'Kolore&hitz' lemapean, datorren domekan Zizurren dogu hitzordua Nafarroa Oinezegaz

Bizkaie! 2012-10-18 12:54   Euskerea berbagai

Nafarroako Ikastolen Alkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak ikastolen jaian parte hartzera deitu ditu herritarrak; 32. aldia izango da aurtengoa; danera, 200 kilometro inguru egin doguz. Ikastolen jaiaren erronka garbia dala erantsi dau Mariñelarenak: euskerea Nafarroa osoan ofizial izatea, eta irakaskuntzan sendotzea, batez be unibersidadean, hor egiten dauelako huts.

San Fermin Ikastoleak 30 kontzertutik gora eta hainbat emonkizun eta jolas antolatu ditu datorren domekan, urriak 21, Zizur Txikian eta Zizur Nagusian egingo dan Nafarroa Oinezen 32. edizinoan. Aitatu bi herrietan diseinautako ibilbidean zehar (8,5 km) bost gune jarriko dira eta, nobedade lez, Ekotxosna bat antolatu da, produktu ekologikoakaz eta barazkijale/beganoentzako menuakaz, eta 11-15 urtekoentzako aisialdi alternatibak 3. gunean. Danetara, ia 1.800 bolondres ibiliko dira antolaketa lanetan.

Nafarroa Oinez nafarroako Ikastolen mobimentu kooperatiboaren eta euskerearen aldeko jai erraldoia da eta aurtengo antolakuntzea Zizur Txikiko San Fermin Ikastoleari jagoko. San Fermin Ikastolea ibilbide luzeko ikastolea da, 1970ean sortua. Gaur egun, 950 familiek, 1.514 ikaslek, 98 irakaslek eta 38 zerbitzuetako profesionalek osotzen dabe Ikastolako komunidadea. Beraz, erreferentzia argia da Iruñerriko euskaldunentzat.

San Fermin Ikastoleak helburu zehatza dauka: Bigarren Hezkuntzea handitzea, izan be, orain gitxira arte ziklo horretan egozan hiru gela lau bilakatu dira eta, horrezaz gan, Batxilergoan Iruñerriko beste ikastetxeetako ikasleak jasoten ditu urtero. Azken urteotan Bigarren Hezkuntzan gora egin dau ikasle kopuruak etenbarik, 200 ikasle gehiago zehatz-mehatz, eta egoera honek espazio arazoak sortu ditu.

Aitatu helburuaz gan, Nafarroa Oinez 2012koaren bitartez, San Fermin Ikastoleak autortu nahi dau Euskalerria Irratia euskerearen zabalkundean Iruñerrian aspalditik egiten dagoan lana, eta bidenabar haren legalizazinoa aldarrikatu. Euskerea ardatz dauen hezkuntza erakunde lez, San Fermin Ikastoleak behar beharrezkotzat joten dau Iruñerrian hedabide euskaldunak izatea, izan be, komunikazino tresna ezinbestekoak baitira hizkuntzearen garapenerako. Edizino honetan omenaldi bat eskaini nahi jako Jakiunde Zientzia, Arte eta Letren Akademiari. Gainera, ekitaldi berean, Tuterako Argia ikastolak hurrengo urteko Nafarroa Oinez antolatzeko lekukoa hartuko dau. 2014. urtekoa, berriz, Zangozan egingo dabe.

Oinez Eguneko jarduerak goizeko 10.00etan hasiko dira protokolozko edegiera-ekitaldia eta gero, eta bost gunetan antolatu dira: ikastola (1. gunea); Erreniega (2. gunea), eskoleen ondoan kokatuko dana; Zizurartea (3. gunea), Miravalles ikastetxetik hur; Ardoi (4. gunea), izen bereko urbanizazinoan; eta Baltxarran (5. gunea), Zizur Txikian, izen bereko plazearen ondoan. Danetara, 8,5 kilometroko ibilbidea da. Ikastolatik abiatzen da, Zizur Txikia inguratu eta Zizur Nagusiko Ardoi urbanizazino barriaino heltzen da.


Ekotxosna

Ekotxosna 1. gunean kokatuko da, hau da, Ikastolan, eta beste pausu bat da ekologia, hurreko produkzinoa eta ingurumenagazko errespetua Oinezera ekarteko. Oinez Berdearen filosofiagaz bat eginda, saio bat da, bizimodu barazazkijale/beganoentzat gune bat eskaintzeko. Txosna honek bi ezaugarri nagusi izango ditu: produktu ekologikoak eta Euskal Herrikoak, hau da, hurreko produktuak; eta, horrezaz gan, alkoholik bako gunea izango da. Denporaldiko produktuak aprobetxauko dira eta udagoienak eta ortuak gure mahaian jarten dabena eskainiko da. Sagar prentsa handia jarriko da, sagar-ura in situ egingo dauena, eta Arronizko zumo eskainza zabala izango da: udarea, udarea limoiagaz, laranja, sagarra, kiwi eta mahatsagaz.

Ekotxosnan 150 lagunentzako bazkaria eskainiko da: 100 menu ekologiko eta 50 begano. Azkenik, gune bat izango da zeliakoentzako.


Gazteentzako alternatibak

Alkoholaren kontsumoaz azkeneko urteetan egindako hausnarketearen ondorioz, prebentzino neurriak hartzeaz gan, aurten aisialdi alternatibak eskainiko jakez Bigarren Hezkuntzako gazteei Oinez Egunean. Gazteentzat bi gune izango dira, Zizurartea eta Ardoi, eta ahalegin bereziak egin dira batez be 3. gunean (11-15 urtekoentzat). Bertan, eta mezu sinboliko lez, ez da graduazino handiko alkoholik izango, eta programautako jarduerek protagonismoa gazteari emongo deutsie, parte hartzea sustatuz.


Garraio publikoaren alde

Oinezen antolatzaileek dei berezia egin dabe Iruñerriko jenteak garraio publikoa eta jasangarria erabili daian. Zerbitzu bereziak izango dira Eskualdeko Garraio Publikoan, eta zehatz mehatz errefortzuak aurreikusi ditue ondoko linea honeetan: 1. linea, Merinaldeen Pza – Zizur Txikia (maiztasuna: 10 minutu); 15. linea, Sarasate pasealekua – Zizur Nagusia/biribilgunea (maiztasuna: 15 minutu); eta 18. línea, Nafarroa Beherea Etorbidea – Zizur Nagusia / S. Cristóbal ingurabidea (maiztasuna: 5 min.). Errefortzu horreek goizeko 9:00etatik gaueko 21:00etara ezarriko dira. Bestalde, bizikletak gordeteko aparkaleku berezia izango da 5. gunean (Baltxarran).


Gomendio berdeak

Nafarroa Oinez 2012ko jaian parte hartuko daben milaka laguni antolatzaileek honako eskaera honeek egiten deutseez, Oinez Berdea filosofiagaz bat eginik: arduraz konsumidutea; erabilpen bakarreko ontziak murriztea; hondakin mota desbardinak bereiztu eta birziklapena erraztea; ura neurrian konsumidutea; parke eta kaleetako landaretzea errespetetea; zuhaitz bat babestea Oinez Basoa sortzen laguntzeko; ondo pasetea eta laguntzea euskerazko irakaskuntzea Nafarroan, ingurumenari alperreko kosturik eragin barik.

Javier Barcos ikastolako presidenteak eta ikastolako zuzendari Pilar Vicentek Nafarroa Oinez ospatzeko deia egin deutse euskaltzale guztiei. Nafarroako Ikastolen Alkarteko zuzendari Pello Mariñelarenak be ikastolen jaian parte hartzera deitu ditu herritarrak; 32. aldia izango da aurtengoa; danera, 200 kilometro inguru egin doguz. Ikastolen jaiaren erronka garbia dala erantsi dau Mariñelarenak: euskerea Nafarroa osoan ofizial izatea, eta irakaskuntzan sendotzea, batez be unibersidadean, hor egiten dauelako huts. Era berean, helburutzat jarri dau, euskereak toki egokia izatea hedabideetan, bai eta herritarrek administrazinoagaz dituen hartu-emonetan be.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu