Euskeraz egingo dogu BECatu

Bizkaie! 2012-10-26 12:33   Euskerea berbagai

BEC erakustazokan euren ibilbide profesionala euskeraz garatzen daben puntako 5 euskal taldek bilbotarroi eta inguruetatik etorriko diran hainbat eta hainbat laguni euskeraz gozau eta dibertiduteko aukerea emongo deuskue. BECatu Festibalaz gabiz, esan dau Galder Lizarraldek.

Zemendiaren 10ean BECen egingo dan BECatu Festibala dala eta agerraldia egin dabe bertan parte hartuko daben taldeetako ordezkariek, BECatu Festibaleko antolatzaileek, Bilboko euskalgintzako kideek eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak. Maite Inda Kontseiluko kidea, BECatu Festibaleko Gotzon Barandiaran, Bilboko euskalgintzearen izenean Galder Lizarralde eta Itziar Villafañez eta musikarien ordezkari lez, Gorka Urbizu (Berri Txarrak), Sergio Patxuko eta Jonmari Beasain (Esne Beltza), Ursula Strong eta Ainhoa Unzueta (Zuloak) eta Rafa Rodrigo (Willis Drumond) egon dira agerraldian.

Euskeraz bizi nahi dot. Horixe da hainbat eta hainbat herritarrek daben sentimendua eta borondatea. Borondate hori barik, nekez izango litzateke euskerea, oraindik orain, geure hizkuntza bizia esan dau Maite Indak, Kontseiluko kideak.

Nahi hori gauzatzeko, ostera, behar baino traba gehiago ditu euskaldunak. Zenbatetan gertatzen jaku parekoak euskerarik ez dakiela, gure lanpostuan euskeraz egiteko aukerarik ez dogula, lagun koadrilan erdaldun bat tartean egonik erdarara pasau behar izaten dogula, mediku erdalduna egokitu jakula… Halan da be, euskeraz biziten ahalegintzen gara, euskeraz bizi nahi dogulako. Nahi horretatik sortu doguz euskeraz ikasteko aukerea, baita euskerea bera ikastekoa be, euskerazko komunikabideak, eta euskeraz biziteko ezinbestekoak diran beste hainbat tresna. Euskerearentzako arrotzak ziran espazioak irabazten joan gara urteetan zehar, gune horreetan euskera natural bilakatu arte. Gaurkoan, irabazte bidean dan beste espazio baten barri emoteagaz batera, euskaldunek aukerak erabili deiezala nahi dogu adierazo dau.

Bilboko euskalgintzearen ordezkaritza batek be parte hartu dau agerraldian. Bilbo eta Bilbo Handia Euskal Herriko euskaldun kopuru handiena batzen dauen uria be bada. Bertoko euskaldunok komunidade lez eragile izan gara geure beharrak asetzeko behar izan doguzan tresnak eta espazioak eskuratzen. Horren adibide da, besteak beste, Kafe Antzokia. Euskaldunon topaleku bilakatua, euskerearen eta euskal kulturearen erreferente bilbotarrarentzat. Horren adibide be badira Bilbon bertan sortu doguzan komunikabideak. Horren adibide dira euskaltegiak, euskerea ikasteko aukerarik izan ez dauen hainbat lagunek euskeraz biziteko emoten daben lehen pausu horretan bidelagun diranak. Euskeraz biziteko aukerak sortzen emon doguz urte honeek guztiak eta norabide berean jarraitzeko asmo sendoa dogu. Bilbotar euskaldunok, baina, bi hizkuntza ezagutzen doguzan aldetik egunero-egunero hizkuntza hautua egiten dogu. Geuk erabagiten dogu euskerazko irratia piztu edo erdarazkoa, interneten informazinoa zelan bilatu… Baina hautu hori egin ahal izateko, ezinbestean, aukerea behar dogu. Gaurkoan, pozarren, Bilbo Handian irabazi dan espazio barri bat, euskeraz biziteko aukera barri bat badagoala esan geinke. BEC erakustazokan euren ibilbide profesionala euskeraz garatzen daben puntako 5 euskal taldek bilbotarroi eta inguruetatik etorriko diran hainbat eta hainbat laguni euskeraz gozau eta dibertiduteko aukerea emongo deuskue. BECatu Festibalaz gabiz, esan dau Galder Lizarraldek.

Aspaldiko gaia izan da BEC euskal taldeakaz betetearen erronkea, BECatu-ko Gotzon Barandiaranek esan dauenez. Izan be, martxan jarri zanetik hainbat dira bertatik pasau diran taldeak: estadukoak zein internazionalak. Bertan ikusi doguz Springsteen, AC/DC, Jonas Brothers, Fito… Kolore eta gustu guztietako musikariak. Baina faltan izan dogu beti euskal taldeek bertan lekua izatea. Lekua itzela da, jentetza eroateko gaitasuna izan behar dozu beteteko. Eta dudarik ez dogu gaitasuna badaukagula. Zemendiaren 10ean, Esne Beltzak, Zea Maysek, Berri Txarrak-ek, Willis Drumond-ek eta Zuloak-ek BEC euskerazko berbez eta akordez beteko dabe, euskaldunok orain arte arrotz izan garen gune honetan etxeko sentiduko gara, Euskeraz BECatu egingo dogu. Taula gainean izango diran talde horreek guztiek bi ezaugarri ditue komunean: euskerazko sorkuntzea hautatu dabela eta kalidadezko musikea eginez jarraitzaile ugari dituela. Ziur gagoz espazio barri hau konkistetako egin dogun ahaleginak bere fruitua izango dauela.

Musikarien izenean berba egin dabe, Gorka Urbizu, Sergio Patxuko eta Ainhoa Unzuetak be, euren aldetik eskaini jaken aukera hau erabilteko desietan dagozala adierazo dabe. Geure egunerokoan, hainbat eta hainbat euskaldunek lez euskeraz biziteko hautua egin dogu. Horrek dauenagaz. Zenbaitetan emoten deuskuen erantzun txar baten aurrean amorrua sentidutea, beste batzutan euskeraz atendidu zaituan horregaz konplizidade berezia izatea. Geu be herritar euskaldun arruntak gara. Geuk be, gure alorrean, musikearen alorrean euskeraz jardutea erabagi dogu. Euskeraz sortzen sentiduten gara eroso, euskeraz adierazoten doguz persona lez eta baita herri lez be mundua ikusteko dogun modua. Euskeraz biziteeak erdaraz biziteak emoten ez deutsuzan bizipenak dakarzkuz eta ondorioz gauzak ikusi eta interpretetako beste betaurreko batzuk. Guk betaurreko horrekaz ikusten doguzanak musikatzen doguz. Eta errebeldia puntua be hortik jatorkula komentetan dogu tarteka, erdi bromatan… herri honetan errebelde izan nahi dauen horrek egunerokoan euskeraz biziten saia daitela.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu