'Sexologiako hiztegia', arlo honetako lehenengoa plazan

Bizkaie! 2012-11-19 13:08   Euskerea berbagai

Hiztegi hau sexologiako adituen eta hizkuntzalarien arteko alkarlanaren emoitzea da, eta helburu nagusi bi ditu: batetik, sexologian euskeraz erabilten dan terminologia zehazteko eta
sistematizetako beharrari erantzutea, eta, bestetik, alorrari jagokozan terminoak ikuspegi sexologiko batetik definidutea.

Sexologiako hiztegia, arlo honetako lehenengo hiztegia da. UPV/EHUko Psikologia Fakultadeak, Nortasuna, Balioespena eta Psikologia Tratamendua Sailaren bidez, eta Euskera Zerbitzuak alkarlanean gauzatutako lana da. Iñaki Ugarteburu Gastañares mediku eta filologoa zanari eskainia dago hiztegia, berak bultzatu ebalako hasiera batean hiztegiaren proiektua.

Hiztegi hau sexologiako adituen eta hizkuntzalarien arteko alkarlanaren emoitzea da, eta helburu nagusi bi ditu: batetik, sexologian euskeraz erabilten dan terminologia zehazteko eta
sistematizetako beharrari erantzutea, eta, bestetik, alorrari jagokozan terminoak ikuspegi sexologiko batetik definidutea.

Gaur egun sexu-hezkuntzea Euskal Herriko ikastetxe askotan euskeraz eskaintzen dan arren, oraindino ez dago ikuspegi zientifiko-teknikotik eginiko euskal hiztegi sexologikorik; esangura horretan, lehen pausu bat emotea izan da asmoa alor horretako terminologia finkatzeko eta sustatzeko, jakinik betibe oraindino hutsune ugari geratzen dala beteteko.

Euskeraz sexualidadeaz beste ikuspegi batetik landutako hiztegi on gitxi batzuk badiran arren, testuinguru profesionalean erabilgarria izateko asmoz egin nahi izan dira hiztegi honetako definizinoak. Hiztegi orokorretan, edota espezifikoak diran beste batzuetan (esaterako, hiztegi erotikoak) agertzen diran terminoak ez dira ikuspegi sexologiko batetik landuak, eta sarri gizartean errotuta dagozan joera batzuk (sexismoa, koitozentrismoa, orgasmozentrismoa, falozentrismoa, eta abar) islatzen ditue. Ikuspegi sexologikotik, besteak beste, emakumea ez da definidu behar gizonezkoa abiapuntutzat hartuta, ez dira sinonimoak koitoa eta sexu-harremanak, topaketa erotikoaren helburu nagusia ez da orgasmoa, tradizinoz zakila baginan sartzeak beragaz ekarren aktibotasun/pasibotasun dikotomia apurtu beharra dago, eta abar.

Era berean, zenbait hiztegitan ikus daiteke zabal deskribatuak izan dirala erotismoagaz lotzen diran filiak (parafiliak) —pedofilia, asfiziofilia, urofilia, eta abar—. Hiztegi honetarako, ostera, ez da interesgarritzat jo horreek lantzea, beste hareetan erotismoaren berezitasuntzat hartzen baitira ohikotzat hartu leitekezan hainbat joera erotiko.

Bestalde, hemen sartu diran terminoak aukeratzean, gaika proportzino bat bilatzen saiatu dira. Sexualidadea genitaletatik harago doala eretxita, alor guztiak modu orekatuan landuz. Gauzak holan dirala, definidutako terminoak honako alor honeetakoak dira: gizarte-alorrekoak, anatomia eta fisiologiari loturiko alorrekoak, ugalketa eta familia kontzeptuei lotutako alorrekoak, erotismoaren eta sexu-jokabidearen alorrekoak, osasun eta arreta alorrekoak, eta hezkuntza alorrekoak.

Ondorioz, zenbait lanbidetako profesionalentzat lagungarria izango da. Hasteko, sexologiako profesionalentzat; baina, oro har, hezitzaileentzat, idatzizko zein ikus-entzunezko komunikabideetan lan egiten dabenentzat, osasun arloko hainbat profesionalentzat (erizainak, ginekologoak, psikologoak), eta kultura eta arte alorreko profesionalentzat.

Hiztegia era honetan dago antolatuta: lehenengo, terminoa euskeraz emoten da, alfabetoaren arabera. Ondoren, sarrera bakotxaren azpitik, ordainak gazteleraz (ES), frantsesez (FR) eta ingelesez (EN) agertzen dira. Azkenik, terminoaren definizino laburra azaltzen da euskeraz.

Lehen edizino hau hasierea baino ez da. Hemen agertzen diran terminoak gure ustez agertu beharrekoak dira, baina agertu beharreko guztiak ez dagoz hemen. Edizino hau profesional guztien iradokizunei edegita dago orain; terminoak zein definizinoak aztergai jarten doguz, hurrengo edizinoetan zabalduz eta osotuz joateko.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu