'Pura vida'
2012-10-19 11:05 Zinema kritikakIñakiren erreskate-lanetan parte hartu eben mendigoizaleak nortzuk izan ziran erakutsi deuskue, eta orduko gogoetak berreskuratu ditue. Alkarrizketa benetan interesgarriak lortu ditue. Pura Vida dokumentalak Serbitzu Saria irabazi dau Donostiako Zinemaldian, eta Amsterdamgo IDFA zinema jaialdi ezagunean aukeratu dabe.
- Jatorrizko izenburua: Pura vida.
- Zuzendaria eta gidoigileak: Pablo Iraburu, Migueltxo Molina.
- Produktoreak: Marga Gutiérrez, Igor Otxoa.
- Argazkilaria: Raúl de la Fuente.
- Musikea: Mikel Salas.
- Iraupena: 81 minutu.
- Generoa: Dokumentala
Iñaki Ochoa de Olza mendigoizale maitagarria eta berezia izan zan, Bajo los cielos de Asia bere oroimen-liburuan argi itxi eban lez. 2008an, Annapurnan egoala, buruko edemea izan eban. Lau egunez Ochoa de Olza handik atarateko erreskate-saioak larri eta estu segidu genduzan Euskal Herrian.
Nafarra salbetako saiakerotan mundu osoko mendigoizaleek hartu eben parte, euren bizitzak arriskuan ipiniz, nahiz eta jakin baekien ia ezinezkoa zala Iñaki handik bizirik bajatutea. Istorio ha filmau dabe Pablo Iraburuk eta Migueltxo Molinak. Lan handia izan da, urteak emon ditue ekinean. Merezidu izan dau. Pura Vida dokumentalak Serbitzu Saria irabazi dau Donostiako Zinemaldian, eta Amsterdamgo IDFA zinema jaialdi ezagunean aukeratu dabe.
Iraburuk eta Molinak makina bat aukera euken Ochoa de Olzaren historia kontetako. Film guztiz dramatikoa egin ahal eben, negar eginarazoteko. Pelikula epikoa egitea beste aukera bat zan, Iñakiren irudia goraipatuz, bere filosofia, izaerea eta biziteko modua azpimarratuz... Posible zan egitea be pelikula hunkigarria, adibidez, egun gogor hareetan Iruñean, Diario de Navarra-ko gela batean sartuta egon ziran lagunak -erreskate-lanak koordinetan, asko sufriduz- alkarrizketatuz eta momentu hareek barriro biziz.
Ba, hori guzti hori kanpoan itxi dabe zuzendariek. Beste bide bat hartu dabe: Iñakiren erreskate-lanetan parte hartu eben mendigoizaleak nortzuk izan ziran erakutsi deuskue, eta orduko gogoetak berreskuratu. Alkarrizketa benetan interesgarriak lortu ditue, berbarako emakume batek zelan bizi dituan gizonaren urteera-ibilaldiak.
Horregaz batera, Iñaki Ochoa de Olza berak eta bere kideek Annapurnako igoeran ataratako irudiak sartu ditue, ezelako artifizio barik. Dokumental zintzoa da, benetakoa, mundu bat erakusten deuskuna, mendizale batzuena, hain zuzen be.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!