Iñaki Ortiz de Villalba: 'Musikea guretzat beti izango da inguruan bizi doguzan egoerak salatzeko tresnea'

Nagore Ferreira Zamalloa 2012-11-05 11:36   Barriketan

Betagarri taldeko kantaria

20 urte, 11 disko, 1.000 kontzertu ditu aldean Betagarri talde gasteiztarrak. Ez da gitxi. Urteurrena eszenatoki ganean ospatzeko asmoa dauke taldeko bederatzi kideek. Ganera, disko barria aurkeztu dabe, Zorion argiak. Disko bikotxa. Ez da gitxi hori be gaur egun. Makina bat lagun batu ditue ganera egitasmoan, besteak beste, Tonino Carotone, El Drogas, Gari, Mikel Urdangarin, Iñigo Muguruza, Francis (Doctor Deseo) eta Xavi Sarriá (Obrint pas).

Indartsu eta itxaropentsu dago taldea, aurkezpen kontzertuei ekiteko prest; lehenengoa zapatuan izango da, zemendiak 10, Ahetzen.


1.- Baikor, gogotsu, itxaropentsu dago Betagarri, disko barriaren izenburutik hasita, Zorion argiak.

Zorion argiak diskoaren izenburua da, alde batetik, eta kanta bat be bada, beste alde batetik. Esangura metaforikoa dauka; baikortasunez bizi dogu momentu hau, musika arloan be momentu nahikoa polita da. Hogei urte daroaguz taula ganean, ez da eguneroko kontua hori. Zorion argi horreek gure bidean lagundu deuskuenak dira, eta espero dogu halan segidutea beste hamar edo hogei urtean be. Ez dakigu zer pasauko dan, ez dakigu etorkizuna zelangoa izango dan. Gure herriak bizi dauen sasoia itxaropentsua dala begitantzen jaku; zorion argiek bidean lagun izatea nahi dogu, danok daukaguzan asmo horreek beteteko.


2.- Ba, musika eta kultura munduan ez dago baikortasun larregi be...

Jentea ezkor dago, ez ei dago urtenbiderik... Nik uste dot gauzak aldatu daitekezala leku desbardinetatik, bakotxak bere arlotik. Krisi sasoian konponbideak dagozala pentsetan dot, beste modu batera ikusi behar dala uste dot, ezin da esan dana iluna dala, ez dagoala etorkizunik, biharrik ez dala. Holan, ez dogu ezer konponduko. Gauza guztiek daukie konponbidea, gizarteak horretarako erantzuna daukala uste dot.


3.- Diskoak 23 kanta barri ditu, azken hiru urteak emonkorrak izan dira, ezta?

Ezelako asmo handi barik hasi ginan proiektu honegaz, aurreko diskoaren aurkezpen bireagaz amaitzean. Orduan sortu genduzan abestietako asko ez ziran oso Betagarri, eta handik urte batera otu jakun kanta horreek lagun batzuei emotea. Han eta hemen ezagututako lagunak ziran, eta halantxe egin genduan. Hasieran bost besterik ez ziran, baina apurka-apurka aukerak urteten joan ziran. Konbidauen abestiez aparte, guk gureak egin genduzan. Orain arte, urte bitik behin diskoa argitaratu dogu, igaz beste urtebete itxarotea pentsau eban taldeak, disko handiagoa egiteko. Hainbeste abesti, hainbeste konbidadu, hainbeste kontu, azkenean dana bateratu behar da, eretxiak kontuan hartu, lehentasunak ipini. Hori dana antolatzea gatxa da. Lan handia izan da, baina danak ados egon gara.


4.- Zelan aukeratu dozuez konbidaduak?

Danetarik egon da da. Pirritx eta Porrotxen kasuan, eurek konbidadu nabe euren diskoan parte hartzeko, Obrint Pasekoak aspaldi ezagutzen doguz... Musika arloan hemen ia danok ezagutzen dogu alkar, batzuetan hartu-emonak estuak dira, eta beste batzuetan ez hainbeste. Guzti-guztiak etorri dira gustura gurera.


5.- Zer ekarpen egin deutse kolaborazinoek disko bikotxari?


Normalean, holango diskoek oihartzun handiagoa izaten dabe. Kanta hutsak izan ezkero, betiko diskoa dala emoten dau. Ez dogu ezer asmau. Konbidaduek kantak hartu eta bere egin ditue, euren estilora ekarri, kantea eurena bihurtu dabe. Gauza polita da hori. Kasu askotan kolaboratzaileen kantea dala emoten dau, bere musikatik hur dagoan kantea. Disko anitza da, zentzu guztietan. Entzuteko erraza da.


6.- Abestien erritmoei jagokonez, Betagarriren zigilua dauke, ska da nagusi, baina reggae eta rocka be agiri dira.

Bai, halan da. Nik abesten dodazenak Betagarrik orain arte egindakoen antzekoak dira, ska, rocka. Disko honetako eta aurrekoetako abestien artean aldea dago, ez dakit garapena edo eboluzinoa dan, baina aldaketea egon badago. Kolaborazinoek beste ikutu bat emoten dabe.


7.- Betagarri soinua ete dago? Irratian abesti bat entzun, eta atoan dakigu zuok zariela...

Bai, nik uste dot badagoala Betagarri soinua. Musikan dana dago asmauta, taldeek izaera desbardina bilatu behar dabe. Ska eta rocka nahastau genduzan orain hogei urte, eta nire ahotsak be emoten deutso nortasuna. Horregaitik, abestia entzun eta badakigu Betagarri dala. Metalak eta ahotsa, horreek dira erispide nagusiak. Lehen ez egoan gurea lako talderik, bakarrak ginan musika panoraman. Gaur egun, barriz, talde piloa dago, antzeko taldeak dagoz. Aitzindariak izan garela uste dot.


8.- Disko honen letretan taldearen konpromisoa igarten da, hori be taldearen ezaugarria da.

Musikea da salatzeko daukagun modua, argi eta garbi. Musikea beti izango da guretzat inguruan bizi doguzan egoerak salatzeko tresnea. Guk musikea horretarako erabilten dogu, beste batzuk beste bide batzuk hartuko ditue, bakotxak bere arloan. Beste musikari batzuei bardin jake euren inguruan zer jazoten dan, baina gu ezin gara holan bizi. Modu duina begitantzen jaku musikea inguruan pasetan danaz berba egiteko erabiltea, kezkatzen gaituenaz hitz egiteko.


9.- 2013an hogei urte beteko ditu Betagarrik. 20 urte, 11 disko, 1.000 kontzertu. Ze sentsazino daukazue hamarkada biko ibilbidearen ostean?

Ba, denporea oso arin pasau dala, hori da daukagun sentsazinoa. Atzera begira hasten zara, eta konturatzen zara orain dala hainbat urte izan zala. Arin pasau dau, gauza piloa egin doguz, leku askotan jo dogu, eta toki bakotxa esperientzia berezia izan da. Kanpoko birak batez be bereziak izan dira, Alemanian, Suitzan eta Japonian izan ginanean berbarako. Oso aberasgarria izan da. Taldeagaz gauza asko ikusi eta ikasi doguz, bizipen zoragarriak izan dira. Egia esan ez neuke ezer aldatuko, barriro dana holan izatea gura neuke.

Aldaketak izan dira, jakina, baina ia banda osoak segiduten dau gaur egun. Hori sano garrantzitsua da. Makina bat gauzatan amore emon beharra dago, danori pasau jaku. Hori da alkarbizitearen sekretua. Betagarrik ondo funzionetan dau, dirua emon ezkero, hobeto baina... Taula ganera igoteko gogoz gagoz oraindino, jentea gustura dator gure kontzertuetara, eta holan dan bitartean martxan segiduko dogu guk.


10.- Lehenengo lanak kasetean atara zenduezan, ordutik asko aldatu da musikearen mundua, ezta?

Orain hogei urte, ia ez egoan ordenagailurik, atara kontuak! Ez Internet, ez sare sozialik, ez webgunerik... Biniloa desagertzen egoan. Gure lehenengo lanak kasetean izan ziran. Nabarmen aldatu da musikearen arloa. Aldaketon lekuko izan gara. Kontzertuak aldatu dira, baldintzak... onerako eboluzinoa izan dala pentsetan dot.


11.- Teknologia barriak aprobetxauta, abenduaren 14an kontzertu berezia emongo dozue, lokaleko zuzeneko kontzertu interaktiboa edo.

Abesti barriak mundu osorako aurkeztuko doguz gure lokaletik. Saio baten antzekoa izango da, entsegu publiko bat edo. Jenteak parte hartzeko aukerea eukiko dau, ze abesti gura dauen esanez, iruzkinak eginez... Nahikoa esperimentala da. Dana dala, Zorion argiak aurkezteko birea Ahetzen hasiko dogu, zemendiaren 10ean, ostean, Andoainen, Bilbon eta Durangon joko dogu. Kontzertuak dira diskoa ataratearen alderik onena. Grabetan asko sufriduten da, nik behintzat bai. Dana ondo eginda, ondo grabauta egon arte ez dago bakerik, eta ez da erraza, lan handia da, danak konforme egon, dana lotu.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu