Zeanurik eta Ubidek larreen mankomunidadeko kontuen kitapena egin eta bakea barriztauko dabe

Bizkaie! 2012-10-24 17:56

Urriaren 27an, zapatuan, orain dala gizaldi bat baino gehiagotik urtero egiten daben lez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapena egin eta bakea barriztauko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen VI. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da.

Urriaren 27an, zapatuan, orain dala gizaldi bat baino gehiagotik urtero egiten daben lez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapena egin eta bakea barriztauko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Zeanuri-Ubide Larreen Mankomunidadearen VI. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da. Batzarra zein zeharkaldia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan barruan dagoz.

Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean —hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urteroko ohiturea eta betebeharra da. Antza, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izan dituen ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.


12 kilometroko ibilaldia

Bi udalen batzar hori aprobetxauta, orain dala sei urtetik, Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteek Zeanuritik Ubidera doan zeharkaldia antolatzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidarrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta bereziki Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.

Urteerea Zeanuriko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko dabe Ipiñabururantz zuzentzeko; hemendik Saldropora igon beharko dabe. Saldropoko zelaikadan, Lapursasitik Otsarretako pagadiaren ondotik igaro eta Ubiderantz joko dabe; azken txanpa honetan galtzadearen aztarnak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe parte-hartzaileek, azkenik Ubideko plazara heltzeko.

Zeharkaldiaren amaieran, hamabiren bat kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina ziur hitzorduari erantzutea mereziduko dauela, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.

Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00etan, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Ubideko udaletxean; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen zenbakiak aurkeztuko ditue, eta bilera-agiria sinatu ostean, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Zeanuriko udaletxean, eta bazkaria pagetea be zeanuriztarrei egokituko jake.


Zeharkaldiari buruzko zehetasunak

* Eguna: Urriaren 27a, zapatua.
* Izena emotea: Zeanuriko plazan, doban.
* Autobus zerbitzua: 09:00etan: Ubideko plazatik Zeanurira, ubidarrak edota Ubiden kotxea ixten dabenak Zeanuriko abiapuntura eroateko (1,50 €). 13:30ean: Ubidetik Zeanurira, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea itxi dabenak eroateko (1,50 €).
* Urteerea: 10:00etan, Zeanuriko plazan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Ordu bi eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
*13:00etan: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra Ubideko udaletxean bazka-larreen mankomunidadeko kontuak egiteko eta bilera-agiria sinatzeko.
* Antolatzaileak: Ipizki Taldea, Joko Alai Elkartea, Amexier Mendi Elkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanblada.
* Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea, Arratiako Gurutze Gorria, BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu