Igor Elortza eta Fredi Paia, Bizkaiko Bertso Txapelketako finalaurretara zuzenean

Bizkaie! 2012-10-29 10:08   Bertsolaritzea

Bizkaiko Bertsolari Txapelketea aurrera doa. Astegoienean kanporaketa bana izan da Mungian eta Sopelan. Fredi Paia eta Igor Elortza izan dira irabazleak saiootan, beraz finalaurretarako zuzeneko txartela lortu dabe

Bizkaiko Bertsolari Txapelketea aurrera doa. Astegoienean kanporaketa bana izan da Mungian eta Sopelan. Fredi Paia eta Igor Elortza izan dira irabazleak saiootan, beraz finalaurretarako zuzeneko txartela lortu dabe.

Mungiako Olalde aretoan 300 bat lagun batu ziran zapatuan, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako hirugarren finalaurrekoa bertatik bertara segiduteko. Fredi Paiak lortu zituan puntu gehien, halan finalaurreetara zuzenean joango da. Fredi Paiak 443,5 puntu jaso zituan; Iñaki Iturriotzek, 393,5; Ander Elortegik, 377; Malen Amenabarrek, 370,5; Txaber Ormazabalek, 352; eta, Peru Vidalek, 345.

Domeka arrastian egin eben laugarren kanporaketea Sopelako frontoian. Igor Elortza izan zan irabazlea. Halandaze Elortzak etxean, Durangon, abestuko dau hurrengo fasean, zemendiaren 25ean. Beste bost bertsolarien artetik Gorka Lazkanok eta Joseba Artzak dabe bakarrik aurrera egiteko aukerea. Hemen, atzoko saioko puntuazinoak: Igor Elortzak, 450 puntu; Gorka Lazkanok, 407; Joseba Artzak, 394; Garikoitz Sarriugartek, 391; Nerea Ibarzabalek, 391; eta, Ekaitz Larrazabalek, 315.

Beraz, Mungiako saiotik Iñaki Iturriotzek eta Sopelako saiotik Gorka Lazkano eta Joseba Artzak bakarrik dabe aukerea finalaurretarako. Eurekaz batera Gorka Ostolaza (Balmasedako bigarrena) eta Arrate Illaro (Berriatuko bigarrena) dira puntuazinoaren arabera sailkatuteko aukerea dabenak.

Hurrengo kanporaketea domekan izango da, zemendiaren 4an, Zornotzako Zelaieta zentroan, 17:30ean. Aitor Arrutia, Asier Legarreta, Josu Landeta, Julen Erezuma, Oihana Bartra eta Unai Ormaetxea bertsolariak egingo dabe kantuan. Irabazlea zuzenean sailkatuko da finalaurretara, eta ganerakoak, puntuazinoaren arabera.

Bizkaiko Bertsolari Txapelketako antolatzaileek gogoratu dabenez, saioetarako sarrerak salgai dagoz, finalaurreetako eta finaleko sarrerak bere bai, www.bertsosarrerak.eu webgunean.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu