Kukaik, Joserra Senperenak eta Sabin Bikandik ikuskizun garaikidea eskainiko dabe Bilbon

Bizkaie! 2012-10-24 11:29

Sabin Bikandik (Aiko) eta Joserra Senperenak inprobisazino ariketa bat egingo dabe musika bikote ez-ohiko batetik abiatuz, txistua pianoagaz alkartuz, eta barrikuntzan apostua egin dauen Kukai taldeak lagunduta.

Bilboko Euskaldunako A3 aretoan gaur eguaztena, urriak 24, ikuskizun berezi bat izango da, musikea eta jantzak batu nahi izango dituan emonkizun bakar bat. Agertokian Sabin Bikandi Bilboko Udal Txistularien Bandako txistularia eta Aiko taldeko kidea; Joserra Senperena pianojolea eta Kukai Dantza Konpainia alkartuko dira eta eskainiko daben ikuskizunak euskal jantza tradizionalak beste disziplina eszeniko batzuekaz batuko ditu, ikuskizun garaikide bat sortuz. Bilboko Udal Txistularien Bandearen denporaldiko bigarren kontzertua izango da hau, bizkaitar uriburuko Euskalduna Jauregian denporaldi honetan danetara, sarrera libreko 11 emonkizun ikusteko aukerea izango dogularik.

Sabin Bikandi eta Joserra Senperenak inprobisazino ariketa bat egingo dabe musika bikote ez-ohiko batetik abiatuz, txistua pianoagaz alkartuz, eta barrikuntzan apostua egin dauen Kukai taldeak lagunduta. Jon Maiak Errenterian sortu eban konpainia bere hamargarren urtebetetzea ospatzen dago. Hamar urte honetan zehar konpainia honek hainbat lan egin ditu zenbait kolaborazino eta nahasketa sustatzen eta euskal jantzak, beste disziplina artistiko batzuekaz buztartzen, jantza estilo desbardinak eta artea ulertzeko beste ikuspegi batetik abiatuz.


Plateruenan be bai

Datorren zapatuan, hilak 27, Durangoko Plateruena Kafe Antzokian barriro be ikuskizun hau aurkeztuko dabe dobako sarrereagaz. Hitzordua arratsaldeko 19:00retan izango da. Kukai Dantza Konpainiak eta Aikok parte hartuko dabe eta Joserra Senperena pianistearen ordez John Tilburyk joko dau.


Protagonistak

Joserra Senperena (Donostia, 1965), pianojole eta konposatzailea da. Piano klasikoan nahiz jazzean ezagutza dauena eta pop-rock estiloan, zineman, antzerkian eta literaturan be kolaborazinoak egin dituana. 1999tik bost disko ditu kalean, VIII. mendeko txinatar poesia liburu-disko berezia, euskerara itzulitakoa eta bere konposizinoakaz eta Jose Luis Zumetak egindako marrazkiakaz ilustrautakoa, barne. Lau pelikula eta dozena bat film laburretarako soinu bandak konposatu ditu, orkestrarako moldaketak idatzi ditu eta zenbait antzerki lanetan pianoagaz kolaborau dau. Talde eta barkarlariakaz jo dau, adibidez, 21 Japonesas, Duncan Dhu, Fito, Bide Ertzean, Jabier Muguruza edo Coque Malla ezagunakaz eta baita, Patxi Zubizarreta edo Kirmen Uribe idazleakaz be kolaborazinoak egin ditu.

Sabin Bikandi (Galdakao, 1965) musikaria eta euskal jantza tradizionalen ikerlaria da, Donostiako Konserbatorioan Ohorezko Saria goi gradua amaitzean eta Bilboko Konserbatorioan Ohorezko Aitortza ganberako musikan. 1995ean, gradu ondorengo ikasketak, Londresen osotu zituan eta urtebete geroago Goldsmiths’ Collage-n, Etnomusikologia Masterra amaitu eban. Musikako goi irakaslea da eta Etnomusikologian doktore Londreseko Unibersidadean. Zenbait ikastetxetan lan egin dau eta intreprete lez Alxor taldean eta Bilboko Udal Txistularien Bandan egin dauen lana azpimarratu behar da. Gainera, Aiko Taldearen sortzailea da, eta txistulari aldizkariko zuzendaria be izan zan 1992tik 1995era. Konposatzaile eta moldatzaile lanetan bere obrak estilo eta genero zabala jasoten dau, beti txisturako musikearen lanak egin ditualarik.

Kukai Dantza Konpainia, Errenteria (Gipuzkoa), euskal jantza tradizionaletik abiatuz sortzen ditu bere ikuskizunak. Bestelako disziplina artistiko eta jantza estiloetatik eta artea ikusteko beste modu batetik abiatuz egiten ditu kolaborazinoak eta nahasketak: euskal jantzatik abiatuz, ikuskizun garaikideak sortzen ditu. Bere ibilbidea Deiadarra ikuskizunaren aurkezpenagaz hasi eban eta ordutik hainbat ikuskizun sortu ditu, hainbat kolaborazino lan egin ditu eta ekimen berezietan parte hartu dau, horreen artean Tanttaka Teatroa taldeagaz egindako lana azpimarratu behar dalarik. 1937 ikuskizuna, 2003ko Donostiako Antzerki sariduna da eta ikuskizun hau Argentinan, Txilen, Uruguayn, Venezuelan, Colombian, Estadu Batuetan eta Ingalaterran be aurkeztu da. Latidos (2007) produkzinoan be parte hartu dau, musika elektronikoagaz eta multimediagaz jantzea buztartzen dauen ikuskizuna, Valladolideko Kale Antzerki Jardunaldiko antolatzaileen enkarguz.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu