Benito Lertxundi: 'Gitarrea hartzea bera lehen pekatu zan batzuentzat'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-11-15 16:51   Barriketan
Argizaiola Saria 2012

Benito Lertxundi(Orio, 1942) kantariak Argizaiola saria jasoko dau abenduaren 6an, 20:00etan, Durangoko Azokearen lehenengo egunean. 60. hamarkadatik gaur egunera euskal kantagintzearen erreferentea izan da, eta lotura estu-estua izan dau urteotan Azokeagaz. Ez Dok Amairu talde aitzindari eta mitikoaren sortzaileetakoa izan zan. Ordutik makina bat disko eta kontzertu egin ditu. Maiatzean kaleratutako Oroimenaren haria disko barria aurkezten dabil egunotan, barikuan, hilak 16, Zallan kantauko dau.


1- Argizaiola Sariak euskerea eta euskal kulturearen alde egindako lana goraipatzen ditu. Zelan hartu dozu albistea?

Sariaren albistea hartzea madarikazino batena hartzea baino hoba da beti be. Oso jakina da gure herriak bizitzearen arnasearen hatsa itxi dabenak maitatzen dituala. Hori aspalditik jakina da. Saria horren zeozelako adierazpena da. Bizitzea jarrerea da, eta jarrera hori modu batekoa edo bestekoa danean, ba, emoitzea, horren islea, jasoten dau herri edo gizarte batek. Eta gero, sariagaz ordaintzen da zeozelan.


2.- Argizaiola sariak momentu gogorretan argi egin ebenei omenaldia da be bada. Zu zeu nahiko sasoi ilunetan hasi zinan musikagintzan.

Garaian-garaian bakotxak bere iluntasunak ditu, eta gaurkoak be baditu. Iluntasunak beti agiri dira, ezta? Gauzak gizarte moduan bideratzen diranean, ondarea bera argia da, edo argia deitzen deutsagu, onurea dalako. Baina, behar dan moduan bideratu ezean, testuingurua dala eta, iluntasunak be sortzen dira. Esan nahi dodana da, ez dagoala argiaren iraupen definitibo bat, egunero-egunero jorratu beharreko gauzea da, eta zuhur egon behar da horretarako.


3.- Orduan gauza asko egin barik egozan, aitzindariak izan zinien. Zentsurea be hor egoan...

Oraindino gauza asko dago egin barik. Bakotxak garaian garaiko gauzak ikusten ditu, alde horretatik oso egoera prekarioa zan orduan. Gitarra bat hartzea bera nahiko pekatu zan euskaldun batzuentzat. Horrek erakusten dau garai haretako mentalidadea. Egoera horreek gainditu dira. Halanda be, bidea egiten zabizela, beti aurkitzen da arazoren bat. Metaforea oso erraza da: zu hasten zara bide bat egiten, badakizu bidea zelakoa dan, ikasi dozu, baina bat-batean bidegurutze bat dago, eta ez dakizu zelan zuritu. Bakotxak badauka argitu beharra, ulertu beharra, garaiari jagokon moduan.


4.- Gaur egun, arazo edo iluntasun horreek zeintzuk dira zure eretxiz?

Indibiduo moduan hartu ezkero, gauza asko dagoz, betikoak, existentziari lotutakoak. Gizartea historikoki sano baldintzatuta dago, beti datoz korronte batzuk, siniskeriak edo beste dirala. Gizakiak bere banidadeak ditu, eta horrek be galtzen dau. Gizakiok, akaso, ez dakigu modu serenoan edo poetikoan biziten. Kontraesan handiak daukaguz. Herri lez, arazo nazionala daukagula dinogu, nazinoa garela, ez daukagula burujabetasunik, baina hori lortzeko egin nahi diran bideak egiterakoan hutsune handiak agiri dira, ulertuezinak. Hor erakusten da gai horretaz pentsetan ez jakitea, ikasi barik egotea. Arazo nazionala daukagula dinogu, eta batzar berean badinogu demokrazian gagozala. Hori ezinezkoa da, kontraesana da. Oraindino ez dogu ulertu.


5.- Oholtza ganean 47 urte emon ostean, hortik goitik ikusten dan publikoa aldatzen ikusiko zenduan.

Bai, jakina, zelan ez da aldatuko da 47 urtetik hona? Orduko publikoa, orduan gaztea zana, gaurkoaren aitita-amamak dira. Oholtza eta publikoaren arteko jardun hori, hartu-emon hori, beti da antzekoa. Liturgia baten antzekoa izaten da: emoileak, musikariak kasu honetan, beti ditu bere kezkak, ea zelan hasten nazen bidea egiten gero segiduteko. Holan da, bai lehen bai orain; hori ez da aldatzen. Beste gauza batzuk aldatzen dira, bai, kanta desbardinak daukazuz, eta abestion estetikea be aldatu da. Zeu aldatu zaren moduan, aurrean daukazun publikoak be garapen beretsua izan dau. Hori dana antolatzea da kontua.

Gauza oso bitxia jazoten da. Orduko gazteek gogoko zituen kanta batzuk gaurko gazteei be gustetan jakez. Arketipikoak dira. Orduan zirrara sortzen ebanak, orduko sensibilidadea errepetidu egiten da batzuetan, arketipikoa dalako. Ni, musikari lez, sasoian sasoikoari oso lotuta egon izan banintz, momentuko abestia egiten, edo modako korronte bati segiduz, beste kontu bat izango litzateke. Beti esaten da modan egotea dala modaz pasetako biderik bizkorrena. Norberari begira lan egin ezkero, korronteei-eta kasu handirik egin barik, hau da kultura propio bat sortuz, arketipoak irauten dau. Baina, arketipoa hemen dago, eta Alemanian dago, eta Australian, leku guztietan.


