Euskeratik euskerarako hiztegia aurkeztu dau Euskaltzaindiak, adibideduna
2012-10-03 15:44 Euskerea berbagaiHiztegi Batuaren korpusean oinarrituta, 20.000 berba batu ditue Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lanean. Ibon Sarasolak gidatutako taldeak euki dau proiektuaren ardurea eta, azkenean, urte luzeetako helburua izan dan hiztegiak argia ikusi dau, euskerearen munduan erreferentzia izateko asmoz.
Hiztegi Batuaren korpusean oinarrituta, 20.000 berba batu ditue Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta adibideak lanean. Ibon Sarasolak gidatutako taldeak euki dau proiektuaren ardurea eta, azkenean, urte luzeetako helburua izan dan hiztegiak argia ikusi dau, euskerearen munduan erreferentzia izateko asmoz. Elhuyar Fundazinoak eta Elkar argitaletxeak lagundu deutsie Euskaltzaindiari lana ataraten. Dana dala, egitasmoaren amaierea baino, lehenengo pausua dala azpimarratu dabe lanaren arduradunek, argitalpen gehiago eta osotuagoak egiteko bidean, abiapuntua.
Euskerazko hiztegigintzeari bultzadea emotea da helburua, erreferentziazko lan bat aurkeztea, mugarria, adierazo dau Andres Urrutia Euskaltzainburuak, Bilbon egindako aurkezpenean, beste pausu bat da hizkuntzearen normalizazino eta normatibizazino prozesuan. Urrutiak azaldu dauenez, beste hizkuntzetan ohikoa izaten da adieren hiztegia eukitea, baina euskeraz orain arte ez da holakorik egon, hizkuntzearen batasuna eta normalizazinorako bidea oraintsukoak diralako. Argitaletxe pribaduek baino ez ditue orain arte euskeratik euskerarako hiztegiak egin. Euskerazko berbak euskeraz eta euskerearen bidez azaltzen dira, Urrutiaren esanetan. Definizinoak ez eze, adibideak be badakarz argitalpen barriak. Tradizinoan eta gaur eguneko erabileran, bietan oinarritu gara adibideak aukeratzeko, azaldu dau Ibon Sarasola proiektuaren zuzendariak. Adibide guztiak benetakoak dira, testuetatik hartuak, zehaztu dau Andoni Sagarna Euskaltzaindiko Iker Saileko buruak.
Uste dot hiztegi ona egin dogula, azken belaunaldikoa, azpimarratu dau Sarasolak. 20.000 berba ez da kopuru handia holako hiztegi batentzat, baina Sarasolak azaldu dauenez, hau oinarria da, gero hazten jarraitzeko. Hiztegi Batuko 20.000 berbetan oinarritu dira, baina, dagoeneko, 36.000 berbara heldu dira lan haretan, eta beraz, gaur aurkeztutako lanaren hurrengo edizinoetan sartu ahal izango ditue horreek danak. Ganera, Euskaltzaindiaren Hiztegia dalakoaren balioa ez da kopuru hutsera mugatzen. Euskaldun guztiei zuzenduta dago eta, beraz, berba bakotxa zer dan ez eze, modu egokian zelan erabili argitzen ahalegindu dira. Sarasolak adibidea ipini dau: Gerra berbea zer dan ipini dogu, baina era berean, euskeraz gerrak biztu egiten dirala, ez lehertu, ulertu eragiten ahalegindu gara adibideen bidez.
Urte askotako lana dago hiztegiaren atzean. Berbak aukeratzeko, Hiztegi Batura jo dau Ibon Sarasolaren taldeak eta, edukia lantzeko, Orotariko Euskal Hiztegia erabili dabe batik bat. Berba bakotxak gaur eguneko euskeran daukazan erabilerak zehatz-mehatz baina labur azaltzea ez da erraza, ezta adibide aproposak topetea be eta, beraz, eztabaida luzeak ez dira faltau partaideen artean. Andoni Sagarnak argitu dauenez, belaunaldi barriko hiztegia egin nahi izan dabe, definizino eta adibideak hizkuntzearen korpus idatzian bilatzen dituana eta ez lehendik egon diran hiztegietan oinarritutakoa.
Teknologia barriek be lagundu dabe hiztegia osotzen. Elhuyar Fundazinoko zuzendari nagusi Itziar Nogerasek azaldu dauenez, teknologiak hiztegigintzearen prozesua erraztu, aberastu eta azkartzen dau. Dana dala, konsumo ohiturak aldatu diran ezkero, hiztegiek be gaur eguneko mundura egokitzen jakin behar dabe. Euskaltzaindiaren Hiztegia. Adierak eta Adibideak, oraingoz, papelean argitaratu dabe, baina Andres Urrutiak adierazo dau, bersino interaktiboago bat preparetako asmoa daukiela, euskarri informatikorako.
Lehen pausua egin dogu, kostata baina badaukagu nahi genduan hiztegia, edozein hizkuntza akademiaren eginbeharra dan lana, aitatu dau Ibon Sarasolak, agian pausu umila da, baina bide luze baten hasierea da. Sarasolak berak aurreratu dau, hiztegi honen hurrengo bersinoa preparetan hasi dirala, beste 16.000 hitz gitxienez sartzeko, eta hiruzpalau urtean kalean egon leitekeala. Izan be, hiztegiak egitea sekula amaitzen ez dan lana dala azpimarratu dabe egileek, hizkuntzeagaz batera barritzen eta osotzen joan behar dana. Andoni Sagarnak esan dauenez, badaukaguz etxearen oinarria eta egiturea eregita, orain barrukoa ipintea falta jaku.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!