Pastelak alkartea sortu da Gipuzkoako 9 gozotegi artisauen eskutik gozogintzea sustatzeko

Bizkaie! 2012-10-31 11:23   Jan edanak

Honako honeek osotzen dabe Pastelak taldea: Donostiako Barrenetxe, Geltoki eta Echave; Errenteriako Casa Aramendia; Tolosako Gorrotxategi; Zarauzko Sayalero; Ordiziako nanue; Azpeitiako Egaña eta Elgoibarko Muruamendiaraz.

Gozogintzea sustatzea eta egungo euskal gastronomian lekua aldarrikatzea da Pastelak izenburupean Gipuzkoako 9 gozotegi artisauek sortu daben ekimenaren helburu nagusia. Orain dala hile batzuk hasi ziran batzen kolektiboaren abiarazotea antolatzeko eta Gipuzkoa mailan gozotegi eta gozogintzearen inguruan mobiduten dan guztiagaz era aktiboan lan egiteko asmoa dabe. Honako honeek osotzen dabe Pastelak: Donostiako Barrenetxe, Geltoki eta Echave; Errenteriako Casa Aramendia; Tolosako Gorrotxategi; Zarauzko Sayalero; Ordiziako nanue; Azpeitiako Egaña eta Elgoibarko Muruamendiaraz. Holan bultzatu nahi dabe publikoak egin barria dan produktua eskuratu ahal izateko goiz goizetik lantegietan lan egiten daben profesionalen artisau-lana. Konsumitzaileak hori aintzat hartu beharko leuke, usadio eta kalidadeko -beste batzuen artean- baloretan hezitzeko.

Gozogintza artisaua eta barritzailea sustatu

Kalidadeari lotuta egotea da artisau gozogintzea bultzatzearen arrazoietako bat. Barrikuntzeari uko egin barik, jarraitu beharreko bidea dalako gure lurraldean gozogintzeak etorkizun oparoa izan daian. Pastelak kolektiboak hainbat arlo jorratuko ditu, produktu horreen konsumoa bultzatzea ahalbidetuko dabenak, lehengaiak naturalak diralarik eta lanketea artisaua, dieta osasuntsu bategaz bateragarria izanik neurrizko konsumoa egiten bada. Horretarako, nutrizionistakaz akordio batera helduko dira, produktuen hobekuntza lanetan alkarlanean jarduteko. Barrikuntzeak be aurrez aurre egon behar dau sektore honetan eta duda barik, Pastelak taldeak bide horretatik joko dau, beste batzuen artean. Atal hau erakusteko, Pastelak-ek prentsa oharra olata batean aurkeztu dau QR kode bat erabiliz eta Koldo Mitxelenako aretora hurreratu diran kazetariek kodea eskaneau izan ahal dabe lehenengoz, ondoren olatea jan ahal izateko. Anekdota sinboliko honegaz barrikuntzearen alde apustu sendoa egingo dala erakutsi nahi izan dau gozogileen kolektiboak.


Euskal gastronomiak eskatzen dauen mailan egotea

Munduko gastronomia mailan Gipuzkoak dauen nagusitasuna ez dau inork ukatzen, erabateko erreferentea da. Ezin itxi miniatura-sukaldaritzea aitatu barik, ostalaritzeak bideratzen jakin izan dau eta gastronomia mota honek leku garrantzitsua konkistau dau. Eta gozogintzea? Orain arte lotan egon garela dirudi. Halan da be, egia da gozogintzea eta gozotegien alde egindako lanari esker zenbait izen gipuzkoar erreferente bihurtu dirala. Baina talde barri honek urrunago heldu nahi dau. Euskal gastronomia bikainean jagokon lekua aldarrikatu nahi dau, postrea lehenengo platerren mailan egoteko.

Jarduerak, topaketak eta beste hainbat ekintza abian jarriko dira Pastelak taldeak ezarritako helburuak lortzeko. Zemendiaren 14an antolatuko dabe lehenengoa Diabetesaren Mundu Egunagaz bat eginez, Gipuzkoako Diabetikoen Alkarteagaz alkarlanean. Gainera, Euskadiko gozotegi artisau guztientzat profesionalen arteko topaketea izan nahi dauen jardunaldia antolatu nahi da berehala, mundu mailan ospe handia daben izenakaz. Donostian egingo da eta gainera Pastelak gipuzkoar guztiei aurkezteko aprobetxauko da.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu