Piranesiren grabadu ameslariak Bilboko Arte Eder museora heldu dira

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-11-19 14:49   Kulturea

Giovanni Battista Piranesi grabatzailearen 250 lanetik gora batu ditu Bilboko Arte Eder Museoak Oroimen ameslaria erakusketan, tartean, estadu espainiarrean egundo ikusi bako burdingorri edo kobrezko jatorrizko plantxa bat.

Giovanni Battista Piranesi grabatzailearen 250 lanetik gora batu ditu Bilboko Arte Eder Museoak Oroimen ameslaria erakusketan, tartean, estadu espainiarrean egundo ikusi bako burdingorri edo kobrezko jatorrizko plantxa bat. Hilaren 29an Bilbon hasiko dan Grabadu Garaikidearen Nazinoarteko 1. Jaialdiaren abiapuntua da erakusketea.

Bilboko Arte Eder Museoan 250 grabadutik gora dagoz ikusgai, gehienak Cagliariko Unibersidadeko Arkitektura Eskolako Carceri d´invenzione, Le antichità romane eta Vedute di Roma serietakoak. Lantalde handiak parte hartu dau erakusketak, izan be, museoko zuzendari Javier Viarrek azpimarratu dauanez, muntaketa gatxeko erakusketea da, bere ezaugarriekaitik. Grabaduaren ganeko aurtengo bigarren erakusketea dala gogoratu dau, aurrekoa Goyari buruzkoa izan zan, guzti-guztia museoko fondoz osotua.

Piranesik obra zabala sortu eban, eta dan-dana papelean egindakoa. Artearen historiako arkitektura marrazkilari nagusienetakoa da, adituen ustez, eta XVIII. mendeko erangin handiena izan dauen grabatzailea. Haren eragina nabarmena da osteko egileen beharrean, esaterako, Goyaren estanpetan edo Fritz Langen zineman.

Gabriella Locci komisarioaren esanetan, Goya eta Piranesi ezinbesteko artistak dira grabaduaren arloan. Bere ondorengo artistentzat eredu izana azpimarratu dau. Estadu espainiarrean lehenengo aldiz ikusgai izango da kobrezko plantxea be izan dau berbagai Casa Falconieri erakundeko ordezkariak.

Piranesik (1720-1778) Giuseppe Vasiren tailerrean jaso eban bere lehenengo prestaskuntzea grabatzaile lanean. Lengoia klasikoa berrinterpretau eban, eta Erromaren bikaintasuna goratzeko bizi-proiektu artistikoa garatu eban. Tenpluak, anfiteatroak, arkuak, basilikak, iturriak, kaltzadak, plazak, jauregiak, zubiak... dana eukan kontrolpean artista veneziarrak. Horrezaz gan, apaingarrien katalogo zabala marrraztu eban, tartean, erlojuak, altzariak, tximiniak eta pitxerrak.

Grabadu Garaikidearen Nazinoarteko 1. Jaialdia zemendiaren 29tik abenduaren 2ra bitartean egingo da Bilbon. Grabadu garaikidea bultzatu eta zabaltzea da ekimenaren helburu nagusia. Tailerrak, erakusketak, mahai-inguruak eta berbaldia atondu ditue, lehiaketa bat bere bai.

Piranesiren grabaduez gan, erakusketeak beste hiru osogai ditu: Giambattista Nolliren Erromako mapan zehar ibilbide alkarreragilea egiteko pantaila multitaktila; erakusketarako beren-beregi egindako ikus-entzunezkoa egilearen lanera hurreratzeko; eta, berbaldi bi, doban. Lucio Ortu arkitektoak egingo dau, Utopia, arkitektura eta marrazketea Piranesiren ostean, zemendiaren 30an. Lucia Siddi arte-historialaria abenduaren 1ean etorriko da, Grabaduaren zabalkundea gaiaz berba egitera. Berbaldi biak 19:00etan izango dira.

Giovanni Battista Piranesi. Oroimen ameslaria
2013ko zezeilaren 10era arte egongo da zabalik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu