'Blancanieves'

Karolina Almagia 2012-10-08 18:43   Zinema kritikak

Aurreretxi barik ikusi behar da Blancanieves. Hau da, izan daiteke zezenketak gorrotatzea, baina pelikulea gustuko izatea. Estetika aldetik bikaina da, irudi bakotxak indar handia dauka.

Donostiako Zinemaldian lortu barri ditu Epaimahaiaren Sari Berezia eta Macarena Garciarentzat aktorerik onenari Zidarrezko Maskorra. Ganera, Oscar sarietan Espainako ordezkaria izango da. Pablo Berggerren Blancanieves-ek ibilbide oparoa izango dauala begitantzen jaku.

Eta merezidu du, dudarik ez. Baina, zoritxarrez, igaz The Artist ikusi ostean, Bergerren pelikulearen originaltasuna txikigiagoa egiten jaku. Oraintsu arte, pelikula bat zuri baltzean eta berba barik egitea nobedade handia zan, ezuste bat, baina film frantsesaren arrakastearen ostean...

Aurreretxi barik ikusi behar da Blancanieves. Hau da, izan daiteke zezenketak gorrotatzea, baina pelikulea gustuko izatea, burua zabaltzea besterik ez da behar. 1920ko hamarkadan kokatuta, toreru eta kantari flamenkoz beteta dago. Mundu ha atsegina eta hurrekoa egiten jaku, personaiak oso ondo idatzita dagoz eta. Estetika aldetik bikaina da, irudi bakotxak indar handia dauka, eta musikeagaz bat egiten dau modu zoragarrian.

Kiko de la Ricaren lana be nabarmentzeko da, itxura espresionista ederra lortzen dau. Aktore guztien lana ezin hobea da. Zuzendari bilbotarraren abilidadea azpimarratu behar da.

Pelikula honi gauza desegoki bakarra ikusten deutsat. Ipuina da, eta beraz gaiztoak oso gaiztoak dira, eta onak oso onak. Batzuetan ikuslearen arreteak behera egin leike, eta istorioa luzeegia egiten jako.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu