, Lauaxeta Sariak banatuko ditu. Zemendiaren 30ean egingo dabe ekitaldia, abenduaren 3an bertan beste ekitaldi asko badagozalako. Aurtengo nobedadea da, Ohorezko Lauaxeta Sariagaz batera, beste bi be emongo dituela. Lauaxeta fusilau ebela 75 urte bete dira eta sariketeari beste buelta bat emon gura izan deutsagu, azaldu dau Ariztondok. Ohorezko Lauaxeta Saria, Karmele Goñik jasoko dau, etnografiaren alorrean lan handia egin dau, oraindino be horretan dabil eta euskal kulturea maite daualako emongo deutsagu saria, adierazo dau Ariztondok. Ikusentzunezkoen saria (Egoitz Rodriguezentzat) eta Poesiarena (Amaia Iturbiderentzat) dira sortutako atal barriak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu