Arabako berbalagunek Arabako II. Mintza Eguna ospatuko dabe zapatuan Murgian
2012-10-18 18:24 Euskerea berbagaiTopaguneak eta Zuia Kuadrillako Mintzalagunak Arabako II. Mintza Eguna antolatuko dabe Murgian zapatuan, urriaren 20an. Egun osoko egitaraua atondu dabe, mintza-probak, herri bazkaria, musikea, janztea, bertsoak eta abar.
Topaguneak eta Zuia Kuadrillako Mintzalagunak Arabako II. Mintza Eguna antolatuko dabe Murgian zapatuan, urriaren 20an. Egun osoko egitaraua atondu dabe, mintza-probak, herri bazkaria, musikea, janztea, bertsoak eta abar.
Araba osoko berbalagunak batu gura ditue antolatzaileek. Mintzapraktika egitasmoetan parte hartzen daben berbalagun eta mintzalagun guztiek alkar ezagutu eta egunpasa ederra egiteko aukerea da Mintza Eguna, adierazo dabe ekimenaren arduradunek. Arabako euskaldun guztiei be egin deutse konbitea.
Ikasturteari hasiera emoteko egun aproposa dala erexten deutse, eta oraindino lekuan lekuko proiektuetan izena emoteko epea edegita dagoala gogoratu dabe. Hartu-emon sare euskaldunak indartu edo sortzeko aukerea emoten dau egun honek.
Zuia Kuadrillako Kultur taldeak hasiko Arabako II. Mintza Eguneko egitaraua 10:30ean. Zuia eta Euskal Herriko mitologia ezagutzeko ibilbide gidatua abiatuko da ostean. 12:00etan, Mintza-probak egingio ditue, Berba-pasa, Esaera zaharrak eta Palindromoak, hain zuzen be.
Goizeko jarduerak amaituta, 14:30ean herri bazkaria egingo dabe. Arrastian, 16:30etik aurrera, bertso-antzerki-kantua saioak prestau ditue, eta eguna amaitzeko, jantzaldia, Azido Folkloriko taldeagaz, eta 20:00etan kontzertua, Maldan behera eta Garraxika taldeekaz.
Mintzapraktika egitasmoak euskerea jakitetik euskeraz egiteko saltoa emoten laguntzeko sortu ziran. Donostiako Bagera alkartea izan zen aitzindaria, 1993an, eta gaur egun 4.800 mintzalagun baino gehiago dagoz Euskal Herri osoan.
Bost-sei lagunek osotutako talde txikiak dira, eta astean behin batzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun be esaten jake. Euskal Herri osoko 80 herritan dagoz taldeak. Azkenengo urteotan, urigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo zein inguruko eskualdeak) nabarmen indartu dira. Araban egitasmoak harrera bikaina izan dau azken urteetan. 2011-2012 ikasturtean 1.000 arabar inguru alkartu ziran astero alkarrizketa, ibilalditxo edo kirol baten inguruan, azaltzen dabe. Ekintzon helburua hartu-emon euskaldunen sarea handitzea da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!