Euskarabila ipuin erotikoen lehiaketeak agur
2012-11-13 14:00 Kulturea2012ko honen ondoren, Euskarabila alkartearen beraren etorkizuna berraztertzen ari garen honetan, lehiaketan be etena egitea erabagi dogu. Horretarako momentu egokia zala uste izan dogu: orain arteko edizino guztietako irabazleen ipuinak argitaratuta dagoz eta tiraderetan ez jaku inorenik gordeta gelditzen.
Euskarabila euskaldunon elkartea sortu zan urte berean, 1996an, ipuin erotikoen lehiaketea antolatzen hasi ginan, gazteen hizkuntza erabilereari eta irakurzaletasunari begira eraginkor izan eitekelakoan. Hasierako asmo haren emoitzea 17 lehiaketa eta hiru liburu izan dira. Bitarte horretan, ehunka ipuin, idazle izan nahi eban gazte, idazle eta gerora idazle ezagun egin diranak izan dira lehiaketan partaide.
2012ko honen ondoren, Euskarabila alkartearen beraren etorkizuna berraztertzen ari garen honetan, lehiaketan be etena egitea erabagi dogu. Horretarako momentu egokia zala uste izan dogu: orain arteko edizino guztietako irabazleen ipuinak argitaratuta dagoz eta tiraderetan ez jaku inorenik gordeta gelditzen. Ez dogu esaten epe baten barruan berrekingo ez deutsagunik, baina ezta egingo dogunik be.
17 urte honeetan, zorionez, euskal letren mundua asko aldatu da; askoz aukera handiagoa daukagu gaur egun alde guztietatik: liburu, liburu-mota, gai, idazle … Honetan, txiki-txikia bada be, gure aletxoa jarri dogulakoan gagoz. Gazte askorentzat idazten hasteko, trebatzeko, euren burua neurtzeko eta ezagutzera emoteko aukera bat izan dala uste dogu eta holan adierazo izan deusku hainbatek. Ipuin erotikoak izatea erabagi genduanean be, ordura arte askorik landu bakoa eta gazteentzat erakargarria izango zalakoan, asmau genduala uste dogu.
Gaur, beraz, agur esaten deutsagu lehiaketeari. Ez goaz penaturik, ostera, asebeteta baino, geure ekarpentxua egin dogulakoan eta liburu eder bat esku artean: Esku hori!
Azkenik, Txalaparta argitaletxeari eskerrak emon nahi deutsaguz egindako lanagaitik, gureak ez ebalako zentzurik izango ipuin horreek behar bezela argitaratu izan ez balira. Eskerrik asko Mikeli eta Edortari, baita aurretik ibili ziran Gariri, Juan Martini eta Eiderri gure proiektuan sinistu ebelako eta bidelagun izan doguzalako.
Esku hori!
Esku hori! izeneko ipuin bildumea kaleratu dau Txalaparta argitaletxeak Literotura bildumearen barruan. Liburuan Basauriko Euskarabila Ipuin Erotikoen Lehiaketan saritutako edo aitatutako narrazinoak dagoz irakurgai, Edorta Jimenezen berbaurreagaz. Gogoratu Yurre Ugarte, Oier Guillan eta Edorta Jimenez epaimahaikoen eretxiz, Ipuin Erotikoen 17. Lehiaketako irabazleak ondokoak izan ziran: 1. saria: Gurpila – Eneritz Dueso Domenech (Irun); 2. saria: Irudi pilulak – Miren Juaristi Zabaleta (Azkoitia); eta 3. saria: Geruzak / Gezurrak – Danele Sarriugarte Mochales (Elgoibar). Basauriko onenarentzako saria ez zan emon eta horren ordez 3. sari bat emotea erabagi eban epaimahaiak.
Eskura eroaten doguz pentsamenduak letra bilakatu nahi dituen berbak. Eskuak begi, eskuak aho, eskuak bide azaleratzen dogu sarri izerdi gosea, azal egarria, sexu mina. Eta orain, Esku hori! jarri deusku Txalaparta argitaletxeak, Euskarabila alkarteagaz alkarlanean, eskura.
Oraingo honetan ondoko egileen testuak irakurri ahal izango dozuez bertan: Itziar Abad, Alaitz Andreu, Estitxu Arozena, Karmele Arrieta, Eneritz Dueso, Iratxe Esnaola, Imanol Epelde, Alvaro Iribarren, Miren Juaristi, Dani Martirena, Aitor Monje, Txema Perez, Alvaro Rabelli, Danele Sarriugarte eta Josu Unzueta.
1996an hasi zan Basauriko Euskarabila Alkartea ipuin erotikoen lehiaketea antolatzen. Orain, barriz, 2007tik 2012ra bitartean saritutako ipuinak jaso ditue Esku hori! bilduma honetan. Lehenago be batu izan ditue lehiaketa bereko ipuinak Bero hezeak (2001) eta Basa gurina (2006) bildumetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!