6.- Izan be, benito Lertxundiren kanta batzuk gure kulturearen, gure bizitzearen parte dira. Bizkaia maite, Zenbat gera, kanta asko dira...

Kantak gure bizitzearen zati dira, azkenean kulturea gure bizitzea da eta. Kulturea ez da hemen hasi eta hemen amaitzen, ez da holan mugatzen. Eta kulturea ez da nahi eta nahi ez ona izan behar, kultura txar asko dago; gorrotoaren kulturea, gerrearena, torturatzearena, hori be lantzen da eta. Kultureak okerrak eta onurak ekarri leikez. Sarritan jazoten da, okerra egiten dauela, eta ostean hori konpontzen ahalegintzen dala. Holan gabilz, esku bategaz gauza bat egiten, eta besteagaz konpondu nahian.

Kantak, azken baten, bizitzarako lagunak izaten dira. Askotan ikusten dogu pestona bat paseoan, txistuka. Doinu bat joten dabil, zer da hori? Ba, bere bizitza daborduko sartunda dagoan gauza bat, ia-ia bere arnasea modukoa, bere bizilaguna.


7.- Gero eta disko gitxiago saltzen dira, musikariak arduratuta dagoz, zuk zeuk be igarrri dozu?

Bai, jakina. Oraindino, disko barria ataraten dodanean izaten dau urteera bat. Nik subertea daukat, publiko lehiala daukat, eta esango neuke ia modu mistiko batean nahi izaten dituala nire lanak izan, bildumea egin. Askotan etorri jat jentea nire diskoen bilduma osoagaz, sinatzeko eskatzen. Moeta horretako publikoak erosten dau oraindino, baina lehen jente gehiagok erosten eban. Aldaketea nabarmena da. Garai batean baino % 80 gitxiago saltzen dogu. Hori asko da.

Baina, gauza bitxi bat jazoten da. Internet dala-eta, gero eta disko gitxiago saldu arren, gero eta jente gehiagok ezagutzen gaitu. Inoizko disko gitxien saltzen dogun honetan, e-postak jasoten doguz, Australiatik, Alemaniatik, Ameriketatik, Danimarkatik... Ikaragarria da, bitxia. Jenteak ezaguerea dau gaur egun, lehen ez. Gure lana, gure uztea, inoiz baino ezagunagoa da munduan.


8.- Disko gitxiago saltzeak eraginik izan dau zure lanean edo lan egiteko moduan? Igarri dozu aldaketarik?

Ez, ez, hori ez da negozietan, ez da aldatzen. Nik arnasa hartzen dot biziteko, eta musikeagaz egiten dot. Nire bihotzak dituan taupadak dira, azken baten, naturea bera da. Hori da nire jarrerea bizitzan. Hemen jente guztiak zeozer egin behar dogu, ez gara egoten ahoa zabalik gorantz begira. Eta zeozer egin bakarrik ez, zeozer saldu behar dogu. Zeozer hori niretzat ikaragarri garrantzitsua da, saldu behar dan hori nire gauza kutun bat da, duintasunagaz zeozelan lotzen dodana. Danok saldu behar dogu zeozer.


9.- Durangoko Azokearen 47. edizinoa da aurten. Gogoratzen dozuz hasierako urteak?

Azokearen bigarren urtean kantetan egon nintzan, eleizako arkupean. Hasibarriak ginan. Ostean, hainbat bider izan naz Azokan, erritual baten antzekoa izan da; azokara joan, zeozer erosi, jenteagaz egon... Dana dala, aspaldi honetan jente moltso handiak dagozan lekuetan ez naz eroso sentiduten. Durangon lez, beste leku batzuetan be antzera. Estropadak asko maite dodaz, ikaragarri gustetan jataz, baina ez naz joaten, etxean telebisinoan ikusten dodaz.


10.- Ba, aurten, joan beharra eukiko dozu, sikeran abenduaren 6an, Argizaiola Saria hartzera.

Bai, aurten joango naz, jakina. Sarri joan naz Durangora. Kontzertu asko emon dodaz hango frontoian, eta ibili izan naz han. Garai batean asko maite neban hori dana, baina azkenaldian jente asko dagoan lekuetan ez nago gustura.


11.- Azokea bera be nabarmen aldatu da urteotan, zuk jaiobarri ezagutu zenduan.

Ikaragarri aldatu da. Hasierako Azoka ha, arkupetan egiten zana, eta gaur egungoa, oso profesionalizatua, ez dago konparatzerik. Urteekaz eboluzinoa dator, hori naturala da.


12.- Oroimenaren haria diskoa atra zenduan maiatzean, eta orain makina bat kontzertu daukazuz; zemendiaren 16an Zallan, 17an Donostian, 25ean Bilbon...

Horreek danak udabarrian egin behar nituan, baina eztarrian arazo bat izan neban, eta bertan behera geratu ziran. Polipo bat zala esan eustien; batzuetan berez desagertzen dira, eta halan izango zala sartu jatan buruan. Holan pasau dot uda osoa, eta azkenengo momentuan medikuanera joan eta kistetxu bat zala esan eustan. Orain hilabete egin neban ebakuntzea. Apurka-apurka hasi nintzan abesten, entseguak egiten. Ondo nago orain. Medikuak be baimena emon deust, inoiz baino ahots hobea daukadala dino. Ni gustura nago, gustetan jat daukadan ahots tinbrea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu