Alicia Otxandategi: 'Antzerki eta jantza garaikidean ez da erraza euskerazko lanak topetea '
2012-10-22 12:59 BarriketanXIV. BAD Bilboko Antzerki Dantza jaialdiak arte eszenikoen arloko sorkuntzarik barritzaileenak eta abangoardistenak eskainiko ditu Bilbon urriaren 25etik zemendiaren 4ra arte. Estreinaldi ugari izango dira aurten be BADen. Antzerkia eta jantzea dira jaialdiaren osogai nagusiak, baina tartean makina bat diziplinatako sorkuntzak batu ditue egitarauan, performanceak, ikus-entzunezkoak, aireko antzerkia, intalazinoak eta abar.
1.- BAD jaialdiak kalidadea eta aniztasunari eutsi deutsazuela azpimarratu dozue antolatzaileok. Horrek dira zuen erispide nagusiak?
Bai, horreek biak, eta bertoko artisten lan barri eta barritzaileak aurkeztea. Kanpoko sortzaileen lanak be erakusten doguz. Horreek dira gure ardatzak. Kalidadeari eusteaz batera, antzerkian eta jantza arloan momentu honetan dagozan modu guztiak agertzea da gure asmoa.
2.- Erraza da gaur egun kalidadezko lanak eta aniztasuna topetea?
Bai, antzerki eta jantza garaikidean gero eta gauza hobeak egiten dabilz. Bertoko artistak oso lan onak egiten dagoz, eta estaduan be gauza asko eta asko egiten ditue. Nik uste dot kalidadea ez dala karua izan behar; kalidadezko lanak egin daitekez karuak izan barik be. Gaur egun maila sano ona dagoala pentsetan dot.
3.- Euskal Herrian sortzen diran beharrak kanpokoen parekoak dira kalidadez?
Gero eta gauza hobeak egiten dira. Jantzearen munduan lan handiagoa egin da, asko mobidu dira koreografoak kanpora, Bruselara, Kataluniara... Antzerkian, barriz, uste dot atzeratxuago gagozala. Katalunia erreferentzia da gaur egun estadu espainiarrean. Katalunia eta Euskal Herriko artistek hartu-emon estuak ditue. Apurka-apurka hobetzen doala ikusten gabilz.
4.- Estreinaldiak be BADen nortasunaren parte dira. Egitaraua ikusita, lan gehienak estreinaldiak dira, zelan lortzen dozue urtero-urtero?
BAD jaialdia bakarra da Euskal Herrian lan barritzaile eta garaikideak erakusten dituana. Bertoko artistek gure jaialdira jotzen dabe euren lanak aurkezteko, urtero izaten dira proposamenak badakielako BAD leku aproposa dala piezak erakusteko. Orain dala hiru bat urtera arte, jantzariak ziran nagusi, jantza-koreografoak mobiduten ziran gehien; aurten, ostera, uste dot antzerki lan gehiago estreinauko doguzala. Argi dago antzerkiaren mundua be badabilela gauza barriak egiten.
5.- Krisialdirik igarri dau BADek aurrekontuan? Eta sorkuntza arloan?
Aurrekontua txikiagoa da, bai. Kontu handiagoz erabili behar izan dogu dogu dirua programazinoa osotzerakoan. Baina, konturatzen zara azkenean baliabideak ondo erabili ezkero, programazino ona eta kalidadezkoa egin daitekela diru gitxiago euki arren. Karteletan, irudian eta beste kontu batzuetan igarten da murrizketea. Diru gitxiago erabili dogu holango gauzetan programazinoari eta artistei leku gehiago ixteko. Ikusi egin behar da zer dan preminazkoena, eta kasu honetan argi dago emonaldiak eta artistak dirala lehentasuna, programazinoa bera. Horregaitik, beste leku batzuetatik kendu egin behar izan dogu, eta kendu beharko dogu aurrerantzean be.
6.- PreBADik ez da egongo aurten. Aurrekontuak zerikusia izan dau horretan?
Hasiera baten izan daiteke aurrekontuaren eragina. Halanda be, igaz PreBAD BilbaoEszenako Artistak Egoitzan ekimeneko lanak aurkezteko erabili genduan, amaitu bako lanetarako, eta aurton programa horretako sorkuntzak nahikoa aurreratuta dagoz. Egoitzetako bi estreinaldiak izango dira, eta beste bat aurrestreinaldia, berbarako. Europan sorkuntza prozesuan dagozan lanak emonaldi lez aurkezteko joerea dago azkenaldian, eta guk abangoardia horretan egon gura badogu holan egin beharko dogu.
7.- Eta sorkuntzetan igarten ete da krisialdia?
Artistek badakie arazo asko dagozala. Nexo taldeak La historia del Noctámbulo estreinauko dau BADen, jaialdiagaz batera egindako koprodukzinoa da. Diru asko behar dauen lana da, halanda be konpainiak aurrera egin dau. Nexok erronkeari ekin nahi izan deutso, holango kasu batzuk egon badagoz gaur eguneko egoera honetan be. Euskal Herrian bizi dogun egoerea ez da hain txarra. Edozelan be, igarri dogu lan txikiagoak egiten dagozala, formatu txikidunak; izan be, errazago saltzen dira, eta leku gehiagotan. Produkzino handiek sarritan teknika aldetik asko eskatzen dabe, diru asko. Momentu honetan, ailegau jakuzan behar gehienak baliabide gitxiagogaz egin ditue. Artistak eta ikusleek ohitu beharko dabe holango lanetara.
8.- Nexoren La historia del Noctambulo lanaren koprodukzinoan parte hartu dau BADek. Urtero hartzen dozue parte holango proiektuetan?
Urtero akaso, ez, baina azkenengo hiru urteotan koprodukzinoak egin doguz. Hemendik aurrera, gauzea holan segidu ezkero, gatxagoa izango da koprodukzinoak egitea, lankidetza moetaren bat erabili beharko da jaialdia eta artistek aldetik. Igaztik genkien Nexo lanean ebilela, konpainiaren 12. urteurrena lan berezi bategaz ospatu nahi eben. BADek laguntzinoa emon deutso, baina laguntasun gehiago be beharko leuke lan handia da eta.
9.- Aurten beste eszenatoki bat gehitu dozue, BilbaoArte. Zer dala eta? Zer ekarpen egingo deutso jaialdiri?
Espazioa bera izango da ekarpenik handiena, han dagozan baliabideak, gelak, tresneria... Artistek bertan egingo dira tailer eta jarduera guztiak grabauko ditue, izan be bertan egingo dira profesionalentzako jardunaldiak. La Tristurak BilbaoArten egingo dau workshopa, berbarako. Lankidetza honek erakutsiko deusku BAD eta BilbaoArte lan nahikoa antzekoak egiten doguzala, erakusketak, jantza garaikidea, eskulturea eta abar. Lankidetzea oso interesgarria izan da aurten, eta izan izango da beste urte batzuetan bere. Jaildian ez eze, ostean be alkarregaz behar egiteko asmoa daukagu.
10.- Euskereak presentzia handiagoa izango dau aurten, zelan ba?
Igazko balorazino orokorrrean egitarauan euskerazko lan oso gitxi egozala nabarmendu zan. Euskerazko lanak topetea ez da bape erraza, gaur egun kaleko lanak egiten dira euskeraz, ume edo familiei zuzendutakoak. Igaz hasi ginan lanean, euskerazko sorkuntzak topau gurean. Holan, Buruz Behera taldearen Takoiak airean agertu jakun. Bilbon lehenengo aldiz eskainiko dabe, ganera. Airezko antzerkia edo akrobazia ez da ohikoa antzerki garaikidean. Metroakoadrokak Poza: zergatik dantzatzen dute bosniarrek? antzezlana eskainiko dau, Artistak Egoitzan bekearen laguntzinoagaz. Datorren urtean estreinauko dabe, 2013an, baina daborduko badauke 50 minutuko sorkuntzea prest. Sortzeko prozesuan dagoan lana jentaurrean aurkeztu gura dabe, ikusleen erantzuna jasoteko.
Honeek dira euskerazko egitarauaren ardatzak, baina beste lan bi sortzez euskeraz izan ez arren, euskaratu diranak be badira BADen. Beatriz Setienek Beatriz canta performancea aurkezteko etortekoa zan. Donostiarra da, Parisen bizi arren, eta berak proposau euskun bere lana euskeratzeko aukerea. Pozarren egingo leukela esan eustan. Horrezaz gan, El Canto de la Cabrak Tierra pisada, por donde se anda, camino lana aurkeztuko dau. Lan poetikoa da, poesia proiekzinoan ikusten da. Lana Euskal Herrian, Katalunian, Frantzian... mobidu nbahi dabela esan eusten, eta itzultzeko erraza izan daitekela. Azken baten, euskerazko bersinoa egiteko prest egozala. Julia Marin eta Agus Perezek euskaratu dabe Lur zapaldua, ibiltzen duguna, bidea. Lan gogorra izan da, testu poetiako da, eta ez da kontu erraza izan. Honek bersinoak gu bila ibili barik agertu egin jakuzala esan geinke.
11.- Bide eta modu barriak lantzen ditu BADek, horretara ohitu gaitu. Aurten, Gaitzerdik Mallonako kanposantu zaharrean Domu Santu egunean Media vuelta estreinauko dau.
Gaitzerdi konpainiak taldeak ditu, produkzino handietarako batzuk, eta bestelako lanetarako beste kide batzuk. Aspaldi dabulz Media vuelta prestetan, Kepa Ibarraren zuzendaritzapean. Kepak oso argi eukan leku berezian egin behar zala; hainbat leku aurkeztu euskuzan, eta azkenean Mallonako kanposantu zaharra aukeratu genduan. Domu Santu egunean egingo dabe, ganera, emonaldi bitan. Leku eta egun berezia izango dira, duda barik. Gaia be egokia da, bihotzak ze bide egiten dau hil ostean?
12.- Jantza eta antzerki garaikideko ikuskizun barritzaileenak ekarten ditu BADek, zeintzuk dira gaur egun joera garrantzitsuenak?
Aldaketarik nabari da azken urteetan? Ikus-entzunezkoak erabilteko joera handia dago. Igazko eta aurtengo BADeko irudian telebista eta ordenagailuak agiri dira, ez da harritzekoa. BADeko lanik gehien-gehienek teknologia barriak erabilten ditue. Joerea adierazgarria da, bai hemen bai kanpoan bere bai.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!