Concha de la Casa: 'Zuzenean egiten dan antzerkiaren magia ez da sekula galduko'
2012-11-12 11:18 BarriketanBilboko Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdiko zuzendaria
Bilboko XXXI. Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdia zemendiaren 19tik 25era izango da aurten. Kuba, Kolonbia, Hungaria eta Mexiko zein Katalunia, Andaluzia, Kantabria Kanarietako eta Bizkaiko, Leioako taldeek 10 ikuskizun eta 19 emonaldi eskainiko ditue. Horrezaz gan, ikastaroak, berbaldiak, erakusketak, liburu aurkezpenak, omenaldiak eta proiekzinoak be izango dira aurten. Sustraiak sakon dituan eta eredu dan jaialdiaren sortzaile eta zuzendariagaz, Concha de la Casagaz, barriketaldia egin dogu eta gauza interesgarriak kontau deuskuz gero eta indar handiagoa hartzen dagoan arte eszenikoaren ganean.
1.- Igaz jaialdiaren urteurren biribilean zuk zeuk eta jaialdiak berak komunikazinoaren eta ahozkotasun eszenikoaren Chaman Sari Iberoamerikarra jaso zenduen. 30 urte ez dira joan alperrik...
Jakina, makinatxu bat lan eginda gagoz eta aurrera egiteko indarra emoten deutsue holako sariek, egindako lanaren autorpena da sari hori. Atara kontuak 1987an hasi nintzan Latinoamerikara joaten eta hango taldeakaz alkartrukeak eta egiten. Asko ikasi dogu eta ikasten jarraitzen dogu. Kuba, Nikaragua, Mexiko, El Salvador, Ertamerikan zehar ibili izan gara, sarritan, gizarte bazterketa egoera larriak bizi diran lekuetan eta hor aparteko ahalegina egin dogu umeakana txotxongiloen bitartez hurreratzeko. Museoak be inaugurau doguz, berbarako Perun eta Mexikon. Latinoamerikara premina asko eta diru gitxi baina sormen itzela egoala jaubetuta emon genduan pausua eta ez gara damutu. Pozarren nago ze urteetan hor zehar erein doguzan haziek frutua emon dabelako, orduko ikasleak maisu bihurtuta dagoz, eskolak, tailerrak sortu dira...
2.- Aurten 31. edizinoa dator, gure inguruan eta gure mugetatik kanpo egiten diran jaialdirik zaharrenetakoa...
Bai. Topaketa eta komunikazinorako foroa da eta izan da beti, alkartrukerako eta arte eszeniko honen zabalkunderako gunea. Bilbora ekarten doguzan taldeak eta lagunak gustora, eroso sentidutea da gure asmoa eta pentsaizu gizarte osoa gogoan zehazten dogula egitaraua, txikiak eta helduak kontuan hartuta. Hizkuntzearen, euskerearen eta txotxongiloen sustapena, emozinoak dagoz tartean eta osogai erakargarriak dira publikoarentzat.
Ganera, 31 urte eten barik jaialdia antolatu izanak be erakusten dau txotxongiloen mundua ez dala bigarren mailako antzerki generoa, badaukala nortasuna eta indarra.
3.- Bilboko Nazinoarteko Txotxongilo Jaialdiaren eta Pantzerki, Bilboko Txotxongilo Arteen Dokumentazino Zentroaren sortzailea zaitugu, benetako espezialistea. Zeozer falta jatzu ikasteko, deskubriduteko?
Jakina. Zenbat eta gehiago jakin gehiago falta jat ikasteko. Atzera eginda, Bilboko jaialdiari ekin geuntsanean, orain 31 urte Bilbon antzoki bakarra egoan zabalik Ayala, hain zuzen. Arriaga eta Campos zaharragoak izan arren, zarratuta egozan orduan. Gure lehenengo pausuak Indautxuko eleizearen areto batean emon genduzan eta sasoi haretan oso talde gitxi egozan, pare bat edo ezagutzen genduzan. Hor bueltan Itxaropena Martinez de Lezea ezagutu genduan, bikoteagaz titiritero ebilena, egun idazle lanetan ezagutzen doguna eta egia esan ordutik makinatxu bat jente ezagutu dogu mundu honetan.
Sasoi haretan ia-ia gauza ezezaguna zan txotxongiloen mundua baina erantzun polita jaso ostean, beste leku batzuetan zer egoan begiratzen eta aztertzen hasi ginan sekulako ilusinoagaz. Hortik aurrera, eten barik egon gara ikasten, ikusi doguzan obra eta lagunekaz harritzen, gauza barriak deskubriduten eta prozesua amaiera jakinik bakoa dala esango neuke, beti zagozalako ikasten.
Bilboko Txotxongilo Arteen Dokumentazino Zentroari jagokonez, azpimarratu gura neuke sortzaile eta eragile neu izan arren, taldetxua ibili garela beharrean beti eta gaur egun Europa mailan be erreferente garela, gaur egun hiru baino ez dagoz Europa osoan.
4.- Aurten Bilbon, besteak beste, Kuba, Kolonbia, Mexiko eta Hungariako taldeak konbidau dozuez hurragokoakaz batera. Euskal ordezkari bakarra Leioako Kolore Bitxia taldea da ezta?
Mondo flurss obrea eskainiko deuskue Kolore Bitxia Teatrokoek. Baina Kataluniatik datorren S.O.S. Titelles taldean, Carlos Lopez tolosarra dabil gaur egun, Bilboko jaialdiagaz luzaroan, bospasei urtetan kolaborau dauena. Hartu-emonetan gagoz eta badakigu datorren urterako Latinoamerikara osterea egin gura dauela bere lana ezagutzera emoteko.
Horrezaz gan, Kantabriako La Machina Teatro taldeak umeentzako euskerazko lan bat, Etxe asmatuta izenburukoa eskainiko deusku hilaren 20an, zehatz esateko.
Ganerakoan, Hilos Mágicos (Kolonbia), La Machina Teatro (Kantabria), Títerecuento (Kuba), La Cartelera (Mexiko), Kolore Bitxia Teatro (Euskadi, Bizkaia, Leioa), Merçé Gost (Katalunia), A la Sombrita (Andaluzia), S.O.S. Titelles (Katalunia), Teatro 4 Elementos (Kanariak) eta Bence Sarkadi (Hungaria) taldeak izango dira gure artean. Eta ezin ahaztu zemendiaren 23an, barikuan, egingo dan Europar Titiritero Gazteen Galea Sokratis Pappas eta Afroditi Georgiou greziarren eta Cristina Robledillo kataluniarraren parte-hartzeagaz.
5.- Gazteen lana ezagutzera emoteko ahalegina da Europar Titiritero Gazteen Gala hori. Zelan aukeratzen dozuez artistak?
Bai. Aspaldi jaubetu ginan gazteen lana zabaldu eta bultzatu behar zala, kasu batzuetan aukera eta ezagutza mila nahikorik izan ez arren, sormen handiko jentea zalako. Lehengotik be bagabiz beharrean gazteen sustapenean baina, orain hiru bat urtetik hona Europako Batasunaren lagunzinoa tarteko dala, beste herrialde batzuetako jaialdietan gabiz jente gazteari jarraipena egiten eta obrak aukeratzen. Saritzat ez jake dirurik emoten baina jaialdi zehatzetan parte hartzeko konbita egiten jake, bidea zabaltzen deutsegu.
Kontuak kontu, aurten kataluniatik datorren Cristina Robledillok La vida de Angelita lana eskainiko deusku eta Greziatik, barriz, Sokratis Pappas, El vals de los sueños lanagaz eta Afroditi Georgioi, Alfa lanagaz etorriko jakuz. Hiru lanak Espainia mailan estreinaldiak dira eta testurik bakoak, txiki zein handientzako.
6.- Zelako erantzuna izan eban igazko jaialdiak? Zenbat jente hurreratu zan?
Datu zehatzik ez daukat. Dakizunez, eskolatatik jatorkuzan umeek osotzen dabe publikoaren zati handia eta urtero lez, Bilboko eskoletatik ez eze, lurralde osoko eskolatatik be hurreratzen jakuz. Ikuskizunak aretoak ganezka dagozala egiten dira normalean nahiz eta aurten be hitzordu guztietarako lekuak beteta daukaguz. Ganerakoan, nerabe zein helduentzako saioetan % 30 ingurukoa izaten da asistentzia. Astegoienetako saioak familiei dedikautakoak izaten dira eta horreek bete egiten dira normalean.
7.- Txotongiloak gehiago dira umeentzat ala helduentzako be erakargarriak dira?
Baietz esango neuke. Zorionez jarrera gero eta edegiagoak ikusten doguz eta publiko heldua be sano interesauta dago. Deigarria bada be, XVI, XVII eta XVIII. mendeetan, Europan jauregietan, etxe handietan, operetatan eta erakusten zituen txotxongiloak eta helduentzako emonkizunak izaten ziran. Umeentzako txotxongilo saioak be baegozan jakina baina herririk herri joaten ziranak izaten ziran. XIX. mendean, barriz, txotxongiloak eskolatan sartu ziran eta oraintsura arte umeentzako proposamen eta eskaintza gehiago egon da helduentzako baino. Edozelan be, XXI. mende hasibarrian, helduentzako proposamenak ugaltzen doaz eta bigarren mailakotzat barik ezaugarri propioak dituan antzerki modalidade berezitzat hartzen da.
8.- Txotxongiloak aztertzen eta ikertzen urteak emon dozuz. Mundu hau norantz abiatuko dala uste dozu, zein izango da eboluzinoa?
Sano gatxa da jakitea. Dana dala, txotxongiloak ez dirala sekula hilko uste dot. Milaka urteko ohitura eta arte adierazpidea da izan eta kultura guztietan dagoz. Gizakiak gauza garrantzitsuak lortu leikez txotxongiloakaz, batetik, bustinagaz, papelagaz, plastilineagaz edo beste material batzuekaz txotxongiloa bera sortuz, parekorik ez dauen artelana sortu leike; bestetik, txotxongiloak berak istorioa kontau leikio eta hori oso emozionantea da, txotxongiloari norebark emoten deutso bizia. Ondoren, ume zein helduen artean emozino bat sorrarazoten da, harridurea, negarra, barrea, bildurra... Krisiaren eta diruaren erreinuan helduok umeen espiritua, arimea behar dogulako, jatekoa eta arnasa behar doguzan moduan, emozinoak be behar doguzalako bizirauteko.
Txotxongiloen eboluzinoari jagokonez, teknologia barriek zeresan handia izango dabela pentsetan dot baina argi daukat, zuzenean egiten dan antzerkiaren magia ez dala sekula galduko.
9.- Aurtengo jaialdiko egitarauaru erreparauta, zeozer nabarmenduko zeunke?
Gatxa da. Urte osoa daroagu ahalik eta egitarau osoena eta erakargarriena atontzen eta bat bakarra azpimarratzea benetan gatx egiten jat. Akaso, Mercë kataluniarraren La cónica lana aitatuko deutsut. 65 urteko emakumea da eta maitasun kartak ardatz dituan ikuskizun ederra dakar. Oinarrian poesia dago eta beren-beregi gomendatzen deutsut.
Gauza piloa nabarmenduko neuke, baina azken gauzatxu bat aitatzearren, omenduen barri emongo deutsut, izan be, Hilos Magicos kolonbiar taldeko zuzendaria dan Ciro Gomez omenduko dau Bilboko Jaialdiak. Era berean, 93 urteko Gipuseppina Cazzaniga Benedetto Ravasio Fundazinoko buru dan italiarrari XI. Mariona Masgrau Saria emongo deutsagu urteetan egindako lanagaitik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!