Lazarraga Sarien bigarren edizinoa aurkeztu dabe

Bizkaie! 2012-10-22 17:14   Euskerea berbagai

Lazarraga Sarien bigarren edizinoa aurkeztu barri dabe. Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskerearen alde lan egin daben erakunde edo personak saritzea eta euron ahalegina autortzea da sarion helburu nagusia.

Lazarraga Sarien bigarren edizinoa aurkeztu barri dabe Iciar Lamarain Arabako Euskera, Kultura eta Kirol foru diputaduak eta Rober Gutierrez Bai Euskarari Ziurtagiriaren alkartearen zuzendariak. Arabako arlo sozio-ekonomikoan euskerearen alde lan egin daben erakunde edo personak saritzea eta euron ahalegina autortzea da sarion helburu nagusia.

Hezkuntza mailan euskerearen normalizazinoa indartzeko Aldunditik egiten dagoan ahalegina emoitzak emoten dabil, eta geroz eta ikasle gehiago matrikuletan dira euskeraz, nabarmendu eban Lamarainek. Lan arloan be bide beretik segidu behar dala uste dau, eta horretarako behar-beharrezkoa da lan-mundua gazteen hizkuntza errealidadera egokitzea. Lazarraga Sariek Arabako arlo-sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiten dabela adierazo eban Gutierrezek.

Lehenengo aldian lez, 2012an norbanako bakarra sarituko da. Erakundeei jagokienez, lau arlo hartuko ditue kontuan: Hizkuntza paisaia etiketea; Kontratazino eta barne dokumentazinoa; Jarduera nabarmena egitea; eta Euskera kanpoko harremonetan erabiltea. Sari bakotxeko hiru hautagai aukeratu ditue, eta irabazlea sari-banaketa egunean jakinarazoko dabe. Sarien banaketa ekitaldia zemendiaren 30iean izango da, Bibat Museoan.

Lazarraga Sarien epaimahaiko kideak ondokoak dira: Cuca Gutierrez, Arabako Foru Aldundiko Euskera, Kultura eta Kirol Saileko zuzendaria; Jokin Larrañaga, Arabako Foru Aldundiko Euskera Zerbitzuko burua; Blanca Lacunza, Arabako Foru Aldundiko Ekonomi Sustapenerako zuzendaria; Alex Vadillo edo Elena Urzelai, Gasteizko Udaleko euskera teknikariak; María Fernandez de Romarategui, Arabako Merkataritza Ganbarako Merkataritza arduraduna; Rober Gutierrez; Beñat Mendiguren, euskera teknikaria Amurrioko Udalean; eta Karmele Jaio idazle gasteiztarra.

Hautagaiak aurkezteko epea zemendiaren 7an itxiko dabe. Argibide gehiago behar izan ezkero: www.alava.net, www.euskaraba.com edo euskaraba@euskaraba.com

Igazko saridunak honeek izan ziran: Gasteizko merkatari Kepa Mendiak, Euskadiko Kooperatiben Konfederazioa, Guardiako Launa Upategiak, Laudioko JEZ Sistemas Ferroviarios enpresea eta Gasteizko Skunk Funk dendea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu