Jesus Llona Larrauri: 'Danetarik jan behar da baina kantidade gitxi'

Koldo Isusi Zuazo 2012-10-01 12:40   Barriketan
Elikadura, nutrizino eta osasun gaietan aditua

Egunotan El cancer en el plato (SRB) plazaratu dau Jesus Llona Larraurik (Bilbo, 1931), 37. liburua honezkero, gehienbat elikaduraz eta nutrizinoaz. Jateko eta biziteko moduek minbiziaren eboluzinoan daben eragina, aholkuak, dieta bereziak eta sistema inmunologikoa suspertzeko jarraibideak dakarz oraingoan 270 orrialdetik gorako liburuan. Garbiñe Badiolaren eta Fernando Canales (Etxanobe) eta Daniel García (Zortziko) sukaldarien errezetak be jaso ditue.

Garbiñe Badiola eta Jesus Llona Larrauri senar-emazteak Artxandako Ostalaritza Goi Eskolearen zein Bizkaiko Ostalaritzako Enpresarien Alkartearen eta euskal sukaldaritzea eta, batez be, Bizkaiko sukaldaritzea zabaltzeko helburua dauen Llona — Badiola Hostelería Artxanda Fundazinoaren bultzatzaileak dira. Bakarka zein alkarregaz makinatxu bat libururen egileak dira eta sariak be jaso ditue, besteak beste, Gastronomiako Sari Nazionala (1995-96), Gastronomiako Euskadi Saria (2006), Nutrizioa Elkartea Saria (2007) eta, Gourmand Books Saria Cocina Vasca en Bizkaia liburuagaitik.

Aitatu liburuaz eta elikadura edo jateko ohitura osasungarriez, hona hemen, Llona Larrauri jn.agaz izan dogun barriketaldia:


1.- Liburuaren izenburuak bildurra eragiten dau. Ba al dago jatekoakaz obsesionetako arriskurik?

Egia da minbizia berbeak bildurra eragin dauela beti eta eragiten dauela egun baina familia guztietan bateren batek minbizia dauka eta, beraz, bildur hori zeozelan baztertzen ikasi beharko geunke. Liburuaren harian, zientzialariek dinoe minbizien % 30-35 inguru jateko eta edatekoen erruz izaten dirala. Gogoan hartzeko datua da eta, esangura horretan, gizartea sentiberatzea da anire asmoa.

Bestetik, jatekoakaz obsesionetako arriskuari jagokonez, obsesinoa baino gehiago ardurea azpimarratuko neuke, hau da, 40-50 urtetik gora jentea arduratu egiten da, zer komenidu jakon eta zer ez eta abar, edadeagaz zentzunez jokatzen ikasten dogu eta bizi kalidadearen aldeko apostua egiten dogu. Azken urteotan aurrera pausu handiak emon doguz, baita minbiziaren kontrako burrukan be eta horren erakusgarri esango deutsut 1900. urtean, batez beste 48 urteko bizi-itxaropena egoala eta gaur egun, barriz, 81ekoa.


2.- Minbizia jatekoakaz ez dala osatzen kontuan hartuta, elikagai zehatzak janda posible al da minbiziari aurre egitea?

Bai. Prebentzinoaren alorrean, badagoz jateko batzuk minbiziaren kontra egiteko onak diranak eta beste batzuk, barriz, gomendagarriak ez diranak. Baina horrek ez dau esan gura jateko zehatz batzuk konsumiduta, sekula minbizirik izango ez dogunik, hori ezin da ziurtatu; oraintsu hil da Santiago Carrillo kasik 100 urtegaz eta azkenengo momentura arte erretzailea izan da. Edozelan be, jateko ohiturek eta jatekoak eurak sano garrantsitsuak dira minbizi mota bat ala beste bat garatzeko aukeretan; berbarako, orain dala ehun da piku urte, minbizirik ohikoena urdailekoa zan; jakina, fruta eta barazki gitxi eta gatzetan konserbautako jatekoak, keztatuak, konserbak eta holakok jaten ziran asko eta gaur egun, barriz, urdaileko minbizia 9. postuan dago. Jateko ohiturak, elikagaiak aldatu egin doguz, hozkailuak daukaguz danok etxeetan eta minbizi mota horren eragina murriztu egin da.

Bizi-kalidadearen eta jarrera osasungarriaren alde egitea da giltza eta zorionez bagoaz aurrera.


3.- Aholkua jateko osasungarriaren alde egitea da baina ba al dakigu zer dan hori?

Bai, ondo dakigu jateko osasungarriak zeintzuk diran. Duda barik elikagai osasungarriak aukeratu behar doguz eta nik uste dot oinarrizko jarraibideak danok ezagutzen doguzala; fruta eta barazkiak nahitaez jan behar dira, ahal dala, ekologikoak. Sano garrantzitsua da gure dietan frutea eta barazkiak sartzea. Nik beti esaten dot tomate saltsea jan behar dala bildurrik barik, edozegaz jan daiteke eta tomateak daukan likopeno substantzia oso ona da minbiziaren prebentzinorako.

Intxaurrak be oso onak dira eta umeek intxaur-oskolea kenduta, papeltxu baten batuta, hiruzpalau eskoletara eroan beharko leukiez hamaiketakoa egiteko, omega 3 da intxaurrek daukiena, ona prebentzinorako eta osasuntsu biziteko.

Oliba-orio birjinaren ganean be luze-zabal berba egin da eta zientzialarien esanetan, minbizien % 35 inguru prebenidu daitekez oliba-orio birjina konsumiduta.

Azkenik, orain urte batzuk nondik ez deutsut esango baina elikagai eta jarrera osasungarriez berbaldi bat emoteko deitu eustien eta berbatutako egunean aretora hurreratu nintzanean alkate jn.a eta neu baino ez ginan agertu. Ardao bat edan eta alde egin neban. Esan gura deutsudana da orain urte batzuk ez egoala horrenbeste interesik, gaur egun sano sentsibilizauta gagoz eta danori interesetan jaku osasuna.

Grande Cobianek esaten ebana gogoratuko deutsut, -urak eta platerean geratzen danak ez dau loditzen-; horregaz esan gura dot egunean 2-3 litro edatea eta tripakadarik ez egitea be jarrera osasungarriak dirala.


4.- Okelea-hormonak, arraina-kontaminazinoa eta fruta eta barazkiak-pestizidak buztartzen badoguz, zer jan behar dogu?

Sano gatxa da. Txitean-pitean entzuten dira kasuak eta normala da jenteak bildurra izatea baina jan barik ezin gara bizi... Lehen be esan deutsut ahal dala produktu ekologikoak aukeratu behar dirala. Jakina, normalak baino karuagoak dira eta sasoi bateko produktu horreekazko pasinoa moteldu egin da krisiaren eraginez; dana dala, merezidu dauela uste dot. Zeozelako bermea gura badogu produktu ekologikoak, Eusko Labeldunak, jatorri izendapenekoak, konfidantzazko baserritar edo produktoreen elikagaiak konsumidu behar doguz.


5.- Minbizien % 70 bizi-estiloagaz lotutako faktoreek eragiten ditue, % 30 tabakoagaz lotutakoek, % 30 jateko eta edateko moduakaz lotutakoek, % 10 alkoholagaz lotutakoek eta minbizien % 5 baino ez dira genetikoak. Zein da bizi-estilo osasungarriena?

Osasungarriena jateko garbiak jatea eta ariketa fisikoa egitea da. Obesidadea arrisku-faktorea da eta besterik ezean, egunean ordu erdi oinez ibiltea da onena.


6.- Badakigu jateko gazien eta gatzaren konsumoa murriztu behar dala urdaileko eta esofagoko minbiziak ebitetako eta koipe aseak ahaztutea be onena dala prostata, kolon eta bularreko minbizia izateko aukerak ugaldu egiten diralako baina azken aldion, bizimoduak eraginda, ezaugarri horreetako jatekoak ugaldu egin dira...

Bai, holan da. Datu lez baino ez bada be, Euskadin konsumiduten dogun jatekoaren osogaien artean % 42 koipea da eta gomendioa % 30 inguruko da, atara kontuak. Koipe ase larregi sartzen dogu gorputzean (Gurina, okela infiltratua, esne osoa...) eta ez da bape ona. Koipe aseak arriskutsuak dira, estrogenoak dira eta metatzen joaten dira gure gorputz ataletan.

Trans koipeak (Patata frijituak, opil industrialak, aurrekozinautako jatekoak...) be ez dodaz ahaztu gura, izan be, aseak baino arriskutsuagoak dira eta esan dozun lez, gero eta gehiago konsumiduten doguz.

Bestetik, A bitaminan aberatsak diran espinakak, azenarioak zein mertxikak sano gomendagarriak dira esofago, laringe eta birikietako minbizien aurrean babesteko.


7.- Jatekoa iruntsi beharrean, astiro-astiro mamurtzea eta otorduetan likido larregi ez hartzea be gomendatzen dozue, eta ahal dala, gasdunak baztertzea...

Bai. Zenbat eta gehiago mamurtu jatekoa, behar gitxiago emongo deutsagu estomaguari eta hori interesgarria da.

Bestetik, jatekoagaz likido larregi hartzea be ez da ona jatekoa eta jatekoaren osogaiak diluitu egiten diralako. Gasdun edariak eta freskagarriak be ez dira gomendagarriak, besteak beste, azukera lar daukielako. Jakina, hidratazinoa nahitaezkoa da, gorputzak ura behar dau, egunean 2-3 litro. Baina ez dago zoratu beharrik, izan be, goizean hartzen dogun naranjearen ura, barazkietan edo frutatan dagoan ura be kontuan hartu behar da. Eta horrenbeste kafe eta bestelako edari batzuk barik te berdearen onurak be azalduko deutsudaz, izan be, polifenoletan aberatsa izanik oso ona da osasunerako.


8.- Iñaki Azkuna Bilboko alkateak idatzi dau liburuko berbaurrea eta hor dino dieta osasungarriak besteko garrantzia daukala jarrera tolerante, garden eta edegiak. Bat al zatoz?

Bai, bat nator. Jatekoa eta edatekoa dira biziraupenerako osogaiak eta dieta osasungarria, orekatua garrantzitsua dan arren, Azkunak aitatzen dauen jarrera hori be sano positiboa da. Bien buztarketeagaz hobeto biziko gara seguru.


9.- Irakurleak sistema inmunologikoa suspertzeko jarraibideak be topauko ditu liburuan. Zeintzuk dira jarraibide horreek?

Gorputzaren kontrako erasoen aurrean sistema inmunologiko indartsua nahitaezkoa da eta sistema hori suspertzeko bidea da gitxieneko arau batzuk jarraitzea, hau da, danetarik jan behar da baina kantidade gitxi, arraina, okelea, frutea, barazkiak, arrautzak, oliba-orioa, intxaurrak, berakatza, esnea, deskrematua da nik gomendatzen dodana. Eta dieta osasungarriaren osogarri ariketa fisikoa be ez da ahaztu behar, bakotxak ahal dauen neurrian eta, besterik ez bada, lehen esan deutsudan lez, oinez ibili, egunean ordu erdiko saioa nahikoa izan daiteke.

Mundu guztiarentzat bost otordu egitea da nire gomendioa: armozua, hamaiketakoa, bazkaria, meriendea eta afaria; eta minbizia dabenentzako bigarren afaria azpimarratuko neuke, berbarako, txokolate baltza eta basokada bat esne kaltzioagaz aberastua.


10.- Liburuaren bigarren zatian Garbiñe Badiolaren, Fernando Canalesen (Etxanobe) eta Daniel Garcíaren (Zortziko) errezetak sartu dozuez. Zelako errezetak dira?

Garbiñe gure sueteko erregina da. Dagoeneko zortzi liburu idatzi doguz alkarregaz eta horreetako batek, Bizkaiko Sukaldaritza izenekoak Gourmand Books Saria jaso eban orain urte batzuk, atara kontuak. Oraingo liburuan be erraz egiteko errezetak dira Garbiñerenak zein Canales eta Garcia sukaldarienak be. Oinarrian produktu onak dagoz eta dieta osasungarrian ezinbestekoak diran errezetak dira.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu