Eneritz Iturriaga: 'Nesken txirrindularitzea nahikoa abandonauta dago gurean'
2012-10-15 12:38 BarriketanTxirrindularitza profesionalari agur esan deutson abadiñoarra
Abadiñon orain 32 urte jaiotako txirrindulariak agur esan deutso oraintsu profesional izateari, elite mailan 12 urte egin ostean eta tarte horretan, besteak beste, Euskadiko bost txapelketa eta Espainiako sei txapelketa irabazi ostean, horreetatatik 4 erlojuaren kontra. Horrezaz gan, Italiako Giroan 10. sailkatu zan 2006an eta tarteka etapa garaipen batzuk ditu.
1.- Agurraren ostean, makinatxu bat omenaldi eta errekonozimendu jaso dozu, azkenengoetarikoa Bizkaiko Txirrindularitza Federazinoarena. Egoa ondo puztuta eukiko dozu...
Bai. Azkenean, ibilbideari amaierea emoten deutsazunean, normalak izaten dira holako omenaldi eta ekitaldiak eta benetan pozgarria da urte asko kanpoan egin arren, jenteak maite zaituela sentiduten dozulako. Txirrindularitzea kirol gogorra da eta etxetik kanpora ibili behar izatea, lesinoak eta sufrimentua ahaztuteko oso onak izaten dira holako errekonozimenduak.
2.- Amateur mailan Baque, Ciclos Iturriaga eta Orbean ibili ostean, profesionaletan hainbat taldetan ibili zara, gehienbat Italiako taldeetan, eta ibilbidearen amaierea Sopelako Lointek taldean egin dozu. Agurraren prentsaurrekoa orain egun batzuk egin zenduan eta orain, egun batzuk pasauta, zelan sentiduten zara?
Ondo, oso ondo. Ezelako presino barik, erabagia neuk hartu dot, momentua zala pentsau ostean eta jentaurreko agurraren konpromisoa pasauta, gainetik sekulako pisua kendu dodala sentiduten dot, oso lasai geratu naz. Hori bai, txirrindularitzea maite dot eta badakit faltan hartuko dodala baina gustora nago hartutako erabagiagaz. Lehia kirola baztertu eta bizikletan ibilten jarraitzeko esperantzea daukat, gaur goizean be 50 bat kilometro egin dodaz astiro-astiro eta ahal dodanean bizikleteagaz bueltatxu batzuk emoten jarraituko dot.
3.- Txirrindularitzan egin dozun ibilbideko palmaresari erreparauta gustora zagoz? Kirol lorpenez gan, txirrindularitzeak zer kendu eta zer emon deutsu?
Bai, bai. Egin barik edo irabazi barik geratu jatazan lasterketakaz bueltaka ibiltea, horreekaz lar itsututea ez jat gustetan, joandakoak joan ziran eta kitto. Nahikoa erregularra izan nazela pentsetan dot, ahal izan dodan guztia emon dot beti eta akaso lesinoakaz nahikoa baragarri ibili nazela be esango neuke. Baina egindakoagaz eta irabazitakoakaz pozik nago.
Hamabi urte egin dodaz goi mailan eta jakina horrek bizitza personalean eragiten dau gehien; dedikazino esklusiboan zabilz bizikletan, entrenamentuak, konzentrazinoak, lasterketak eta enparauak dira zure egitekoak eta ganera Italian bizi izan naz urteetan eta normala danez, lagunekaz, etxekoakaz ezin zara sarri-sarri egon. Hango bizimodua egiten dozu, hango ohitura eta jokerakaz eta lagun taldea daukazun arren, hurrekoen faltea hartzen da.
Beste alde batetik, txirrindularitzeak gauza onak ekarri deustaz, 20 urtegaz joan nintzan, persona moduan txirrindularitzeagaz bat eginda hazi naz eta horrek markau egiten zaitu. Kirol hau maite dot eta biziteko estilo eta jarrera bati eusteko balio izan deust.
4.- Lesinoakaz be baragarri ibili zara eta oso oker ez bagagoz, 2010ean txirrindularitzea profesionala ixtekotan egon zinan...
Bai, holan da. Erorketa larri baten ondorioz, hiru aldiz sartu nintzan kirofanoan, errekuperazino prozesua oso luzea izan zan eta momentu txarrak pasau nituan. Edozelan be, ez neban gura izan txirrindularitzea holan itxi eta familiak be asko animau ninduan. Gaur egun oso pozik nago aurrera egiteko orain urte bi hartutako erabagi horregaz eta nire ibilbideko azken urteak Lointek taldean egin dodaz barriro mailea berreskuratuta.
5.- Orain, barriz, zure bizitzako beste abentura bati ekingo deutsazu, izan be, laster ezkontzeko zagoz...
Bai, bai. Horretarako ordua be ailegau da eta etapa garrantzitsua hastera goaz, bizitzan beste etapa bat. Hilaren 20an ezkonduko gara eta badaukat gogoa gero trankil-trankil egun batzuk pasetako Maldiva ugarteetan, deskantsetako benetako beharrizana daukat. Intensidade handiko hamabi urte izan dira batez be maila sikologikoan ze maila fisikoan denporeagaz gorputza egin egiten jatzu.
6.- Aurrerantzean txirrindularitzeagaz zeozelan lotuta jarraitzeko asmoa iragarri dozu eta eskaintzak be izan dozuz. Zeure burua entrenatzaile moduan ikusten dozu?
Ez dakit. Gauza asko pilatu jataz, nahikoa saltsea daukat buruan eta oporrak ondo etorriko jataz apur bat lasaitzeko eta erabagi okerrik ez hartzeko. Baina egia da txirrindularitzeagaz lotutako zeozertan jarraitu gura dodala, eskaintza batzuk be izan dodaz eta entrenatzaile ez eze, taldeko zuzendari lanetan be gustora ibiliko nintzateke. Ibili nazen ekipoetan be horixe zeregina izan dot sarritan, teknikoakaz alkarlanean eta zeozelako eskarmentua badaukat. Ganera, nik neuk laguntzino handirik izan ez dodanez, ahal dodan arloetan lagundu gura neuskie mundu honetan sartzen diranei. Baina badinotsut, orain pare bat hilebeteko tartetxu bat hartuko dot, gauzak hausnartu eta behar dan moduan pentsetako. Urtebete sabatikoa hartzeko aukerea be ez dot baztertzen, ikusiko dogu...
7.- Kiroletan emakumeen parte hartzea eta mailea handia da baina premina handiak dagoz, baita txirrindularitzan be. Zure ibilbideari jagokonez, zelako zailtasunak izan dozuz? Azken urteotan gorabeherarik igarri dozu?
Beste herrialde batzuen aldean, nesken txirrindularitzea nahikoa abandonauta dago gurean. Hasiera-hasieran, 10-11 urtegaz hasi nintzan bizikletan gustetan jatalako eta ez bizimodua bizikleteagaz atara gura nebalako; apur bat lodi nengoan eta 12-13 urtegaz argi esan eustien txirrindularitzarako ez nebala balio. Pentsaizu edade horregaz holako gauza bat entzun eta apur bat zentrauta ez bazagoz akabo... Matxismo handia egoan, orain 15-20 bat urte neskak ziklismoan ikustea nahikoa arraroa zan eta kritikak eta irainak be entzuten genduzan; alde horretatik gaur egun gauzea hobetotxuago dagoala esan daiteke; gaur egun neskea ala mutila izan edozeinek egin leike edozein kirol baina laguntzino larregirik ez dago. Ni Italiatik hona bueltan etorri nintzanean pena handia hartu neban ze urte batzuk lehenagoko antzeko egoerea ikusi neban hemen, talde gitxi, lasterketa eta babesle gitxi...
8.- Zer behar da emakumeen txirrindularitzea suspertzeko?
Komunikabideen aldetik publizidade gehiago behar da eta babesleek diru gehiago sartzea kirol honetan taldeek kanpora lehiatzera joateko modua izan deien. Alde guztien konpromisoa behar da eta profesionalismoa sustatzea.
9.- Txirrindularitza zale asko dago gurean baina taldeetan izena emonda, lasterketan parte hartzen eta holan oso gitxi. Errepideetan, kotxe artean entrenetea be ez da bape erakargarria. Afizionatuen mailan zein da egoerea gaur egun?
Nahikoa baltz dago egoerea. Lasterketak asko aldatu dira, gero eta gitxiago dagoz eta taldeak desagertzen doaz. Ganera, 18 bat urtegaz erabagia hartu behar izaten da: bizikleteagaz jarraitu eta horretarako eskaintzaren bat izan behar dozu ala txirrindularitzea itxi eta ikasten edo beste zeozertan jarraitu. Gurasoek be zeresana izaten dabe momentu horretan eta egia da errepideetan izaten diran istripuek ez deuskuela mesederik egiten eta ahal dala, euren seme-alabek beste kirolen bat egitea gurago izaten dabe.
10.- Hemendik aurrera bizikletea baztertuko dozu ala zale moduan, bizikletan ibilten jarraituko dozu?
Bai, duda barik. Sufriduten dana sufriduta, bizikletan urteetan gabilzanoi gustau egiten jaku bizikletan ibiltea eta horrenbeste sakrifizio eta sufrimenduren ostean, bizikletan beste patxada bategaz ibiltea asko gustetan jaku. Kontuan hartu, profesionalismoak, lehia kirolak neke fisikoa bai baina neke sikologikoa be eragiten dau eta hori baztertzen dozunean, ni neu behintzat bizikletan oso gustora nabil. Ganera, osasunerako be oso ona da kirola eta niri jatea asko gustetan jatanez, ondo etorriko jat.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!