Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque aurkeztu dabe Baionan

Bizkaie! 2012-10-19 12:49   Euskerea berbagai

Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizino barri hau Elhuyarrek argitaratzen dauen bigarrena da, eta, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko ohiko berba arruntakaz batera, berba teknikoak eta zenbait egitura gramatikal eta esapide batzen ditu.

Elhuyar Fundazinoak Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizino barria aurkeztu dau Baionako Elkar Megadendan. Han izan dira Josu Aztiria, Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko arduraduna, Elixabete Etxeberria, hiztegiaren arduradun eta Elhuyar Hizkuntza Zerbitzuak saileko kidea, eta Irati Bereau, hiztegiaren egileetako bat.

Hiztegi honetan, euskerazko edo frantsesezko berbearen ordainaz edo ordainez gan, oharrez eta adibidez osotutako informazinoa topauko dogu askotan. Sarritan, baita sarrereari lotutako azpisarrerak be. Dictionnaire Elhuyar hiztegia euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren edizino barri hau Elhuyarrek argitaratzen dauen bigarrena da, eta, Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko ohiko berba arruntakaz batera, berba teknikoak eta zenbait egitura gramatikal eta esapide batzen ditu. Tresna baliogarria izan nahi dau irakasle eta ikasleentzat, hizkuntzak lantzen edo hizkuntzea lan tresna daben profesionalarentzat, edo jakin-mina dauen guztiarentzat. Eskolan, akademian, unibersidadean, lanean… erabilteko modukoa da. Hiztegi hau frantsesa zein euskerea ikasten dagoan edozeinentzat erabilgarria da, edade guztietarako egokia.

Elixabete Etxeberriak, hiztegiaren arduradunak, aitatu dauenez, bigarren argitalpen honetan, Euskaltzaindia etenbarik osotzen eta Interneten argitaratzen dagoan Hiztegi Batua izan da prestakuntza-lanen zutabeetako bat. Lehen argitalpenagaz alderatuta (2004), hiztegia adibidez eta oharrez hornidutea izan da lanaren beste parte handi bat; 6.753 adibide jasoten ditu guztira, aurreko edizinoak baino dezente gehiago.

Hiztegiak 42.034 unidade ditu, bakotxa eremu geografikoaren markaz, marka semantikoz eta erabilera-oharrez hornidua. Betibe, euskereagaz eta frantsesagaz dabilen erabiltzaileari produktu osoa, eguneratua eta erabilerraza eskaintzeko helburuagaz.

Elhuyar Fundazinoak urtetako eskarmentua dauka hiztegigintza-arloan, eta hiztegiak, papelean eta Interneten ez eze, smartphoneetan be eskuragarri daukaz. Oso epe laburrean tabletetan be eskuragarri izango dira. Dictionnaire Elhuyar hiztegia, euskara-frantsesa / français-basque hiztegiaren bigarren edizinoa dagoeneko salgai dago papelean, Elhuyarren Interneteko dendan (www.elhuyar.org/edizioak). Dana dala, Elhuyarrentzat garrantzitsua da erabiltzaileak dagozan euskarri guztietara zabaltzea hiztegiak, eta horregaitik, Josu Aztiriak adierazo dauenez, lanean dabilz hiztegi honen edizino barria Interneten konsultagai jarteko eta smartphoneetara eta tabletetara egokitzeko. Gainera, erabiltzaileen eretxiak eta oharrak jasoteko bidea jarri dau www.elhuyar.org/hiztegiak-iritzia helbidean, bertan, Elhuyar hiztegiei buruzko eretxia emon ahal izango dau erabiltzaileak.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu